Gizartean gertatzen diren aldaketek arlo guztiak blaitzen dituzte. Eta, hala, hedabideetan ere eragina izan dute feminismoaren astinaldiek, batez ere azken urteetan. «Barruan eraldaketa behar da, eta kanpokoak barrukoa elikatzen du», Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariaren arabera. Baina nola lor daiteke zeharkako ikuspegia hedabide jeneralistetan? Hainbat gako aletu dituzte Mujikak eta Isabel Valdes El País egunkariko genero berriemaileak Pikara magazine-k antolatutako Kazetaritza Feministari Buruzko IV. Kongresuan, Bilbon, gaur goizean: besteak beste, emakumeei ardura postuak ematea, formakuntza feminista sustatzea eta edukiak zorrotz gainbegiratuko dituzten lankideak izatea defendatu dute. Deva Mar Escobedok gidatu du solasaldia. «Jakintza handiagoa da kolektiboa denean», BERRIAko zuzendariaren irudiko.
Hain justu, BERRIAk Euskaldunon Egunkaria-tik jaso zuen oinordetzan gidalerro hori, eta urte askoko prozesu baten ondoren parekidetasuna erdietsi dutela esan du Mujikak: erredakzio zuzendaritzako kideen erdiak andreak dira, iritzi emaileen artean emakumeak dira nagusi jada, eta ahalegintzen dira azalean ere presentzia hori nabarmentzen. «Baina garrantzitsua ez da soilik kargua izatea, baizik eta zer-nolako boterea ematen den horrekin batera: lan egiteko nolako askatasuna, erabakitzeko nolako ahalmena, nolako formakuntza», ñabartu du Valdesek. El País-ek 2016an sortu zuen genero berriemailearen figura, bere burua «zuritzeko» hasieran, baina kargua «errotu» egin da denboraren poderioz. «Kazetariek jada modu naturalean harrapatzen dituzte akatsak», balioetsi du Valdesek.
«Zazpi orduko txanda sistema ezarri dugu, eta horrek eskatzen du konfiantza izatea lankideengan, norberak idatzitako testua beste batek maketatuko baitu»
AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI BERRIAko zuzendaria
Halako prozesuak ez dira soilik arduretan oinarritzen, dena den. Mujikaren irudiko, kazetaritza feminista egiteak «beste balio» batzuk barneratzea dakar: esate baterako, zaintza. Zuzendariaren ustez, kazetaritza eredu «maskulino» bat gailendu izan da, 24 orduz kazetari izatea sustatzen zuena; baina feminismoak bestelako molde batzuk ekarri ditu. «Langileak gustura egon daitezela eta hobeto lan egin dezatela nahi dugu. Zazpi orduko txanda sistema ezarri dugu, eta horrek eskatzen du konfiantza izatea lankideengan, norberak idatzitako testua beste batek maketatuko baitu».
Beharginek eraldaketa horiek bere egin ditzaten, ezinbestekoak dira makuluak. Heziketa da haietako bat: Mujikak azpimarratu du formakuntza eguneroko kontua dela, baina, hala ere, saio espezifikoak antolatu izan dituzte hala BERRIAk nola El País-ek. Eta premiazkoa da, orobat, irizpideok arau bihur daitezela: estilo liburuan ager daitezela, alegia. «Gauza batzuk betetzera derrigortzen zaituen barneko corpus bat da; jarrera patriarkala duen kazetari bat izan zaitezke, baina, estilo liburuari esker, ez duzu ihesbiderik», Valdesen esanetan.
Hamar urteko iraultza
Mujikaren eta Valdesen berbei erreparatuta, agerikoa da ofizioak bolada berrietara egokitu behar izan duela. Eta bistakoa da, halaber, denbora tarte laburrean jazo direla eraldaketok. «Hamar urtean gauzak asko aldatu dira», adierazi du Mujikak; 2015ekoa da, hain zuzen, BERRIAren lehen berdintasun plana. Valdesek mugarri bat aitatu du: 2016ko sanferminetako sexu erasoa. «Manada-ren kasuak dena aldatu zuen». Aurretik, El País-ek Blog Mujeres deituriko atari batean jorratzen zituen emakumeekin zerikusia zuten gaiak. Valdesek berak koordinatzen zuen; gogoratu duenez, egunkariak ez zion garrantzi handirik ematen, baina, halako batean, ikustaldiek gora egin zuten, eta alde hori hauspotzea erabaki zuen. «Dena azeleratu zen».
«Jarrera patriarkala duen kazetari bat izan zaitezke, baina, estilo liburuari esker, ez duzu ihesbiderik»
ISABEL VALDES 'El País' egunkariko genero berriemailea
Mujikak hizpidera ekarri du 2018ko eta 2019ko greba feministek izan zuten esangura. «Lehen greba nola uztartu erabakitzeko, BERRIAko emakume guztiak bildu ginen. Ahalduntze prozesu izugarria izan zen. Mugimendu feministaz elikatzen gara; barrura begira, iraultza bat gertatu da». Greba ohartarazpen bat ere izan zen, hein batean. «Gizon batzuek ondo ikasia dute zer den politikoki zuzena».