Elizpeko harrietatik, nahi beste bide

Jasone Miranda-Bilbao artistak atonduta, 'Urrea. Zilarra' erakusketa egongo da ikusgai bihar eta etzi Arrietako elizpean. Euskal Herriko, Indiako eta Erresuma Batuko 32 sortzaileri lan bana eskatu die.

Jasone Miranda-Bilbao, 'Urrea. Zilarra' erakusketa atontzen, martitzenean, Arrietako San Martin elizan. BIZKAIKO HITZA
Jasone Miranda-Bilbao, 'Urrea. Zilarra' erakusketa atontzen, martitzenean, Arrietako San Martin elizan. BIZKAIKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
Arrieta
2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Elizako azken ilarako banku gainean ditu paper handi bitan zurezko bi panel erraldoiak irudikatuak. Han ditu sortzaileen eta haien lanen izenak idatzita, paneletan non kokatu gura dituen jakiteko. Hala ere, ez dio kasu handirik egiten. Jasone Miranda-Bilbao artista eta arte komisarioa batetik bestera dabil, hemen makurtu, han makurtu, piezak gutxi gorabehera nahi dituen lekuan jartzen. Aste osoan ibili da lanak osatzen eta bere buruan haien arteko elkarrizketak irudikatzen. «Hemen joango da plastikozko pieza bat eskegita moduan, eta ondoan izango du kristalezko kutxa moduko bat. Interesgarria iruditzen zait bien artean sortzen den harremana». Gaur muntaketa eguna izango dute, eta bihar, inaugurazioa. Berez, erakusketa ez da eliza barruan egongo, kanpoan baizik: Arrietako San Martin elizpean. Bihar eta etzi, 12:00etatik 18:00etara ikusi ahal izango da.

Indiako, Erresuma Batuko eta Euskal Herriko 32 sortzaileren beste horrenbeste lan dira. Miranda-Bilbaok berak aukeratu ditu, «intuizioz»: «Batzuk ezagutzen nituen; beste batzuk, ez. Ikusten dut erakusketa bat, artistak erakartzen nau, joaten naiz etxera eta Googlen bilatzen dut. Modu horretan, urteetan eraikiz joan naizen memoria bat daukat, eta, gero, gai batean pentsatzen hasten naizenean, izenak etortzen zaizkit». Batzuk ohartzen da ez direla erakusketarako aproposenak; beste batzuek, berriz, sortzaileek eurek ez dute onartzen erronka. Parte hartzeko prest daudenekin taldetxoa osatzen du, eta joaten da zabalduz. Hori du lan egiteko modua: behetik gora eta goitik behera.

Komisario lanetik gehien gustatzen zaiona da egunotan egin duena: lanen arteko harremanak sortu. Irizpide nagusia estetikoa izaten da: «Ez dut logikarik jarraitzen. Lanak malgukiak balira bezala ulertzen ditut: bera dagoen lekutik beste lan batera bidaltzen zaitu, eta han dagoen lanak, beste batera. Zerbait hedakorra izan dadila». Gainera, Miranda-Bilbaoren esanetan, lan bakoitzak norabide batean bidaliko du ikusle bakoitza. Askatasuna bilatzen du ikusleentzat eta sortzaileentzat. Izan ere, erakusketak badu lelo bat: Urrea. Zilarra. Baina hori gutxienekoa da. Proposatutako gaia material horiek badira ere, ikusgai egongo diren lan batzuek harreman txikia dute haiekin. «Aukeran eman nizkien urrea eta zilarra. Gero haiek hautatu behar izan zuten. Baina askatasun osoa izan dute, ikus daitekeenez. Ez zait gustatzen jarraitu behar duten bidea markatzea».

