Euskaraldia Bizkaian: engaiatzeko eta egonkortzeko ahalegina

Ostegunean hasiko da Euskaraldia. Batzordeek erronkatzat jo dute gazteengana ailegatzea, besteak beste. Dena den, euskaltzaleek gogoratu dute borondateak ez ezik inguruko egoerak eta eskaintzak ere eragina dutela euskararen erabileran.

Jendetza Euskaraldiaren aurkezpenean, Lekeition, joan den ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jendetza Euskaraldiaren aurkezpenean, Lekeition, joan den ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ate joka da Euskaraldia. Ostegunean abiatu, eta maiatzaren 25era arte egingo da aurten euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala. Bizkaiko batzordeak aspalditik ari dira indarrak bideratzen, ingurukoak aktibatzen, rolei buruzko zalantzak argitzen eta jarduerak antolatzen. Datuei erreparatuta, lurraldeak harrera ona egin dio egitasmoari: Bizkaiak 113 udalerri ditu, eta 102tan eratu da Euskaraldiko batzordea; hau da, askotariko egoera soziolinguistikoa duten eremuak batu dira ariketara.

Euskaraldiaren laugarren aldia izango da aurtengoa, eta aurreko urteetako esperientziak bidea erakutsia die eragileei. «Beste urte batzuetan, energia handia galdu dugu entitateetan», hausnartu du Edu Iriondo Mungiako batzordeko kideak. «Eta argi ikusten dugu talde eraginaren zeregina banakoengana ailegatzea dela, batez ere». Antolakuntzari dagokionez, bi erronka aitatu ditu: fidelizazioa eta kalera ailegatzea. «Fidelizazioa, jendeari difusio taldearen informazioa hel dakion, horrek lotura bat sortzen du eta. Eta kalera ailegatzea, jendearekin egotea eta esplikatzea». Aurrez aurreko lanaren fruitua dira izen emate gehienak, Iriondok esan duenez —kasu baterako, herritar batzuek ez baitute barneratuta aldiro izena eman beharra dagoela—. Hasierako aldietan 2.000 izen emate izan zituztela gogoratu du, baina ziur da oraingoan ez direla kopuru horretara helduko. «Euskaraldia ez da nahikoa, baina eskerrak badagoen. Beharrezkoa da: ez dugu sekulako emaitza lortuko, baina bada zerbait; ez gaude ikaragarrizko ospakizunetarako moduan».

«Bai eskoletan, bai familian, erraz ematen dugu amore. Batzuetan zera esaten dugu eta: ‘Zer egingo dut erdaraz egiten badidate? Neuk bere erdaraz egin’»

EDU IRIONDOEuskaraldiaren Mungiako batzordeko kidea

Karrantzan, aurreko aldietako parte hartzaileak berreskuratzeko lanetan ari dira, Ana Orcasitas Kultura zinegotziaren berbetan. «Ez dakit pandemiaren ondorioa den, baina nabaritzen dugu partaidetzak behera egin duela oro har, kultur etxeko ekintzetan behintzat». Badaude hizkuntzaren inguruko «konpromiso argia» daukaten herritarrak, euskara bultzatzeko edozein ekintzatara lotzen direnak eta Euskaraldiaren batzordea osatzen dutenak. Eta badaude, halaber, bereziki helezinak egiten zaizkien sektoreak. Karrantzan, argi dute zein den erronka: gazteak. «Euskaraz hezi diren arren, kostatzen zaie euskara kalera eramatea, kirolean erabiltzea, lagunartean, aisialdian... Orokorrean, uste dut 40 urtetik gorakooi gutxiago kostatzen zaigula euskara bultzatzea», adierazi du zinegotziak.

