Eskualdeko basoekin zer egin hausnartuko dute Uribe Kostan

Natura Jardunaldiak antolatu ditu mankomunitateak. Keko Alonsok berbaldi bi egingo ditu, eta txango bat gidatuko du.

Landa ingurua Gorlizen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Landa ingurua Gorlizen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 3a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uribe Kostako mendien egoera zein den aztertu eta alternatibak proposatzeko, I. Natura Jardunaldiak antolatu ditu eskualdeko mankomunitateak. Horretarako, Keko Alonsok berbaldi bi egingo ditu, eta txango bat gidatuko du, beste kudeaketa eredu batzuk ezagutzeko. Azken hamarkadetan Bizkaiko basoetan nagusi izan den laborantza eredua krisian dagoela uste du Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak, eta beste modu batzuk proposatu gura ditu.

Lehen berbaldia bariku honetan egingo dute, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 18:30ean: Kaliforniako pinudien ilunabarretik gaur egungo egoeraren azterketa. Monolaborantzak basoen ekosistemari egiten dion kalteaz eta kudeaketa eredu horrek banda marroiaren eta banda gorriaren krisian izan duen eraginaz egingo dute berba. Saio berean, eskualdeko basoei buruzko datuak azalduko dituzte.

Beste eredu batzuen berri emango dute bigarren saioan, Krisiari aurre egiteko proposamenak, baso autoktonoen aldeko apustua indartuz lelopean. Martxoaren 13an egingo dute, Urdulizko kultur etxean, 18:30ean. Iragarri dute «Bizkaira egokitutako ereduak» izango direla, lur publiko eta pribatuetan aplikatzeko modukoak.

landare inbaditzaileak kendu dituzte sopelan

Uribe Kostako Mankomunitateak lagunduta, Sopelako Udalak landare inbaditzaileak kendu ditu Atxabiribil inguruan. Irailetik ibili dira lanean, Ingestabaso eta Kalixeta arteko eremuan. Guztira, 10.000 metro koadro garbitu dituzte. Batez ere, panpa lezkak, kanaberak eta pitosporoak kendu dituzte. Guztiak ere azkar zabaltzen dira, lekua kentzen diete tokiko espezieei, eta ekosistemak suntsitzen dituzte.

Eredu horiek bertatik bertara ezagutzea izango da martxoaren 14an egingo duten txangoaren helburua. Mallabira joango dira, baso pribatu bat zelan kudeatzen duten ikustera. Handik Eara joango dira, baso publiko bat ikustera. Txangoan parte hartzeko izena eman behar da, ekogune@uribekosta.eus helbide elektronikora idatzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.