Etxanobek esan du etekinen jaitsierak eragin duela sozietate zergaren bidez gutxiago biltzea

Bizkaiko Ogasunak 1.014,8 miloi euro bildu behar zituen aurten sozietate zergaren bidez, baina 756,3 milioi euro bilduko ditu. Gainontzekoan, zerga bilketa ona izan da, eta datorren urterako aurreikuspenak ere onak dira.

Behargin bat, Igorreko Ormazabal enpresan, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
Behargin bat, Igorreko Ormazabal enpresan, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 16a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sozietate zergaren bidez, Bizkaiko Ogasunak 1.014,8 miloi euro bildu behar zituen aurten, duela urtebeteko Finantzen Euskal Kontseiluko bilkuran aurreikusitakoaren arabera. Astelehenean batzartu ziren berriro, eta aurreikuspenak ez dira bete: 756,3 milioi euro batuko ditu. Beherakada deigarria da, kontuan izanda bilketa, oro har, espero baino hobea izan dela: 10.182,3 milioi batzea aurreikusi zuten, baina 10.357,7 milioi izango direla esan dute orain. Beherakada horrek kezka eragin du oposizioko alderdien artean, eta hala jakinarazi diote gaur Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiari, Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasun Batzordean. Etxanobek makroekonomiari egotzi dio gertatutakoa.

EH Bilduko batzarkide Arantza Sarasolak foru gobernuaren zerga politika egin du erantzule: «Badakigu ez duela zerikusirik apirilean onartutako zerga berrikuspenarekin, datorren urtean nabarituko baita. Ziurrenik zerikusi handiagoa izango du iazko abenduan onartu zenituzten kenkari horiekin guztiekin», adierazi du. Etxanobek ukatu egin du hori. «Gaur egun munduan daukagun ziurgabetasun egoerak, testuinguru geopolitiko konplikatuak eragina izan du enpresen etekinetan, eta horrek justifikatzen du sozietate zergaren bidez kopuru hori bildu izana». Datorren urterako aurreikuspenak egitean ere «zuhurtziaz» jokatu dutela esan du ahaldun nagusiak, eta antzeko kopurua bilduko dutela kalkulatu dute: 747,7 milioi.

IMG 8594
Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasun Batzordea, gaur, Bilbon. BERRIA

Etxanoberen esanetan, EH Bilduk eta foru gobernuak helburu ezberdinak lortu nahi dituzte sozietate zergaren bidez. «Gure helburua ez da diru bilketan igoera nabarmena izatea. Uste dugu, are gehiago egungo testuinguru geopolitikoa kontuan izanda, gure ehun ekonomikoa dinamizatu behar dugula». Sozietate zergari ezarritako kenkarien bidez «kalitatezko enplegua bultzatzen» da, ahaldun nagusiaren esanetan; horrez gainera, adierazi du enpresei laguntza ematen dietela «trantsizio ekologikoan eta berrikuntza arloan eman beharreko pausuetan».

Ahaldun nagusia pozik agertu da, oro har, zerga bilketak utzitako emaitzarekin, «oso ona» izan delako. Izan ere, 2024an baino %10,1 gehiago bilduko dute aurten. «Gure zerga sistemak gaitasun handia dauka, eta argi islatzen du Bizkaian enplegua eta ehun ekonomikoa sendo daudela». Hala ere, ohartarazi du bi kontuk eragin dutela igoera hain handia izatea: iaz gutxiago bildu zuten mutualistei egin beharreko itzulketengatik eta hidrokarburoen sektoreko BEZaren iruzurraren ondorioz.

Aurreikuspen onak

Uste dute 2026an 10.891 milioi euro bilduko dituztela. Ahaldun nagusiaren ustez, «Bizkaiko gizarteak behar dituen politika publikoak bultzatzeko baliabide nahikoa» izango dute datorren urtean. PPko batzarkide Diego Pagadigorriari aurreikuspen «baikorregiak» iruditu zaizkio: «Zuk zeuk esan duzu testuingurua ez dela ona. Uste dut laino ilunak hurbiltzen ari direla eta ez dituzula ikusten», ohartarazi dio ahaldun nagusiari. Kalkulua egitean, kontuan eduki dituzte apirilean onetsitako zerga berrikuspenak 2026ko bilketan edukiko dituen ondorioak —lanaren etekinen gaineko atxikipenen taula eguneratzeari dagozkionak eta datorren urteko kanpainan PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzialetan sortuko direnak—. Era berean, PFEZaren kuotan eta elementu pertsonaletan aplikatuko duten %2ko deflazioak izango dituen ondorioak ere kontuan hartu dituzte.

30

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak bankuen zerga berriaren proiektua aurkeztu du gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. Espero du Batzar Nagusiek urtea bukatu aurretik onartuko dutela eta datorren urtean sartuko dela indarrean. Sozietate zergaren osagarria izango da. Zerga berriaren bidez 2026an 30 milioi euro jasoko ditu Bizkaiko Ogasunak, diputatuaren esanetan: 9,9 Kutxabankek eta Laboral Kutxak jarriko dituzte, Bizkaian duten jardunagatik, eta gainontzekoak Espainiako Ogasunetik helduko dira, Bizkaian sukurtsalak dituzten baina zergak Espainian ordaintzen dituzten banketxeen zergen bidez.

Bizkaiko Finantza Kontseilua, berriz, atzo bildu zen, eta datorren urtean herrialdeko udalek zenbat jasoko duten onartu zuten. 1.206,8 milioi izango dira: 1.195,5 Udalkutxatik eta 11,3 Gizarte Zerbitzuen Funtsetik. Guztira, aurtengo aurrekontuan jaso dutena baino %6,71 gehiago izango da. Bileran, funts horietarako 2025eko likidazio aurreikuspenak ere aztertu zituzten. Behin betiko datuak otsaileko bileran izango dituzten arren, kalkulatu dute likidazioa positiboa izango dela Bizkaiko udalentzat: jaso dutena baino %2,38 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.