Elorrio tentsio handiko eremu izendatzeko eskatuko du udalak

Alokairuaren prezioa %21 garestitu da herrian 2018tik 2023ra.

Elorrioko alde zaharra, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Elorrioko alde zaharra, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 2a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzetako bat da bost urtean alokairuaren prezioa %19,6 garestitu izana. Elorriok (Bizkaia) betetzen du baldintza hori, 2018tik 2023ra %21 garestitu baita han. Beraz, udalak erabaki du tramiteak hastea Eusko Jaurlaritzari izendapena eskatzeko. 

Jaurlaritzak egoera aztertu zuen, eta ondorioztatu zuen Bizkaian tentsio handia dagoela hamasei herritako etxebizitza merkatuan. Horietako bat da Elorrio. Herrian, alokairuaren prezioarekin dute arazorik handiena. 2018an, batez beste, elorriarrek 508,7 euro ordaintzen zuten hilean; 2023an, berriz, 615,7 euro. Gainera, herritarrek diru sarreren %22,5 bideratzen dituzte alokairua ordaintzera. 

Izendapena ez dute berehala lortuko. Hurrengo, etxebizitzaren merkatua herria zelan dagoen aztertuko du Elorrioko Udalak, eta izendapena eskatzeko justifikazio memoria bat idatzi beharko du. Ondoren, hiru urterako ekintza plan bat diseinatu beharko du. Plan horretan, etxebizitza lortzea errazteko eta merkatuak duen presioa arintzeko neurriak bilduko ditu. Geroago, udalak kontsulta publiko bat irekiko du herritarrek ekarpenak egin ahal izateko. Azkenik, izendapena onartzeko eskaera formala egingo dio Jaurlaritzari. Onartzen badu, gutxienez hiru urtez egongo da indarrean.

Ordutik aurrera, udalak eskumen gehiago izango ditu alokairua arautzeko: esaterako, prezioen igoera mugatu ahal izango du, eta etxejabeentzako pizgarriak eskaini alokairu eskuragarria eskaintzearen truke. Etxebizitzak birgaitzeko eta efizientzia energetikorako diru laguntzak eskatzeko orduan ere lehentasuna luke Elorriok. Funts publikoak erabiltzeko aukera handiagoa luke udalak, babes publikoko eskaintza handitzeko eta etxebizitzak eraikitzeko. Era berean, eskumen gehiago izango lituzke bidegabeko etxegabetzeen aurkako neurriak hartzeko, alokairu kontratu egonkorragoak indartzeko eta hutsik dauden etxeen jabeei tasak ezartzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.