Diputazioak Lekeition eraiki gura du Bizkaiko labar artearen interpretazio zentroa

Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak iragarri du harremanetan daudela Lekeitioko Udalarekin. 'Kobazulo Experience' izango du izena, baina proiektua ondu gabe dute oraindik.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gerediagako batzar etxean, Bizkaiko Batzar Nagusien kontrol saioan. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, gaur, Gerediagako batzar etxean, Bizkaiko Batzar Nagusien kontrol saioan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 29a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak aspaldi iragarri zuen herrialdeko kobazuloetan topatutakoa interpretazio zentro batean biltzeko asmoa. Lehen iragarpena Unai Rementeria orduko ahaldun nagusiak egin zuen 2019an, hautagai izan zen azken hauteskunde kanpainan. Sei urte igaro diren arren, oraindik ez dute proiektua ezagutarazi. Baina daborduko badu izena: Kobazulo Experience. Eta baita lekua ere. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak esan du Lekeitioko Udalarekin harremanetan daudela zentroa Maderas Lekeitio fabrika zaharra izandako lekuan eraikitzeko. Udalaren erantzuna jasotakoan onduko lukete proiektua.

Bizkaiko Batzar Nagusiek kontrol saioa izan dute goizean Gerediagako batzar etxean (Abadiño). EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez eman ditu azalpenak Arrizabalagak. «Labar artea ikertzeko eta zabaltzeko erreferentziazko zentroa izango da, ezagutza zientifikoa, kulturala eta soziala bilduko dituena. Dibulgaziorako gunea izango da, ondare horri balioa eman eta harekin lotutako ezagutza herritar guztiei transmititzeko».

Arrizabalagaren esanetan, Bizkaiak duen ondarea kontuan hartuta, beharrezkoa du horrelako zentro bat. 1.600 kobazulo inguru daude herrialdean, eta haietatik hamazazpik aztarna arkeologikoak edo paleontologikoak dituzte. «Santimamiñe, Armintxe, Atxurra eta Askondo Europako arte paleolitikoaren aztarnarik garrantzitsuenetakoak dira», nabarmendu du. Hain zuzen ere, interpretazio gunea eraikitzeko aukeren artean Santimamiñe ere aipatu izan da, diputatuaren arabera, baina baztertu egin dute, leku faltagatik.

Koalizioak Lekeitioko Armintxeko kobazuloan topatutako margoez ere galdetu dio diputatuari. Izan ere, diputazioak iragarri zuen adituek esan zietela uriolek arriskuan ipin zitzaketela margoak. Arrizabalagak esan du azken azterketen arabera arriskua ez dela hain larria, nahiz eta artelanak ez dauden guztiz salbu. Kobazuloaren kartografia osatzen ari dira espeleologoak, eta uriolak saihesteko monitorizazio sistema bat ezarri du diputazioak.

Mugikortasuna

PPk galdetuta, azken urteetan garraio publikoan egiten ari diren deskontuez egin du berba Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak. Esan du datorren asteko Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bileran deskontua otsailaren 20ra arte luzatzea proposatuko duela. Ordurako Bizkaiko Foru Aldundiak egin gura dituen aldaketak indarrean egotea espero du. Esaterako, Bizkaibusen ere beste garraio batzuetan dauden hileko bonuak sortuko dituzte, erabiltzaileen fideltasuna saritzeko, eta horietan mantenduko luke diputazioak %20ko deskontua, Espainiako Gobernuak gaur egun bidaia guztietan egiten duena kentzea erabakiko balu.

Garraio publikoarekin lotuta, EH Bilduk Usansolon metroaren laugarren linearen geltokiari buruz egindako herri galdeketaren inguruan galdetu diote diputazioari. Geltokia herrigunean eraikitzearen aldeko plataformak antolatu zuen. Botoa emateko eskubidea zutenen erdiak joan ziren bozkatzera, eta %97k geltokia herrigunean gura dutela esan zuten. Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak esan du emaitza errespetatzen duela, baina gogoratu du ez dela loteslea, galdeketa ez baitzuten antolatu horretarako eskumena duten erakundeek.

EITBren Iurretako egoitzaren inguruan ere egin dute berba. Diputazioak iragarri du alegazioak jarri dituztela Iurretako HAPOaren aurka, egoitza egondako lekuak beste erabilera batzuk izan ditzan. HAPOaren arabera, berdeguneak eta ekipamendu publikoak baino ezingo dira ipini 50.000 metro koadro dituen eremuan. Foru aldundiak gura du enpresa pribatuek ere euren negozioak ezarri ahal izatea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.