Fabrika kutsagarriak bizilagun

Barakaldoko Lutxanako auzokideek herritik kanpo nahi dute Oxinorte fabrika, ohiko zaratak insomnioa eta buruko mina eragin baitie. Etxebizitza gehiago egingo dituzte enpresaren inguruan.

Barakaldoko Lutxana auzoko Oxinorte enpresa, astelehenean. Udala eraikitzen ari den parke berria ikus daiteke hondoan, baita etxebizitza bloke berriak ere. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Barakaldoko Lutxana auzoko Oxinorte enpresa, asteleheneko irudi batean. Udala eraikitzen ari den parke berria ikus daiteke, baita etxebizitza bloke berriak ere. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Barakaldo
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Hiriguneak inguratua du Barakaldoko Lutxana auzoko Oxinorte fabrika: BECetik argi ikus daitezke egitura eta edukiontzi mardulak; Errontegiko zubirantz doan autobideari itsatsita dago; eta lantegitik metro gutxira daude Lutxana auzoko kaleak eta etxebizitza blokeak. Abuztuaren 25ean, bizilagun horiek txistu oso ozen bat aditzen hasi ziren, etengabeko zarata bat, zeinak loa galarazi dien askori. Enpresa tantaka joan da azalpenak ematen, bizilagunen kexak eta udalaren esku hartzea tarteko; eta, komunikabideei helarazitako gutun baten bidez, adierazi du aste bukaeran arazoa konponduta egon daitekeela.

Baina azken egunetako egoerak ez du amorrua sortu, ozendu baizik. Lutxanako auzokideek aspalditik dute jopuntuan Oxinorte: izan ere, azken egunetako zarata ohi baino handiagoa izan den arren —araututako langa gainditzeraino, auzokideek egindako neurketen arabera—, kutsadura akustikoa beti egon da, «eta beti izan da gehiegizkoa fabrikaren ondoan bizi direnentzat», Magdalena Ruifernandez Bartolome Lutxanako Auzo Etxeko kideak nabarmendu duenez. Hori horrela, argi dute helburua: Oxinorte lekualda dezatela nahi dute. Hala eskatu zuten joan den ostiralean, auzoan egindako elkarretaratze batean; eta herenegun ere protesta egin zuten, fabrikaren aurrean.

Lutxanako auzokideek Oxinorte enpresa lekualdatu dezatela eskatzeko egindako elkarretaratzea, joan den ostiralean. BIZKAIKO HITZA
Lutxanako auzokideek Oxinorte enpresa lekualda dezatela eskatzeko egindako elkarretaratzea, joan den ostiralean, Barakaldon. BIZKAIKO HITZA

Oxinortek gasak ekoizten ditu: esate baterako, Gurutzetako (Barakaldo) ospitaleko pazienteek behar duten oxigenoa. Beraz, enpresaren jardunaren garrantziaz jabetuta dago Elena Martinez Llorente auzokidea, Gurutzetako erizaina baita. Hala ere, ezinbestekotzat jotzen du enpresaren lekualdaketa, bizilagunei urteetan eragin dien kalteengatik: lantegitik gertuen dauden etxebizitzetan bizi da Martinez 2009tik, eta, dioenez, enpresak egin ohi duen zarata ere «nahiko desatsegina» da. «Insomnioa eragin dit, buruko minak... Tapoiekin lo egin behar izaten dut, eta leihoak itxita. Ez zara ohitzen. Azken hilabeteetatik hona, gainera, iruditu zait ohi baino zarata handiagoa egiten hasi dela». Horrez gain, fabrika pareko pasealekutik joaten denean, handik datozen tantak erortzen zaizkio batzuetan, murrua ez delako oso garaia. «Ez dakizu zer ari zaizun jausten».

Instituzioen ardura

Oxinorte ez da egoeraren erantzule bakarra, dena den. Javi Vazquez Barakaldoko Ekologistak Martxan-eko kidearen arabera, «administrazioa ez da gauza batzuk ondo egiten ari»: enpresari ohiko zaratarekin jarduten utzi diote urteetan, eta, azken asteetan, Oxinortek ordu tarte batzuetan eta asteburuetan ekoizpena gelditu ondoren zarata apaltzeko, jarduerara itzultzen laga diote —eta, beraz, zarata berriro sortzen—. «Gaur egungo teknologiarekin, ezin da zarata hori saihestu? Oxinortek lizentzia batekin funtzionatzen du, eta lizentzia hori baldintza batzuetara lotuta dago; baldintzak ez badira betetzen —eta argi dago ez direla bete, onartutako dezibelen langa gainditu duelako—, jarduera geldiarazi behar da arazoa konpontzen den arte», Vazquezen aburuz. Eta enpresa da konponbidea topatzeko ardura duena, ez bizilagunak, Vazquezek azpimarratu duenez. «Etekinak ezin dira lortu auzokideen bizkar. Ezin da jarduera pribatu bat pribilegiatu ongizate publikoaren gainetik».

2022ko azaroan, Barakaldoko Udaleko osoko bilkurara heldu zen afera. Herriko dozena inguru elkartek mozio bat sustatu zuten Oxinorte eta Burtzeñako Bilbaina de Alquitranes enpresak herritik kanpo ateratzeko asmoarekin, osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituztela argudiatuta. Bost puntu erregistratu zituzten, eta udal gobernuak horietako hiru onartu zituen, aho batez: Barakaldoko HAPOa berrikustean, berme nahiko ezartzea SEVESO zerrendan dauden enpresak herrian ezar daitezela saihesteko —substantzia arriskutsuekin lan egiten duten enpresak ageri dira zerrenda horretan; mozioaz geroztik, ez da halako fabrikarik ezarri—; zegozkien erakundeekin beharrezko gestioak egitea bi enpresak herritik lekualdatzeko —Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak du horretarako eskumena—; eta parte hartze mekanismoak ezartzea.

