Idazlea

Ane Elgezabal: «Emakume asko isilik egon dira, eta oraindik ere isilik daude»

Pandemian amarekin izandako solasaldietan oinarritu du Ane Elgezabalek bere lehen liburua: ‘Haizearen erpeak’. Uste du edozein emakume identifika daitekeela istorioekin.

Ane Elgezabal 'Haizearen erpeak' liburuaren idazlea, astelehenean, Gernika-Lumon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ane Elgezabal 'Haizearen erpeak' liburuaren idazlea, astelehenean, Gernika-Lumon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Leire Rodero
2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Inor kalera atera ezin zen 2020ko martxoko goiz horietako batean, etxeak isiltasunez bete eta familiak elkar deskubritzen hasi ziren. Ane Elgezabal (Gernika-Lumo, 1996) etxean zegoen amarekin, eta, berriketan eta berriketan, koaderno batean idazten hasi zen. Amak istorioak kontatzen zizkion, bere bizitzako pasadizoak, eta alabak apuntatu egiten zituen. Horrela, ia nahigabe, koadernoa betetzen joan zen. Bost urte igaro dira ordutik, eta orrialde haiek liburu bihurtu dira: Haizearen erpeak (Elkar, 2025). Elgezabalen lehen liburua da, eta amak bizi izan zituen une «gogor eta baliotsu» asko jaso ditu.

Bost urte pasatu dira idazten hasi zinenetik Haizearen erpeak liburua atera duzun arte. Nolakoa izan da prozesu luze hori?

Prozesu luzea izan da, bai. Duela bost urte ez nuke sekula esango liburu bihurtuko zenik. Hasieran, amak kontatzen zizkidan istorioak koaderno batean apuntatzen nituen, besterik gabe. Gero, konturatu nintzen istorio haiek galtzeko arriskua zegoela, eta ordenagailura pasatzen hasi nintzen, denak jasotzeko. Amaren bizipenak oso latzak dira, baina nik zerbait polita idatzi nahi nuen. Lagun bati bidali nion zuzentzeko, baina biok lanean eta ikasketekin genbiltzanez, poliki-poliki joan ginen aurrera. Hasieran, ez zen proiektu serioa eta ez neukan argitaratzeko esperantza handirik. Hala ere, lehiaketa batera aurkeztu nuen: liburua argitaratzea zen saria, baina ez nuen irabazi. Orduan, argitaletxeekin harremanetan jarri nintzen, eta Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek erantzun zidan. Liburua bidali nion, gustatu zitzaion, eta baldintza bakarra izan zen 2025ean argitaratu behar zela. Prozesu luzea izan da, baina polita eta emankorra.

Koaderno batean idazten zenituen istorioak. Noiz konturatu zinen liburu bat bihur zitezkeela?

Amak kontatzen zizkidan bizipenak borobildu ahala, konturatu nintzen guztiek antzeko luzera eta edukiera zutela. Guztiak amari buruzkoak dira, eta zatika banatzeko modukoak. Orduan, aurkibide moduko bat sortu nuen eta istorioei forma ematen hasi nintzen. Orduan ohartu nintzen liburu forma hartua zuela. Nahiz eta ez izan orrialde askoko lana, bazuen liburu izateko ahalmena.

«Gure historiak ez dira hain urrunekoak, eta oraindik garaiz gaude memoria gordetzeko»

Zer-nolako egitura du liburuak?

Liburuaren haria ama da: haren bizipenetan oinarritzen dira istorio guztiak. Narrazio txikiak dira, eta ez dute lotura zuzenik elkarren artean. Batzuk bizipenak dira eta beste batzuk irudimenarekin osatuta daude. Sentipenen eta garaien arabera antolatuta daude.

Zer teknika eta baliabide erabili dituzu?

