Espeleologoa

Javier Moreno: «Esplorazio espeleologikoaren oinarrietako bat hau da: topatu duguna zegoen bezala uztea»

Leizeetako haize korronteei eta urari erreparatzen die Javier Morenok bideak eta galeriak topatzeko; sarritan egiten dituzte aurkikuntzak. Nabarmendu du espeleologia ez dela jarduera arriskutsua ingurua ondo ezagutuz gero.

Javier Moreno Bilboko Begoña auzoan, asteartean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javier Moreno, Bilboko Begoña auzoan, asteartean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko maiatzaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Leize bat ikusi zuen aurreneko aldian lurrazpiari lotuta geratu zen Javier Moreno (Bilbo, 1973). Gernika-Lumoko Ades espeleologia taldean ari da orain. Artean nerabea zela murgildu zen espeleologian, eta hainbat hamarkadatako ibilbidea egina du dagoeneko kobazuloen esploratzaile gisara. Ekarpena aitortu diote berriki: Euskal Herriko kobak batzen dituen Lurpea elkartearen saria jaso du.

16 urterekin hasi zinen espeleologian. Nola?

Bilboko Gurutze Gorrian sartu nintzen, lehen laguntza ikasi nahi nuelako. Mendi erreskateetan parte hartzen zuen talde batean izena eman nuen: osasun euskarria ematen genuen mendi taldeek prestatzen zituzten irteeretan. Horrekin batera, praktikak egiten genituen, eta behin espeleologia egitera joan ginen Dimara, Baltzola alboan dagoen osin batera. Hor konturatu nintzen oso gustuko nuela.

Non hasi zinen?

Galdamesko Burnia espeleologia taldearekin hasi nintzen, Atxuriaga sarean. Garai hartan, hogei kilometro zituen, eta orain ia hirurogei ditu, gutxika kobazuloak elkar lotu ditugulako. Beste guztiak bezala hasi nintzen, teknikarekin: sokak, mosketoiak, ainguraketak... Hori gaindituta, topografiarekin hasi nintzen.

Espeleologian ere erreskateez arduratzen zinen?

Esplorazioa egiten hasi nintzen, eta horretan ibili naiz beti. Baina Euskal Espeleologoen Elkargoan erreskate talde bat daukagu, eta, naturalki, denok parte hartzen dugu erreskateetan.

Galdamesko koba aipatu duzu: berrogei bat kilometro bide berri topatu dituzue azken hamarkadetan. Ohikoa da halako aurkikuntzak egitea?

Euskal Herrian, bai. Gero eta gehiago kostatzen zaigu, baina ez da zaila.

«Euskal Espeleologoen Elkargoan erreskate talde bat daukagu, eta, naturalki, denok parte hartzen dugu erreskateetan»

Zelan jakiten duzue oraindik bide eta galeria gehiago egon daitezkeela?

Izugarria da oraindik zenbat dagoen esploratzeko. Bi bide hartzen ditugu: haize korrontea eta ura. Haize korrontea igartzen badugu, esan nahi du galerien arteko aire mugimendua dagoela, eta, beraz, gelak edo bolumenak badaudela, nahiz eta maiz ez ditugun topatzen. Eta ura egotekotan, badakigu korronte nagusi batera edo erreka batera joango dela.

Esplorazioan, ura da elementurik arriskutsuena?

Ez. Kobazuloetan, arriskutsuenak geu gara, geure jarrerak. Nik behin bakarrik izan dut istripu bat: sokatik eskegita nengoela, arroka bat erori zitzaidan eskura; larrialdietara joan nintzen, baina kolpe bat baino ez zen izan, ez nuen ezer apurtu. Espeleologia ez da oso arriskutsua, normalean. Baina istripu bat daukagunean, asko zabaltzen da, jende askok joan behar baitu harrapatuta geratu denaren bila. Dena duzu kontra: denbora, ospitaletik oso urruti zaude... Trankil jardun behar duzu, eta horretarako oso inportantea da ingurua ondo ezagutzea.

Zuzenbidea ikasi zenuen. Profesionalki ere saiatu zara espeleologiatik joaten?