Gazteak eta familiak

Mungian, era berean, gazteak dituzte jopuntuan, baita familiak ere. «Bai eskoletan, bai familian, erraz ematen dugu amore», nabarmendu du Iriondok. «Batzuetan zera diogu eta: ‘Zer egingo dut erdaraz egiten badidate? Neuk bere erdaraz egin’. Horrez gain, errazkeria dago, erosokeria. Eta inertzia ere bai; inertziak sekula ez gaitu euskarara eramango». Orokorra da arazoa, eta Euskaraldian ere ez da onbideratzen, Mungiako batzordeko kideak onartu duenez. «Herriko gazte batzuk inplikatuta daude, boluntario aurkezten dira txandak egiteko eta abar, baina gaitza da gazteengana ailegatzea».

%9,4

Euskararen kaleko erabilera zenbatekoa den Bizkaian Soziolinguistika Klusterraren hizkuntza erabileraren kaleko neurketaren 2021eko emaitzen arabera, bizkaitarren %9,4k egiten dute euskaraz kalean. Adin taldeei erreparatuta, haurrek darabilte gehien: %15,7. Bilbon, lurraldeko batezbestekoa baino apalagoa da datua: %3,5.

Kontrara, familiak euskararen erabilera sustatzeko helduleku sendoak direla uste du Karrantzako zinegotziak. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena Euskaraldian, baina, dena den, haurrek ere badute zeresana, Orcasitasen irudiko. Hori horrela, Euskaraldiaren atarian, familientzako erromeria egingo dute bihar Ambasaguas auzoko frontoian, 19:00etan hasita. «Euskal giroa zabaltzeko izango da. Umeek beti laguntzen dute giroa indartzen, euskalduntzen». Eta etzi San Isidroko legoa egingo dela aprobetxatuta, udaletxeko plazan ipiniko dira, ordenagailu batekin, jendeak Euskaraldian izena emateko.

«Ez dakit pandemiaren ondorioa den, baina nabaritzen dugu partaidetzak behera egin duela oro har, kultur etxeko ekintzetan behintzat»

ANA ORCASITASKarrantzako Kultura zinegotzia

Era horretako jarduerak funtsezkoak dira Euskaraldia hasi baino lehen giroa prestatzeko, «kutsatzeari» bide emateko. Baina, gainera, Karrantzaren ezaugarriak kontuan hartuta, are inportanteagoa da aurretiazko lanketa hori: Bizkaiko udalerririk zabalena da Karrantza, baina baita populazio txikiena dutenetako bat ere, eta, ondorioz, herritarrak sakabanatuta daude, zinegotziak azpimarratu duenez. Horrek zaildu egiten du programatzea. «Bakoitza bere auzoan bizi denez, erlazionatzea ez da erraza, distantzia dela eta. Edozer gauza antolatzean, lekuak garrantzia dauka, eta batzuetan hori izaten da zailena», xehatu du Orcasitasek. Bi auzo nagusi daude, Ambasaguas eta Concha, eta bien artean txandakatzen dituzte ekintzak, baina batzuetan horrek ez du ziurtatzen jendea bertaratzea.

Erabilera baldintzatua

Edozelan ere, borondatea soilik ez da nahikoa euskaraz egiteko. Inguruak zer-nolako aukerak eskaintzen dituen eta, batez ere, zer-nolako trabak ipintzen dituen, horrek erabat baldintzatzen du hizkuntza hautua. Bilbon oztopoak nabarmenak direla salatu du Guka euskaltzaleen mugimenduak. Horren adibide da ezagutza datuaren eta erabilerarenaren artean dagoen aldea, Gukako kide Maialen Gagoren arabera: Bilbon bizi direnen %30 dira euskaldunak, baina %3,5ek bakarrik egiten dute euskaraz. «Ideia hau hartu dugu Iñaki Iurrebasoren tesitik: bi hizkuntza ofizial dituen herri batean bizi bagara, kontua ez da bakarrik hizkuntza bat badakidan edo ez, baizik eta zer erraztasun daukadan bata eta bestea hitz egiteko». Hori horrela, Bilboko testuingurua aintzat hartuta, ez zaio erreparatu behar soilik norberaren gaitasunari. «Hiriak berak ez du bultzatzen euskaraz egiteko erabakia, eta hirian ez dago euskaraz eroso egin ahal duzula aditzera emango duen estimulurik», ebatzi du Gagok.

