Abenduaren 19an patronatuak Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektua baztertzea erabaki zuenetik, lehen aldiz esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak erabakia hartzeko arrazoien artean herritarren iritzia ere egon dela. «Erabaki hori hartu da pausorik eman barik egon beharko genukeelako beste zortzi edo hamar urte. Hori da erabakiaren muina. Baina horrek ez du esan gura txostenean aipatzen diren beste elementu batzuk kontuan hartu ez direnik, adibidez, eskualdean bultzatu dugun entzute prozesuaren emaitzak». Agirre Lehendakaria Center erakundek joan den abendura arte gidatutako entzute prozesua aipatu du Etxanobek, baina ez Busturialdean eta Bizkaian proiektuaren aurka egon diren mobilizazioak eta ingurumen eta kultura arloko hainbat eragilek agertu dituzten zalantzak.
PPk eta EH Bilduk eskatuta, patronatuak hartutako erabakiaren inguruko azalpenak ematera joan da gaur Etxanobe Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasun Batzordera. Iker Casanova EH Bilduko batzarkideak harriduraz hartu du ahaldun nagusiak barkamenik eskatu ez izana. Lehen berbaldian herritarren iritzia aipatu ez izana ere txarretsi dio. Izan ere, bigarren txandan esan du Etxanobek erabakia hartzeko faktoreetako bat entzute prozesuaren emaitzak izan direla. Casanovaren ustez, diputazioak kontrako ordenan jokatu du: «Lehenengo, proiektua aurkeztu zenuten propagandarako. Gero, proiektua pentsatzen hasi zineten. Ondoren abiatu zenuten entzute prozesua. Eta orain ohartu zarete ez dela bideragarria». EH Bilduko batzarkideak kontatu du batzuetan adimen artifiziala erabiltzen duela agerraldiak prestatzeko, eta gaurkoa ere modu horretan egin du. Azaldu duenez, adimen artifizialak esan dio «horrelako proiektu bat martxan jarri aurretik parte hartze prozesu bat abiatu behar» dela.
«Lehenengo, proiektua aurkeztu zenuten propagandarako. Gero, proiektua pentsatzen hasi zineten. Ondoren abiatu zenuten entzuketa prozesua»
IKER CASANOVA EH Bilduko batzarkidea
Etxanobek EH Bilduri leporatu dio «foru gobernua pilotu automatikoa jarrita» ibili den ustea hedatzea: «Ez da egia gizarteak uste duenaren aurka jokatzen dugula. Hori da zuek gizarteari sinetsarazi nahi diozuena». Diputatu nagusiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak «euren borondatez» abiatu zuten entzute prozesua, «herritarren iritzia ezagutu gura» zutelako. Beste zuzenketa bat ere egin dio Casanovari. «Guk ez dugu esan proiektua ez zenik egingarria eta ingurumen legedia hausten zuela. Hori zuk esan duzu, eta jakin gura nuke zer argudio erabiliko dituzun hori egiaztatzeko. Guk esan duguna da proiektuak berez dakartzan tramite administratiboak egiteko eta epaitegietan dauden auziak argitzeko 8-10 urte beharko ditugula, eta, ondorioz, ezingo zela egin epe labur edo ertainera». Erabakia hartzeko patronatuak erabili zuen txostenean ez da argitzen epe hori pasatakoan egingarria izango litzatekeenik; zalantza egiten du.
«Susmoa berretsi»
Lehen berbaldian, Etxanobek azaldu du aukeratutako kokapen bereziak Guggenheim Bilbao museoa Busturialdera hedatzeko proiektua baldintzatu duela. 2008an, Sukarrieta eta Busturia artean BBK-k dituen udalekuen egoitzara hedatzea pentsatu zuen museoaren patronatuak, eta, ahaldun nagusiaren esanetan, orduko proiektuaren sustatzaileak ere horren jakitun ziren. «Argi erakusten dute hori garai hartan egin ziren ikerketek», esan du Etxanobek. Adierazi duenez, 2021ean proiektua berreskuratu zutenetik, ugaritu egin dituzte azterlanak, besteak beste jakiteko zer baldintza zituen kokapenak ingurumenari, hirigintzari eta paisaiari dagokienez: «Susmoa zena berretsi egin dute azterlanek».
