Eolikoen hamaika bizipen

Energia berriztagarrien makroproiektuak gaitzesteko, 11 euskal artistaren piezak eta kaltetuen testigantzak jaso dituzte ‘Hamaika’ proiektuan. Balmasedan ikus daitezke.

'Hamaika' erakusketa, Balmasedako Klaret antzokian, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Hamaika' erakusketa, Balmasedako Klaret antzokian, asteartean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Hitzetatik haragokoa da afera, ikusi ere egin daiteke, bai paisaiaren aldaketetan, bai mihiseetan irudikatuta, bai iruditeria jakinetan. Kasurako, orain dela egun gutxiko adibide bat. «[Barakaldoko BECeko] Eolikoen kongresuarekin batera, Bilbo osoa bete dute haize erroten irudi zoragarriekin», Javi Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformako kideak kontatu duenez. Joera baten isla deritzo: «Asumitua dugu industria makroeolikoa ona dela». Uste horiei aurre egiteko, irudiak erabili dituzte, orobat: Irantzu Piquero irudigile eta editoreak Hamaika erakusketa ibiltaria ondu du, Euskal Herriko 11 irudigileren lanekin eta energia berriztagarrien proiektuek kalte egin dieten bizilagunen testigantzekin, eta Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformak Balmasedako Klaret antzokian ipini du ikusgai, domekara arte.

Nafarroako Bortziriak eta Malerreka eskualdeetan sortu zen egitasmoa. Gune horretan bizi da Piquero, eta, hortaz, ezaguna zaio makroproiektuek hala ingurumenean, nola bertoko bizilagunen aldartean duten eragina. Zehazki, eskualde horietan makrozentral elektriko bat egiteko asmoa dute, Enkarterrin bezalaxe, gogoratu duenez. Energia berriztagarriekin lotutako beste esku hartze batzuk aurreikusi dituzte, halaber, Azpeitian, Zubietan (Gipuzkoa) eta Agurainen (Araba), besteak beste. Hiru herri horietatik ere igaroko da Hamaika, hain justu, eta beste helmuga batzuk ere lotzen ari dira, esan duenez.

Hamaika-k artibismoa du oinarrian: hau da, artearen bidez egiten da aktibismoa. «Proiektuaren asmoa da makroproiektu horien larritasuna helaraztea. Izan ere, eraso bat da: landa eremuaren aurkakoa, naturaren, mendien eta gure bizimoduaren kontrakoa...». Bitartekaritza kultural baten bidez, beste iruditeria bat eratzeko balio dezaketen piezak sortu dituzte, hedatuta dagoen iruditeriaren bestelakoa dena. «Energia berriztagarrien diskurtso onbera bat dago», azpimarratu du. «Baina, orain arte, berriztagarrien garapena gorabehera, erregai fosilen erabilera ez da murriztu; areago, hazi egin da. Eta, adibidez, eguraldia ematen dutenean haizea egiten badu, esaten dute hori ona dela, karbono aztarna ezabatzen ari delako». Uste du testuinguru kultural hori gezurtatu egin litekeela artearen, antzerkiaren, musikaren eta abarren bidez, eta horretan ahalegindu dira.

«Energia berriztagarrien diskurtso onbera bat dago. Baina, orain arte, berriztagarrien garapena gorabehera, erregai fosilen erabilera ez da murriztu».

JAVI Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformako kidea

Askotarikoak izan dira begiradak. Piquerok, esaterako, 11 txoriren beste horrenbeste ilustrazio ondu ditu, gouache teknikarekin, hari bati jarraituta. Badago Miguel de Cervantes idazlearen irudi bat ere, eta, haren bekokian, haize errota bat ipini dute. Eta kontrasteaz ere baliatu dira artistetako batzuk: kasurako, industria eolikoaren marrazkiren bat ageri da, eta, harekin batera, industriarik gabeko eremu natural batena, tonu grisak eta koloretsuak kontrakarrean. Ilustrazioak bildu dituzte, eta badaude pieza eskultoriko batzuk ere. Besteak beste, Elisabeth Perez, Ainara Azpiazu Axpi, Aitor Espie, Iban Illarramendi eta Raisa Alaba artistek ekarpenak egin dituzte.

Oroitzapenen bilduma

Hamaika berbaren esanahien aniztasunarekin jolasten da erakusketa. Batetik, 11 dira proiektuan parte hartu duten artistak; bestetik, hamaika dira makroproiektu berriztagarrien aurka egoteko arrazoiak, eta hamaika, orobat, proiektuok kalte egindako bizilagunak. «Gaitzespen mezuari dimentsio artistiko bat eman nahi izan diogu, eta jende askoren ahotsa jaso, batzuetan ematen baitu isilik gaudela». Hala, kaltetuen testigantzak ere jaso ditu Hamaika-k. «Agertzen da eskualde horietakook nola bizi dugun industria hori gure eremuan txertatuko den albistea, eta nola pertzibitzen ditugun haren ondorioak», Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformako kideak xehatu duenez.

Erakusketako eskulturetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Erakusketako eskulturetako bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Eta lekukotzetan ere, ugaritasuna da nagusi. «Intimoak dira, biografikoak, pertsonalak. Bakoitzak bere ikuspuntutik kontatu du. Baina jatorrizko galdera bera da: nola bizi duzu zuk proiektuaren albistea?». Hitzen eta argazkien bidez, kaltetuek etorkizuna proiektatzen dute, edo memoria berrosatu. «Jendeak arbasoen lekuak eta jarduerak oroitzen ditu, eta nola joan diren galtzen. Makroproiektuen ondorioz, leku horiek abandonatu egingo dira». Leku zehatzez ere hitz egiten dute. «Aurreikusita badago tontor jakin batean haize errotak ipintzea, desagertu egingo da, eta tontor horrek badu historia bat eta leku bat haien memorian; edo, bat-batean, belardiak galduko dituzte...».

Ikaraz mintzo dira beste hainbat, etxea galduko baitute. «Zeren eta, seguruenik, industria ipintzen denean, oso gertu bizi badira, zarata dela-eta ospa egin beharko dute». Eta metaforara jo du baten batek. «Hegaztiez hitz egiten du, kezka du haiei nola eragingo dien, eta haiekin identifikatua sentitzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.