Istorio gogorrak direnez, ez nuen modu zuzen eta hotzean idatzi nahi. Horregatik, baliabide literarioak erabili ditut: koloreak, natura eta sinbolismo poetikoa. Nire ustez, istorioak hobeto sartzen dira horrela, eta irakurleak gehiago ulertzen du mezua. Ama lurra bera da istorio batzuen protagonista. Metaforak eta irudiak lagungarri izan zaizkit amaren bizipen latz haiek modu iradokitzaileagoan kontatzeko; eta, batez ere, nire belaunaldiak ulertzeko moduan.

Zure amak bizitakoa aspaldikoa dirudi, baina ez da hain zaharra. Zer esan nahi zenioke zure belaunaldikoei gurasoen memoriari buruz?

Ni gaztea naiz, 30 urte baino gutxiago ditut, eta, liburuan jasotako istorio askok aspaldikoak diruditen arren, ez dira hain zaharrak. Gustatuko litzaidake jendeak bere gurasoei eta aitona-amonei galdetzea. Gure historiak ez dira hain urrunekoak, eta oraindik garaiz gaude memoria gordetzeko. Ez dezatela pentsa duela 50 urteko gauzak zaharkituta daudenik; oraindik ere badute zer kontatu, bai maila sozialean, bai politiko eta emozionalean.

Idazten ari zinela, bazenekien emakume askoren ordezkari bilakatuko zinela?

Gai hori aipatzean, ileak puntan jartzen zaizkit. Emakume asko isilik egon dira, eta oraindik ere isilik daude. Garrantzia kendu zaie, eta haien bizitzak baliorik ez balu bezala tratatu dituzte. Nire amaren bidez, uste dut beste emakume askoren istorioak ere ekarri ditudala mahai gainera, eta horrek poza ematen dit. Ama ere pozik dago, eta nik neure ekarpena egin dudala sentitzen dut.

«Orain esan dezaket nire ama hobeto ezagutzen dudala»

Zergatik ez duzu izenik, lekurik edo datu konkreturik aipatzen?

Hasieratik argi neukan istorioetan edozein emakumeren bizitzak isla zitezkeela. Nire amaren anonimotasuna gorde dut, baina ez bereziki hori nahi nuelako. Euskal Herriko edozein txokotan bizi den emakume batek bere burua istorio hauekin identifika dezala nahi dut. Horregatik, ez dut lekurik, datarik edo izenik aipatu.

Zein izan da zure amak kontatu dizun pasarterik hunkigarriena?

Denak hunkigarriak izan dira niretzat, baina bi pasartek bereziki markatu naute. Batetik, urik gabe bizi izana: oso gogorra eta harrigarria iruditu zitzaidan. Eta bestetik, dendaren pasartea. Horri dagokionez, nik 18 urte nituen garai hartan, eta kontzienteki bizi izan nuen guztia: manifestazioetan egon nintzen, langileei laguntzen, eta jakin nuen berrogei urtez lanean egon ondoren dendak eman zien tratua zer mingarria izan zen. Pasarte horrek barrutik sua piztu dit.

Zergatik erabaki zenuen Haizearen erpeak izenburua jartzea?

Haizea beti egon da oso presente nire bizitzan. Txikia nintzela hilzorian egon nintzen, asmagatik eta bestelako gaixotasunengatik, eta haizeak bizia ematen didala sentitu dut beti. Haizea bizitza da niretzat. Liburuan badaude haizearen inguruko pasarteak ere. Eta erpeak hitzak min doilor horiek adierazten ditu: bai haizeak bai bizitzak beren erpeak dituzte. Hitz jokoa da izenburua, baina oso esanahi sakona du niretzat.

Zer harreman izan duzue amak eta biok prozesu horretan?

Orain esan dezaket nire ama hobeto ezagutzen dudala. Hark beti esan izan du ez zuela ezer kontatzeko, bere amak ere ez ziolako kontatu. Badirudi transmisioaren eten bat dagoela belaunaldiz belaunaldi. Baina prozesu honen bidez hobeto ulertzen ditut haren pentsamenduak, ekintzak eta maitasuna. Badakit zer bizi izan duen eta zer egiten duen, eta gehiago maite dut horregatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.