«Lehendik geneukan susmoa baieztatu diguzu: erakunde pribatu baten beharrak lurralde baten beharren, desioen eta legediaren gainetik daudela»
ENERITZ MADARIAGA Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko kidea
Harriduraz erantzun dio Casanovak: «Zelan etorri zaitezke hona esatera hamazazpi urte behar izan dituzuela jakiteko proiektua ez zela bideragarria?». Bigarren txandan erantzun dio Etxanobek Casanovari. Ahotsaren tonuan igartzen zitzaion haserrea. «Ez erabili sarkasmorik. Hamazazpi urte igaro dira guztira, baina gero hamar urtez etenda egon da. Eta gobernu honek urte bi erabili ditu proiektu honen inguruko bideragarritasun azterketak egin eta erabakia hartzeko».
Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak esan du «lehen baino kezkatuago» irtengo dela batzordetik: «Lehendik geneukan susmoa baieztatu diguzu: erakunde pribatu baten beharrak lurralde baten beharren, desioen eta legediaren gainetik daudela». Patronatuaren txostena erabili izana txarretsi dio Etxanoberi. Madariagak uste du txosten horrek patronatuaren jokabidea «zuritzen eta justifikatzen» duela, baina ez foru gobernuarena: «Sinets dezakegu patronatuak kokapenaren egokitasunari buruzko zalantzak eduki izana, baina ez dugu sinesten diputazioak ez zekienik proiektu honek zer arazo izango zituen».
«Guztiaren kontra»
Etxanobek «guztiaren kontra» egotea leporatu dio oposizioari. Esan du Guggenheim museoaren ekarpena ukaezina dela. «Badira historikoki Guggenheimen aurka egon izana akatsa izan dela inoiz aitortuko ez dutenak, eta batzorde honetan argi geratu da. Proiektuak proposatzen dituztenen eta beti guztiaren aurka daudenen arteko tentsiotik lortu dira aurrerapenak gizarte honetan. Baina tentsio horrek ezin gaitu eroan geldi egotera. Gobernuaren ardura da ongizatea, aberastasuna eta enplegua sor dezaketen aukera guztiak aztertzea». Diputatu nagusiaren esanetan, ezer ez egitea da «arduragabekeria»: «Porrotari beldur izateak ezin gaitu geldi utzi».
«Badira historikoki Guggenheimen aurka egon izana akatsa izan dela inoiz aitortuko ez dutenak, eta batzorde honetan argi geratu da»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
PPko Raquel Gonzalezek salatu du alderdiek eskatu behar izan dutela agerraldia, Etxanobe ez dela bere iniziatibaz joan. Hainbat galdera egin dizkiote Gonzalezek eta Casanovak, baina batzordeburuak ohartarazi die Etxanobek agerraldi eskaerarekin batera bidali zizkieten galderei baino ez diela erantzungo. Beraz, besteak beste, 2008an proiektua lehen aldiz proposatu zenetik gaur arte zenbat diru inbertitu den jakin barik geratu dira batzarkideak. Idatziz ere egina izan dute galdera hori, eta Etxanobek esan die gaur bertan bidali duela erantzuna Batzar Nagusietara. Gonzalezek ahoz aurreratzeko eskatu dion arren, ez du horrelakorik egin.
Dena den, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak emandako berrogei milioi euroez berba egin du. Besteak beste, dagoeneko ia 1,2 milioi erabili dituzte Gernika-Lumon Dalia fabrika eraisteko eta kutsadura kentzeko lanak finantzatzeko ―oraindik ez dituzte lan horiek bukatu―. Etxanobek esan du Guggenheimen proiektua gorabehera «lehenago edo beranduago» egin beharreko lanak izan direla. Gaineratu du diputazioa lanean dabilela Espainiako Gobernuaren diru laguntzak itzuli behar ez izateko eta Urdaibain bertan inbertitu ahal izateko, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman gura izan.