Jasone Miranda-Bilbao eta Mikel Arce, martitzenean, Arrietako San Martin elizan, 'Urrea. Zilarra' erakusketarako Arceren artelana atontzen. BIZKAIKO HITZA
Jasone Miranda-Bilbao eta Mikel Arce, martitzenean, Arrietako San Martin elizan, 'Urrea. Zilarra' erakusketarako Arceren artelana atontzen. BIZKAIKO HITZA

Elizako atea jo dute. Mikel Arce da, EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea. Erakusketan jarriko duen artelana ekartzera etorri da. Komisarioari aipatu dio elizpean habe batetik eskegita ondo geratuko dela. «Esan nizun plataformen gainean jartzea dela asmoa», egin dio oharra Miranda-Bilbaok. Erakutsi dio non ipintzeko asmoa izan duen. Konbentzitu du Arce. Baina altxagarri bat ipini beharko diote, beheko aldetik dituen gailu teknologikoek zorua uki ez dezaten. Artea soinuaren ikuspegitik lantzen du Arcek, eta kasu honetan ere entzumena ezinbestekoa izango du ikusleak. Pieza karratu bat da, metalezkoa. Urre kolorea eman dio Arcek, eta zirriborro batzuk ditu irudikatuak. Haien artean, Guggenheim irakur daiteke, oso argi ez bada ere; mugitzean, Urdaibai berba ere agertu da idatzita. «Entxufatu egin behar da, iPod honetan sartu ditudan soinuak entzuteko», azaldu dio komisarioari. Argindar sarera konektatu dutenean, paduretako soinuak izan daitezkeenak entzun dira.

Leku iradokitzailea

Beste lan batzuek ere badute soinua. Esaterako, Mike Marshall sortzaile britainiarraren irrati zaharra egongo da ikusgai. Edo entzungai, zehatzago esanda. «Eliza den espazio hau inguratzen duten uhinek erakarri dute, halako uhin espiritual bat duen lekua dela uste duelako. Guk entzun ezin dezakegun soinu bat harrapatu nahi izan du», dio Miranda-Bilbaok. Piztuta egongo da, eta txarto sintonizatutako irrati baten soinua entzutea da asmoa.

Komisarioak herriaren eta elizaren argazkiak bidali dizkie artistei, lekua ezagutu dezaten, inspiratu ditzan. Arcek eta biek uste dute leku ederra bezain iradokitzailea dela Arrietako parrokia. Miranda-Bilbao sortzez bilbotarra da. 1985ean Londresera joan zen Arte Ederrak ikastera, eta ordutik Ingalaterra eta India artean bizi izan da. Azken aldian, denbora gehiago igarotzen du Arrietan, amarenean. Elizpeko harriak ezagutu zituenean, liluratuta geratu zen. Harriak, mineralak asko gustatzen zaizkio. Mineraletatik eratorrita, elizetako urrea eta zilarra. Hortik erakusketa.

Ikusleentzat ere iradokitzailea izatea gura du. «Ezer baino lehen, gura dut bisitariek esperientzia eder bat izatea, hau ikusi ez balute, biziko ez luketena. Bide batez, gura dut ohartzea arteak ere bere lekua duela edo izan behar duela gizartean, iruditzen zaidalako zientzia eta teknologia gehiegi lehenesten ari garela, kultura baztertuz». Uste du arteak eta zientziak logika ezberdinak dituztela, eta denak direla beharrezkoak bizitzari begiratzeko.

Bihar, autobus bat egongo da Bilbotik Arrietara joateko. Interesa dutenek @jasonemiranda_ edo @ideastravelfasterthanlight Instagram kontuetan eman dezakete izena. Azaroan, Londresko Art House Foundation galerian egongo da ikusgai Urrea. Zilarra erakusketa, eta datorren urtean, Delhin (India). Arrietako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du.

ERAKUSKETAN PARTE HARTU DUTEN ARTISTAK

  • Aileen Kelly. 

  • Akane Saraiva Rando. 

  • Alex Hegazy.

  • Ali Glover.

  • Ana Genoves.

  • Aristide Stornelli.

  • Beñat Krolem.

  • Divyesh Undaviya.

  • Elena Mendizabal.

  • Harley Kuyck-Cohen.

  • Ines Garcia.

  • Irati Inoriza. 

  • Katrin Hanusch.

  • Madhu Venugopalan.

  • Maria Muriedas.

  • Meher Afroz Vahid.

  • Mike Marshall.

  • Mikel Arce.

  • Mikele Sotil Etxabe.

  • Nadia Barkate.

  • Niroj Satpathy.

  • Niyeti Chadha Kannal.

  • Ole Hagen.

  • Radhika Agarwala.

  • Ra Asensi.

  • Rosie Reed.

  • Shivangi Ladha.

  • Swati Kumari.

  • Tom Woolner.

  • Urna Sinha.

  • Veda Thozhur Kolleri.

  • Yuuki Horiuchi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.