Hizkuntza bat praktikatzeko ezinbestekoa da zertaz berba egin izatea. Edozein izan daiteke aitzakia —eguraldia, anekdota bat, euskaltegiko irakasleak proposaturiko gairen bat—, baina mihiak beti ibiliko dira askeago eta lotsagabeago gustuko kontuei buruz mintzatzen badira. Joskintzaren inguruko zaletasunak lotzen ditu, zehazki, Bilboko eta Durangaldeko Berbalagun taldeetako kideak. Elkar ezagutzeko, topaketa bat antolatu dute biharko: Bilbotik Abadiñora trenez joango dira, eta josten egingo dituzte bidaiaren berrogei minutuak. Herrian elkarrekin josten segituko dute, eta zuzeneko musikarekin eta jan-edanarekin girotuko dute eguna.
«Ikusi genuen xede taldeek oso ondo funtzionatzen zutela», esan du Ane Lusarreta Durangaldeko Berbalaguneko dinamizatzaileak. Elorrion, esaterako, bazen AEKn euskara ikasten ari zen lagun talde bat, eskulan zaleak zirenak, eta euskara eta joskintza uztartzea erabaki zuten. Taldea orain dela hiru bat urte sortu zen, eta hogei kide inguru ditu dagoeneko. Astean bitan elkartzen dira herriko kultur etxean: astelehenetan eta martitzenetan. Emakumeak dira ia denak, baina adinari dagokionez aniztasun handiagoa dago: 30 urtetik 80ra bitarteko emakumeak batzen dira, dinamizatzailearen esanetan. «Hizketarako oso aproposa dela uste dut», balioetsi du Lusarretak. «Sukaldean edo josi bitartean tertulian dauden emakumeak gogorarazten dituzte».
«Alde batetik, plazara ateratzeak ikusgai egiteko aukera ematen du, eta, beste alde batetik, esparru publikoa modu ezberdinetan okupatzeak beti du indar berezia»
ANE LUSARRETA Durangaldeko Berbalagun taldeetako dinamizatzailea
Elorrioko Berbalaguneko kideen interes behinena ez da euskara bera, dinamizatzaileak nabarmendu duenez, baizik eta eskulana, eta haren bidez animatu dira hizkuntza erabiltzera. Zaletasunak balio izan die, orobat, leku eroso bat eratzeko. «Pozik bazaude, hobeto hitz egiten duzu», ebatzi du Alicia Fondado Elorrioko taldeko kide eta euskara ikasleak. Euskaldun berriak dira Fondado eta Estibaliz Santos, eta hasiera-hasieratik daude Berbalagun taldean. Berriztik joaten da Santos. «Berrizko Berbalagun taldean nengoen, eta, eskulanak gustatzen zaizkidanez, Elorriokora animatu nintzen».
Biek ala biek eskertu dute taldeak ematen dien aukera jendea ezagutzeko, zaletasunaz solastatzeko, gauzak konpartitzeko eta txoko atsegin bat izateko. «Berbalagunik gabe, Elorrion ezingo litzateke guk nahi dugun moduan elkartu, dohainik, gure kabuz, irakasleren baten beharrik gabe... Ondo konpontzen gara denen artean», nabarmendu du Fondadok. Eta, noski, euskaraz aritzeko ere baliatzen dute. «Jada ez daukat lotsarik. Txarto egiten baduzu, beste batek zuzenduko dizu. Ni lasai egoten naiz».

Euskara zuzentzen ibiltzen diren lagun horietako bat da Arantza Salterain. AEKn ibili zen aspaldi, eta iruditzen zaio Berbalagun taldeak sekulako ekarpena egiten diela euskara ikasten ari direnei. «Benetako euskara entzuten da. Ez da erraza klaseak beti dinamikoak eta benetakoak egitea; batez ere, behin maila jakin batera ailegatuta». Batzuetan, lezioak «hotz» gera litezkeela begitantzen zaio Salteraini, ikasleak goia jo dezakeela eta ikasteari utz diezaiokeela. Alde horretatik, Berbalagun taldea pizgarri indartsu bat da. «Hemen elkarri laguntzen diogu. Ingelesa praktikatzeko horrelako talde bat topatuko banu, bihar bertan joango nintzateke». 62 urte ditu, eta betidanik izan da kakorratz zalea.
Baina badira beste molde batzuetara jotzen duten andreak ere: ehoziri lana egiten dute, arropa birziklatuarekin jantzi berriak taxutu, patchwork landu, trikimailuak erakutsi... Eta oraintsu patroiak irakurtzen ikasi dute. «Edozer gauza egiteko gai zarela ikusten duzu», nabarmendu du Salterainek. Aldarte bera dutela heltzen diote euskarari.
Lokaletik kalera
Elorrioko kultur etxeko lokalak aterpe bat eskaintzen du hitzak eta hariak josteko, baina aire zabala ere bada euskara eta joskintza praktikatzeko leku aproposa. Herriko Berbalagun taldekoak plazan ere elkartu izan dira, eta erakutsi izan dituzte urtean zehar egindako piezak. «Alde batetik, plazara ateratzeak ikusgai egiteko aukera ematen du, eta, beste alde batetik, esparru publikoa modu ezberdinetan okupatzeak beti du indar berezia», hausnartu du Lusarretak, Berbalagun taldeko dinamizatzaileak.
«Jada ez daukat lotsarik. Euskaraz txarto egiten baduzu, beste batek zuzenduko dizu. Ni lasai egoten naiz»
ALICIA FONDADOElorrioko Berbalagun taldeko kidea eta euskara ikaslea
Oraingoan, begiz jo dute trena. «Garraio publikoan josten joaten dira askotan, sakelakoari begira egon beharrean», adierazi du dinamizatzaileak. Elorrioko taldeko andre bati otu zitzaion ideia: jakin zuen behin jostun batzuk Bilbotik Donostiarako trenean hitzartu zirela, bidaiak iraun bitartean elkarrekin josteko. Gaztelera hutsean izan zen hura, baina hauspo gisa balio izan die. «Esperimentu berri bat izango da», Lusarretaren esanetan. Elorriokoek bizikletaz egingo dute Abadiñorako bidea, jostekoak zakutoetan eramanda.