Ideia hori hainbat metaforaren bitartez mamitu du Gukak. Aurrena, adierazi zuten Bilbon euskaraz egitea haize kontra joatea dela, eta esfortzu handia eginagatik ere askotan ezinezkoa dela lortzen. Berriki abiatutako kanpaina batean, hiria «erdalduntze makina» bihurtu izana egotzi diete bertoko instituzioei. «Euskaldunok haize kontra ari gara, baina haize hori ez da fenomeno natural bat. Badira erabaki asko euskaraz bizitzeari traba egiten diotenak, eta hizkuntza politika horiek aldatuta bestelako egoera batean ariko ginateke», esan du Gukako kideak. Zehazki, bost mekanismo azaleratu dituzte kanpainan: aisialdi eskaintza erdalduna, euskara ikasteko zailtasunak, hezkuntza ez-formal erdalduna, euskararen kontrako diskurtsoak eta komunikabide sistema erdalduna.

«Bilbok ez du bultzatzen euskaraz egiteko erabakia, eta hirian ez dago euskaraz eroso egin ahal duzula aditzera emango duen estimulurik»

MAIALEN GAGOBilboko Guka euskaltzaleen mugimenduko kidea

Halakoak txarretsi dituzte, esate baterako: seme-alabak D ereduan matrikulatu arren, eskolaz kanpoko eskaintza gehiena gaztelaniaz izatea; gaztelaniaz izatea zinema estreinaldi gehien-gehienak, antzokietako ikuskizunak, Bilbo Kirolak-eko ikastaro mordo bat... «Bilbon pentsaezina da hainbat gauza euskaraz egitea».

Baina arnasguneak ere badaude. «Uste dugu euskara erabiltzeko estimulu gehien-gehienak herrigintzatik sortuak direla: badaude guk eraikitako kulturguneak, arnasgune izateko hautua egin duten taldeak, aisialdi taldeak, gazteenak...», balioetsi du Gagok. Euskara erabiltzea errazagoa izan dadin, premiazko deritzo halako arnasguneak ugaritzeari. «Baina gero eta bilbotar gehiago bultzatu behar ditugu euskaraz bizitzeko erabakia hartzera, eta, beraz, gaur-gaurkoz, prest egon behar dute estres linguistikoa pairatzeko».

ASTEBURUKO EGITARAUA

  • BARAKALDO
    Bihar. Euskaraldia badator! familientzako saioa, Hala Dzipo kultur elkarteak antolatuta, Lutxana auzoko Lube plazan, 11:30ean.
  • BASAURI
    Bihar. Txapak banatzeko eguna Bentako festetan, egun osoan: Emoiok trikitilari taldea, herriko kuadrillen topaketa eta bazkaria, eta Ustekabe txaranga.
  • BARRIKA
    Gaur.Lipdub baten grabaketa Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak abestiarekin, udaletxean, 18:30ean.
  • BILBO
    Bihar. Euskaraldiaren ihes gela, Euskararen Etxean, 11:00etatik 13:00etara.
  • GETXO
    Gaur.
    Bingo musikala, Areetako Xake plazan, 17:00etan.
  • KARRANTZA
    Bihar.
    Erromeria, Ambasaguas auzoko frontoian, 19:00etan.
  • LEZAMA
    Gaur.
    Talo tailerra eta dantza (Hilario Astorki plazan, 17:00etan) eta Euskaraldiaren aurkezpena eta argazkia (18:30ean hasita, frontoian).
    Etzi. Ana Goitiaren Katana bakarrizketa, Kultura Aretoan, 18:00etan.
  • SANTURTZI
    Gaur.
    Haurrentzako tailerrak, Gernika parkean, 11:00etatik 13:00etara.
  • ZIORTZA-BOLIBAR
    Etzi.
    Umeentzako pankarta margoketa, herri argazkia eta kantu triki-poteoa, herriko plazan, 11:00etatik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.