Doktore tesia egin nuen EHUn, eta lurrazpia aukeratu nuen gai bezala. Lurrazpia zer den: hori zen nire galdera. Lurzoruaren erregimen juridikoaren inguruan ikertu, eta asko daudela topatu nuen. Lan batzuk ditut argitaratuta horren inguruan, baina sakontzeko asmoa daukat: jabetzak, ardurak... Askotan, aztarnategitzat jo, eta Kultura zuzenbidearen esparruan sartzen dira; beste batzuetan, Ingurumen zuzenbidean...

Zein izan zen ondorioa?

Tesiarekin jakin nahi nuen ea kobazuloak objektu juridikoak diren. Ez dira beti. Esaterako, Euskal Herriko legediak espresuki erreparatzen die kobazuloei eta karstei. Kobazuloak eremu karstikoetan agertu ohi dira, eta Bizkaian eta Euskal Herrian eremu karstiko asko dauzkagu. Eremu horietako asko parke naturalak dira, edo biotopoak, eta, duten natur balioagatik, leku babestuak dira. Espeleologoak ilunpeetako begiak gara soilik: kobazuloak ikertzen ditugu, non dauden jakinarazi eta haien topografia egin. Eta gure atzetik adituak etortzen dira: geologoak, hidrogeologoak, biologoak, arkeologoak, paleontologoak...

(ID_17472129346495) (/Josu Granja) Javier Moreno espeleologoa Munarri Arrolako kobazuloko puztuetako batean
ESTUTASUNA. Esplorazioan ari diren espeleologoek toki estuetatik igaro beharra dute sarritan. Hortaz, premiazkoa da psikologikoki ondo prestatua egotea, halako egoeretan trankil mantentzeko. Irudian, Foruako Munarri Arrolako kobazuloko putzuetako batean dago Javier Moreno. 2014ko urtarrilean egin zen argazkia. JOSU GRANJA
Doktore tesitik hona, beraz, zuzenbidea eta espeleologia ez dira batuta egon?

Ez. Zuzenbidea lanbidea da, eta espeleologia aisialdi denboran egiten dut: asteburuetan, astegunetan ere bai... Kobetatik ateratzen dugun informazioa landu egin behar baita: topoak egin, adibidez. Horrek denbora asko eskatzen du.

Esploratzerakoan ahalik eta arrasto gutxien uztea da zuen irizpidea. Horrek zer tarte uzten du esku hartzeetarako?

Ainguraketak egiten ditugu, baina inpaktu txikia dute. Normalean, oinatzak baino ez ditugu uzten.

Kontserbazio lana ere zuek egiten duzue?

Bai. Leku sentsibleak dira, eta askotan paisaia da balio nagusia —esaterako, Pozalagua [Karrantza]—. Hori mantentzen saiatzen gara. Lerroak edo sokak ipintzen ditugu, kentzerakoan inolako aztarnarik utz ez dezaten, eta bide horietatik baino ez gara pasatzen. Hau da esplorazioaren beste oinarrietako bat: topatu duguna zegoen bezala uztea.

Pozalagua aipatu duzu. Leku turistiko bat da. Turismoak eragina izan du kobetan?

Ez dut uste. Euskal Herriko kobazuloetako turismoa oso kontrolatua dago. Pozalaguako gidariekin egon izan naiz, eta oso kontzientziatuta daude babesarekin. Ikerketa asko egiten dira eraginak ikusteko eta mugak non dauden ikusteko. Turismo hori oso jasangarria da, eta inportantea da balio horiek erakusteko; bestela, ez lirateke eta ezagutuko.

Karrantzako Karlistaren torkari buruzko liburu bat ere koordinatu zenuen: La Torca del Carlista (Sua, 2016). 30 alditan baino gehiagotan jaitsi zara hara...