Sefanitroren aurrekaria, auzokoen kezka

Barakaldoren hedatzeko joera ikusita, litekeena da azkenean hiriguneak Oxinorte fabrikaren eremua bereganatzea. «Baina industria eremuak berreskuratzeko, fabrikek jarduna gelditu arte itxaron behar da. Ezin da eraikitzen aritu fabriken inguruan, araudiak distantzia batzuk ezarriak dituenean», esplikatu du Javi Vazquez Barakaldoko Ekologistak Martxan-eko kideak. Hori horrela, noizbait lur horrek beste erabilera bat izango duela aurreikusten du, eta birkalifikatu egin beharko dela. Eta horra hor mehatxua: eremu horiek espekulatzeko erabili ahal izatea. 

Lutxanako beste kasu bat aipatu du Vazquezek: Sefanitro nitrogenatu sintetikoen enpresa. 1950ean hasi zuen jarduna; 1996an, Espainiako Gobernuak Fertiberiari saldu zion Sefanitro; bi urte ondoren, Barakaldoko Udalak —PSE-EEren esku zegoen orduko hartan— eremua birkalifikatu zuen, eta, 2006an, Fertiberiak lurrak etxe promotore bati saldu zizkion. Enpresak 230 milioi euro inguru irabazi zituen operazioarekin. 

Halakoak saihesteko, Vazquezek uste du industria gune hori eremu berde gisa birkalifikatu beharko lukeela udalak.

Hain justu, joan den asteko ostegunean udalari bidalitako gutun batean, duela bi urte hartutako konpromisoa gogorarazi diote Villamor auzo elkarteak eta Lutxanako Auzo Etxeak, eta galdetu ea zer kudeaketa egin dituen udal gobernuak ordutik. Joan den asteko ostiraleko prentsaurreko batean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak «gardentasun faltaz» jokatu izana leporatu zion enpresari, eta iragarri zuen udaleko teknikariak ikerketa bat egiten ari direla azken asteetako zarataren inguruan: ziurtatuz gero Oxinortek araua urratu duela, neurri legalak hartuko lituzkete. Alabaina, Bizkaiko Hitza udalarekin harremanetan jarri da, eta ez dute konfirmatu enpresa lekualdatzeko lanetan ari direnik.

Kutsadura akustikoa egozten diote Oxinorteri, batez ere; baina Bilbaina de Alquitran mundrun fabrikak bestelako isuri batzuk ere igortzen ditu. «Enpresa oso kutsakorra da, eta orain gutxira arte lizentziarik gabe funtzionatu du, modu irregularrean», adierazi du Vazquezek. Burtzeñan geratzen den azken fabrika da —Lutxanan ere igartzen dituzte ondorioak—, baina iraganeko industriaren arrasto sakonak geratzen dira oraindik auzo horretan: Eusko Jaurlaritzaren Spri agentziak bertoko lurretako kutsadura garbitzeko proiektu bat abiatu zuen otsailean. Aldiz, barakaldarrentzat esku hartzeak ez dira nahiko: herritik kanpo nahi dute kutsadura sortzen duen lantegi oro, hala ingurumen kutsadura izan, nola akustikoa. «XXI. mende betean, gune bat egon behar da industriarentzat, eta beste bat bizilagunentzat», ebatzi du Ruifernandezek.

Etxebizitzak ugaritzen ari dira

Nor zegoen aurretik, baina? Bizilagunak, edo enpresa? 65 urte inguru daramatza Oxinortek oraingo tokian. Ordurako, bazeuden etxebizitzak gune horretatik gertu, Lutxanako Orconera meatze enpresak beharginentzako hainbat etxebizitza eraiki baitzituen. Hala ere, industria eremua zen hura, Vazquezek esplikatu duenez. Hamarkadaz hamarkada, ordea, Oxinorteri bizilagunak ugaritu zaizkio, eta herriarekiko distantzia murriztu egin da, desagertzeraino; herria hedatzearen kausaz, hirigunea gerturatu egin da industria gunera.

«Oxinortek lizentzia batekin funtzionatzen du, eta lizentzia hori baldintza batzuetara lotuta dago; baldintzak ez badira betetzen, jarduera geldiarazi behar da arazoa konpontzen den arte»

JAVI VAZQUEZBarakaldoko Ekologistak Martxan elkarteko kidea

Joerak ez du aldatzeko itxurarik, etxebizitza gehiago baitaude aurreikusita Oxinorteren inguruan. Serraltan, 57.000 metro koadroko parke bat eraikitzen ari da udala, eta hainbat bloke egingo dira haren mugetan. Oxinortetik gertuen dagoen aldean —enpresatik metro gutxi batzuetara—, Arrasate taldeak 135 etxebizitzako bloke bat eraikiko du —horietatik 131 adjudikatuta daude jada—; beste aldean, Gurutzeta auzotik gertuen dagoenean, parkeko alderik garaienean, Metrovacesa lau bloke eraikitzen hasia da jada, eta 121 etxe eskainiko ditu —promotorearen webgunean jasota dagoenez, 265.000 eurotik gorako prezioan daude salgai—. Baina gune horietara ere heltzen da Oxinorteren zarata, baita autobidearena ere, Vazquezek baieztatu duenez. «Ustez, etxebizitzak neurri zuzentzaileekin ari dira eraikitzen, baina neurria da leihoen isolamendua hobetzea. Ematen du leiho horiek ez dituztela sekula zabalduko...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.