URTEKARIA; KIROLA

Frantziako Tourra, Bizkaian

Txirrindularitza proba entzutetsuak hiru etapa izan zituen Euskal Herrian; Bilbon izan zuen abiapuntua. Jon Rahm barrikoztarrak PGA zirkuitua utzi du, eta ehunka milioiko kontratua sinatu LIVekin. Urdaibai berriz ere nagusi izan da arraunean.

FRANTZIAKO TOURRA - IKURRINAK
Frantziako Tourreko lehen etapa, Galdakaon, uztailaren 1ean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Frantziako Tourra munduan gehien ikusten diren kirol ekitaldietako bat da. Urtero, milioika pertsonak ikusten dituzte lasterketaren etapa guztiak, nahiz eta asko txirrindularitzazaleak ez izan. Aurten, Tourreko lehenengo hiru etapak Euskal Herrian izan dira. Hasierakoa Bilbotik irten zen uztailaren 1ean, eta Bilbo izan zuen helmuga. Txirrindulariek —eta lasterketa ikusi zuten kanpotarrek-— Bizkai osoa ezagutzeko aukera izan zuten: besteak beste, Gorliztik, Bakiotik, Bermeotik, Gernika-Lumotik eta Larrabetzutik igaro zen tropela. 

Bigarren etapa ez zen Bizkaitik pasatu, baina hirugarrena bai. Izan ere, Zornotzatik abiatu zen, eta Baionan izan zuen amaiera. Egun errepikaezinak izan ziren zornotzarrentzat, Tourrak «herriaren eta lurraldearen aberastasuna munduari erakusteko aukera» eman zielako, Ainhoa Salterain alkatearen hitzetan. Hirugarren etapa Markina-Xemeindik, Lekeitiotik eta Ondarroatik ere pasatu zen, eta, gero, txirrindulariek Gipuzkoa eta Lapurdi zeharkatu behar izan zituzten Baionara heltzeko. 

Aurtengo Tourrean, Pello Bilbao izan zen Bizkaiko txirrindularitzaren ordezkaririk arrakastatsuena. Gernikarrak lasterketako 10. etapa irabaztea lortu zuen. «Helburua bete eta Ginori [Mader] garaipena eskaini ahal izango niola ikusitakoan, sekulako poza eta lasaitua hartu nuen. Izugarria izan zen», adierazi zuen Bilbaok. Jonathan Castroviejo getxoztarrak eta Omar Fraile santurtziarrak ere hartu zuten parte Tourrean. 

Rahmek PGA utzi du

Golfean, Jon Rahm barrikoztarrak zeresana eman du aurten. Golflariak PGA Tour zirkuitua utzi du, eta 585 milioi dolarreko kontratua sinatu du Saudi Arabiako LIV zirkuitu berriarekin. Erabakiak zirrara sortu du golf munduan, Rahm jokalaririk onenetako bat baita. Barrikoztarrak onartu du kontratuaren oparotasuna garrantzitsua izan dela erabakia hartzeko orduan: «Ez dut gezurrik esango, esanez dirua ez dela izan LIVean sartzeko arrazoietako bat».

Apirilean, Rahmek Augustako Masterra irabazi zuen, golf txapelketarik nagusietako bat. Txapelketa horretan nagusitu den bigarren euskal jokalaria izan da, Txema Olazabal hondarribiarraren ostean. Horrez gain, otsailean bizkaitarrak Genesis Invitational txapelketa irabazi zuen, eta horrek lehen postura eraman zuen.

Bizkaitarrak nagusi

Arraunean, Urdaibaik zer ospatua eman dio Bizkaiari: gizonezkoen Donostiako Kontxako Bandera irabazi zuen. Irailean, Bermeoko taldea nagusitu zen euskal estopadarik famatuenean, bigarrenez jarraian. Zierbenak ere emaitza ona lortu zuen, bigarren bukatuta.

Zarautzeko bandera eta Getariako bandera ere irabazi ditu Urdaibak. Aurten egindako lan handiari esker, Eusko Label Ligako lehen postua bederatzigarrenez eskuratu du, 204 punturekin. Zierbenak bere historiako emaitzarik onena izan du aurtengo ligan: bigarren geratu da, 192 punturekin, eta lau bandera irabazita. 

Pilotan, gehien nabarmendu den bizkaitarra Aitor Elordi mallabitarra izan da. Aurrelariak lehenengo mailako bi txapel jantzi ditu lehendabiziko aldiz: binakakoa eta buruz burukoa. Apirilean, Iruñeko Nafarroa Arenan, Jose Javier Zabaleta eta Elordi 22-13 nagusitu ziren finalean Unai Laso eta Ander Imazen aurka. Ekainean, Bilboko Bizkaia Arenan, Elordik 22-18 irabazi zion buruz buruko finala Jokin Altunari.

Futbolean, Athleticeko taldeak ez dira nabarmendu. Gizonezkoek zortzigarren amaitu zuten Espainiako Lehen Mailan, eta emakumezkoek, hamargarren. Hori dela eta, ez batak ez besteak ez zuten lortu Europarako sailkatzea. Aipagarria da, hala ere, Ernesto Valverdek gidatutako gizonezkoen taldeak azken hilabeteetan izan duen martxa: bosgarren postuan dabil, eta Iñaki eta Nico Williams anaiak eta Gorka Guruzeta aurrelaria dira protagonistak. Amorebietak berriz ere lortu du Bigarren Mailarako igoera. Zornotzarrek denboraldia bikain biribildu zuten, eta lehen postuan amaitu. 2021ean lehendabizikoz jokatu zuten maila horretan, baina jaitsi egin ziren jarraian. Indarrak berritzea lortu, eta ostera igo ziren Bigarren Mailara. Hasiera gorabeheratsua izan ondoren, Haritz Mujikak entrenatzailea izateari utzi dio, eta Jandro Castrok ordezkatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.