Plentziako Ostradako paduran (Bizkaia) zundaketak egingo ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Harea Itsasertzeko Geologia ikerketa taldeak, azken hirurehun urteetan zenbat karbono metatu den jakiteko. Uribe Kostako zerbitzu mankomunitatearekin batera bultzatutako ikerketa bat da, hiru urte iraungo ditu eta mankomunitateak ordainduko du 15.000 euroko aurrekontua. Asmoa da erakustea ekosistema hauek zelan lagun dezaketen klima aldaketaren ondorioak arintzen eta horietara egokitzen.
Bizkaiko paduren %10 Uribe Butroen daude, Butroeko estuarioan: guztira, 115 hektareako azalera du. Inguru horretan, historikoki, padura eremu handiak okupatu dira biziguneak eraikitzeko edo nekazaritzarako, baina XX. mendearen bigarren erdian padura azalera zabalak lehengoratu dira. Isuskitza, Txipio eta Ostrada bera dira padura garrantzitsuenak. Ikerketarako Ostradakoa aukeratu dute, eta ibaian gorako sektorea hautatu da lanerako, hau da, giza okupaziorik izan ez duen eremua. Izan ere, mankomunitateak azaldu duenez, uste da karbono erreserba handienek zerikusia izan dezaketela paduraren adinarekin eta luzaroan egonkor mantenu izanarekin.
Kostaldeko hezeguneek hainbat onura eragiten dituzte inguruko ekosisteman: besteak beste, ura araztu, kostaldea babestu eta, bereziki, klima erregulatu. Ekosistema horiek gai dira karbono organikoaren kantitate handiak atxikitzeko. Hau da, berotegi efektuko gasen hazkundea moteltzen duten hustubide naturalak dira. Prozesu horri karbono urdina esaten zaio. Karbono organiko hori lur azpiko sedimentuan metatzen da milaka urtetan zehar.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak aintzat hartu du zeinen garrantzitsuak diren karbono urdineko ekosistemak klima aldaketari aurre egiteko. Erakundeak 2014an egindako aholkuei jarraituz egingo da Plentziako ikerketa. EHUko ikerlariek metro bateko zundaketak egingo dituzte eskuz, Ostradako hiru puntutan. Han hartutako materiala Euskal Herriko eta nazioarteko laborategietan aztertuko da, materia organikoaren guztizko edukia eta karbono organikoarena neurtzeko.
Emaitzek berebiziko garrantzia izango dute, Plentziako eta Uribe Butroeko kostaldea hobeto kudeatzeko. Informazio hori funtsezkoa izango da, batetik, proiekzio errealistak egiteko, eta, bestetik, administrazio publikoek estrategia eraginkorrak sortu ditzaten itsasertza kudeatzeko eta egokitzeko. Berotegi efektuko gasen hazkundeak ingurumenean eta ekonomian dituen inpaktuak kostaldean arintzen laguntzeko ere balioko du. Informazioa kostaldeen kudeatzaileen eskura jarriko dute. Informazio horretaz baliatu ahal izango dira, besteak beste, tokiko eta eskualdeko agintariak eta gobernuz kanpoko erakundeak.