Maiatza hastearekin batera, Kaishop kanpaina jarri dute martxan Bizkaiko zenbait herritan. Aurten ere, tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde egitea du helburu, eta jendea euskaraz mintzatzera bultzatzea. Astebete igaro da kanpaina hasi zenetik, eta taberna eta saltokiek jada ipinita daukate kartela erakusleihoetan.
Getxo izan zen proiektu horren lehen partaidea, 2011n, eta, geroztik, zenbait udalerri batu dira kanpainara. «Orain, sei herrik parte hartzen dute», dio Amaia Goikoetxea Alkarbideko arduradunak. Bizkaian euskararen aldeko tokiko politikak bateratzea eta koordinatzea da Alkarbideren eginkizuna. Aurtengo leloak filosofia argi islatzen du: Euskara + 0 km = Kalitatea.Goikoetxeak argi du kalitatea ez datzala saltokiek eskaintzen dituzten produktuetan soilik, baizik eta euskararen eta kalitatearen batuketan: «Euskaraz natural aritzea eta gure inguruko produktuak kontsumitzea, hori da kalitatea». Nahiz eta ekinaldia berria ez izan, oraindik beharrezkoa da, arduradunaren esanetan.
Kanpaina herrietara
Txorierri eskualdeak (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio), Gernika-Lumok, Getxok, Leioak, Erandiok eta Basaurik parte hartzen dute kanpainan. Alkarbidek bultzatzen duen ekinbidea udalerri bakoitzaren erritmoaren eta ezaugarrien arabera egokitzen da. Alde horretatik, Goikoetxeak nabarmendu du eragile batzuek proiektuaren promozioa egiten dutela kalean eta plazetan: kalean inkestak egiten eta herrian kanpainaren berri zabaltzen ariko dira maiatzaren 2tik 22ra bitartean. Aldi berean, sare sozialetan udalerri bakoitzeko ekintza guztien berri emango dute, Alkarbideko arduradunak ziurtatu duenez. «Eguna gerturatu ahala, data eta ordutegiak argitaratuko dira».
Aurten, Kaishop kanpainak bat egingo du tarte batez Euskaraldiarekin —Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era izango da—. Kaishop kanpainaren helburuetako bat bat dator Euskaraldiarenarekin: euskaraz natural aritzea. «Denda eta taberna batzuetan, belarriprest eta ahobizi txapak jarriko dituzte keinu sinboliko gisa», esan du Goikoetxeak. «Ez du lan handirik eskatzen eta Euskaraldiarekiko konexioa indartzen du». Goikoetxearen hitzetan, euskararen aldeko konpromisoa ikusarazten du horrek.
Bestalde, Goikoetxeak azaldu du kaleko dinamiketan parte hartzen duten herritarrak zuzenean sartzen direla zozketetan, eta sariak euskarri digitalen bidez ere eskura daitezkeela. Internet bidez parte hartzeko, saltokietan ipinitako QR kodea eskaneatu eta bertan agertzen den inkesta bete behar da, esan duenez. «Lokalek karteletan izango dute QR kodea». Herri bakoitzean komertzioek zozkatuko dituzten sari txikiez gain, «sari handi bat» emango du Alkarbidek. «Eneko Atxaren jatetxerako gonbidapena izango da».
Alkarbideren lan poltsa
Euskara egunerokoarekin lotzeko, Alkarbidek lan poltsa bat sortu du langile euskaldunek lana aurkitu dezaten. «Gure zeregina da enplegatzaileen eta langileen arteko zubi lana egitea», esan du Goikoetxeak. Proiektua hiru taldetan banatu dute, eta bakoitza lan esparruko sektore bati dagokio. Joan den hilean ekin zioten lehen arloari. «Apirilean hasi ginen begirale eta entrenatzaileei dagokienarekin». Ikasturtea hastearekin batera, irakasleen eta klase partikularrak ematen dituztenen lan poltsa irekiko dute, eta, azaro aldera, ostalaritza eta merkataritza zerbitzuei dagokiena.
Lan poltsari esker, jendeak modua dauka bere zerbitzuak eskaintzeko, eta udal arduradunek beren beharren berri ematen dute. «Langileak gertuko enplegu aukerekin lotzeko eta hori gure hizkuntzan egin ahal izateko balio du guneak», adierazi du Goikoetxeak.