Nico Cuenca

'Elagunak'

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Esanahi oso ezberdina duten bi berbaren lotura da elaguna: laguna eta ELA gaixotasunaren erdarazko akronimoa —AEA alboko esklerosi amiotrofikoa—. Hizkera zientifikoan, sendabiderik gabeko gaixotasun neurodegeneratibo bat da AEA. Lengoaia gizatiarragoan, aldiz, zurea eta gertu duzun lagunen bizitza errotik aldatuko duen zaplaztekoa. Duela urtebete inguru koinatuari diagnostikatu zioten. Lehen sintomak agertu zirenetik diagnostikoa eman arte, denbora luzea pasatu zen, medikuek beste gaixotasun batzuen aukera baztertu behar dutelako. Hori da gaixotasun honen lehen tortura: zer duzun ez jakitea. AEA ez da ohiko gaixotasun bat, eta kasu bakoitza desberdina da; batez ere, bilakaeraren abiadurari dagokionez. Batzuek urte andana bizi dira gaixotasunarekin eta beste batzuk urte gutxiren buruan hil dira. Gure kasuan, azkar doa, momentuz. Kostatu egiten zait pentsatzea duela urte eta erdi elkarrekin eskiatzen ari ginela eta orain gurpil aulkian dabilela eta zeregin askotan laguntza behar duela. Ez du zertan horrela izan eta abiadura lausotu daiteke, asko du-eta bizitzeko.

Diagnostikoaren berri izatean, ez nion koinatuari deitu nahi izan. Familiako beste kideekin negar egin eta gero, ez nuen haren minean sakondu nahi, eta idatzi egin nion, aurrerago egongo ginela esateko. Elkarrekin egon eta besarkatzearen beharra nabarmenduz erantzun zidan, eta, batez ere, nire arreba —bere emaztea— babesteko eskatu zidan, zetorrena gogorra izango zelako. Seme-alabak kanpoan ikasten ari ziren eta bueltatu arte albistea ez zabaltzeko ere eskatu zidan. Bion lagunek, haren egoeraz jabetuta, zelan zegoen galdetzen zidaten. Gogorra zen horrelakoetan erantzutea, malkoei ezin eutsita.

Laguna izan da zutabe hau haritu duen hitza. Askotan erabiltzen dugun hitz bat da, baina, agian, gutxi baloratzen duguna

Laguna da elaguna-ren bigarren hitza. Gaztelaniaz ez bezala, esanahi ugari ditu euskaraz: zerbaitetan edo norabait lagundu, esaterako. Laguna pertsona soila edo adiskidea ere izan daiteke. Esanahi horiek guztiak biltzen ditu elaguna hitzak; gaixotasunean bidelagun izango direnak, aurrera egiten lagunduko dutenak eta bizitza beste begirada batekin ikusten lagunduko dutenak.

Begirada berriarekin heltzen dio bizitzari koinatuak. Nabarmentzekoa da haren grina. Bizitzak oharkabean oparitzen dizkigun uneak behar bezala baloratzen ikasi duela dio: lagunen deiak, bisitak, kafeak... Eta horregatik ez du amore eman nahi.

Musika da bizitzari heltzeko dituen euskarrietako bat. Bilbotxeros musika bandan hasi zen duela hiru urte inguru, eta bertan topatu du aurrera egiteko bizipoza. Indar hori guztia baliatu nahi du AEA gaixotasuna duten pertsonei laguntzeko, eta, horretarako, Bilbotxerosen kontzertu solidarioa antolatu du. Euskalduna jauregian egingo dute, ekainaren 7an; oholtza gainean hainbat artista ezagun izango dira haiekin. Gutxi falta da egun handirako eta itxura oso ona du. Sarrera guztiak agortuta daude. Halere, badago diruz laguntzeko aukera, 0 errenkadaren bidez.

Laguna izan da zutabe hau haritu duen hitza. Askotan erabiltzen dugun hitz bat da, baina, agian, gutxi baloratzen duguna. Lagundu diezaiogun elkarri bizitzari beste modu batean so egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.