Bai. Euskal Herrian, XIX. mendean, meatzarien bitartez hasi ziren kobazuloak ezagutzen, baliabide ona ziren eta mineral zainak ikusteko. Baina Frantziaren eraginez, esplorazioak egiten hasi ziren XX. mendean, gutxika-gutxika. 1956an, Grupo Espeleologico Vasco sortu zen [GEV], eta Itxinan eta Karrantzan hasi ziren. Haiek topatu zuten Karlistaren torka. Kobazulo itzela da. 250 metro horiek jaisteko sokak erabiltzen ditugu orain, baina lehen eskalekin eta kableekin egiten zen. Beste talde batzuk sortu ziren gero: Esparta; unibertsitatean, Beti Goruntz —desagertu zen—... Bizkaian zortzi-bederatzi espeleologia talde daude orain. Bakoitzak gune batzuk ditu bere gain hartuta: Itxinan Gaes dago, Gernika aldean Ades, Durangaldean Gema, Pagasarrin Haitzulo...

«Euskal Herriko kobazuloetako turismoa oso kontrolatua dago. Ikerketa asko egiten dira eraginak ikusteko»

Noiz jaitsi zinen aurrenekoz Karlistaren torkara?

1988-1990 inguruan hasi nintzen esplorazioa egiten, eta handik bost bat urtera jaitsi nintzen.

Oroitzen duzu?

Momentua bera ez. Baina beldurra bai. Lehenengo zatia osin normal bat da, eta hor ondo joaten naiz. Baina, bat-batean, kanpaia azaltzen da: zuloa zabaldu egiten da eta behean dagoena ikusten duzu. Ez da soilik altuera —ia ehun metro—, zabalera ere bada ikusgarria. Edozein zarata eginez gero oihartzuna zelan entzuten den... Eta batzuetan lainoa dago. Liburu horretarako, giroaren inguruan ere azterketa txiki bat egin genuen: giroa oso egonkorra da, baina maiz lainoa sortzen da maila jakin batean.

Oraindik ere beldurtzen zara?

Bai. Galdetzen diot neure buruari: «Zergatik bueltatzen naiz hona?». Segundo batzuk baino ez dira, eta gero beti poza dator. Beti pentsatzen dut bueltatuko naizela.

Uste duzu Karlistaren torkan bide gehiago aurkituko dituzuela?

Ez dut uste.

Eta Karrantzan?

Karrantzan, asko. Azken urteetan, zortzi kilometroko kobazulo bat aurkitu dugu, ibilbide bat dago. Esparta taldekoak ari dira arakatzen. Espeleourpekariek Lanestosako iturria igaro, eta galeria handi bat topatu dute.

Karrantza da Bizkaiko eremurik aberatsena?

Ez dut uste. Karrantzan kobazulo luze asko daude, baita putzuak ere, baina galeria eta ibilbide gutxiago. Itxina eta Galdames dira karstologikoki emankorrenak. Baina edozein eremu karstikotan topatzen dira kobazuloak.

Dagoeneko ez zara hainbeste aritzen kobazuloetan. Zentratuago zaude ikerketan?

Bai. Eta dibulgazioan: neure buruarekin dudan konpromiso bat da. Lurpea elkartearen sariak horretan lagundu du. Adibidez, bagenekien Karlistaren torka munduko galeriarik handienetako bat dela, baina ez zegoen inon argitaratuta. Ades taldekook liburu bat ateratzeko asmoa dugu aurten, Gernikako Mandoia mendikatean ia ehun kobazulo berri topatu ditugu eta. Zazpi kilometro dira, guztira. Gure asmoa da altxor horiek zabaldu eta nabarmentzea.

motzean

Lur azpiko leku bat? Pozalagua eta Karlistaren Torka. Baina asko daude: Goikoetxe Busturian, Atxuriaga Galdamesen...

Lurrazaleko leku bat? Gorbeia.

Ezagutu nahiko zenukeen kobazuloren bat? Asko dauzkat begiz jota. Orain, Otxola taldea Ordesa [Espainia] ari da esploratzen, eta hango kobazuloak ezagutu nahiko nituzke.

Zer behar da espeleologoa izateko? Gustuko izatea. Talde batekin eta adituekin hastea inportantea da, poliki-poliki. Materiala garestia da; hasieran gastu handia egin behar da.

Erronka bat? Euskal Herriaren lur azpian dauzkagun altxorrak zabaltzea. Kobazuloetan gure aztarna kulturalak daude, kondairekin lotuta egon izan dira beti. Balio handiko eremuak dira hainbat arrazoirengatik: biologikoak, kulturalak, geologikoak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.