Bitxi saltzailea eta gemologoa

Manuel Monge: «Gaur egungo gazteentzat bitxi batek ez du lehen guretzat zuen garrantzia»

XIX. mendetik bitxiekin diharduen sendi bateko laugarren belaunaldikoa da Manuel Monge. Bilbon dute denda. Dioenez, azken hogei urteetan aurreko ehunetan baino gehiago aldatu da sektorea, eta gero eta bitxi gutxiago oparitzen dira.

Manuel Monge
Manuel Monge, astelehenean, Bilboko Ertzilla kaleko Fernando Monge bitxi dendako atarian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2024ko apirilaren 15a
05:00
Entzun

Ehun urtetik gora dituzten denden eguna izan da eguaztena Bilbon. Lehen aldiz ospatu dute 66 negoziok. Tartean dago XIX. mendean sortutako Fernando Monge bitxi denda. Manuel Mongek (Bilbo, 1953) duela 46 urte hartu zuen birraititak sortutako negozioaren ardura. Elkarrizketan hainbatetan esan du ez duela mezu ezkorrik eman gura, baina iruditzen zaiola bitxien sektorea «estu eta larri» dabilela, «merkataritza oro har» dabilen bezala. Elkarrizketa hasi berritan, UPS banaketa enpresako langile bat etorri da. «Parisera saldu dugun erloju baten bila etorri da», azaldu du Mongek. «Garai berrietara egokitzea beste biderik ez dugu. Internetek kalte handia egin digu, baina aukera moduan erabiltzen ere ahalegindu behar dugu. Normalean, Parisko bitxi dendek sartzen digute gola guri, baina, oraingo honetan, guk sartu diegu haiei». 

Bitxien arloan lan egin duen familia bateko laugarren belaunaldia zarete neba-arrebok. Zelan hasi zen zuen familia sektore honetan?

Gure birraitita Juan Fernandez Monge zilargina zen. 1880 eta 1886 artean Gasteiztik Bilbora etorri zen. XIX. mendean ez zegoen bitxigilerik edo bitxi dendarik. Tailer bat zabaldu zuen hemen. Jakin dugunez katedraleko kustodia konpondu zuen, eta beste pieza batzuk ere bai. Garai hartan, zilarginek elizarako urrezko eta zilarrezko piezak egiten zituzten batez ere. Hil zenean, gure aitita Fernando Mongek hartu zion lekukoa. 1891n bitxi denda bat ireki zuen Gerrikogin kaleko 1. zenbakian. Gero, Zamudioko atarira joan ziren. Aitita 1938an hil zen, amamaren esku geratu zen negozioa, eta gure aita egin zen horren kargu. 1940ko hamarkadan ireki zuen Ertzilla kaleko denda hau, bigarrena. 1978an hil zen aita. Nik gemologia ikasi nuen Bartzelonan, eta aitarekin egiten nuen lan. Hil zenean, nik hartu nuen negozioaren ardura. Aitak Kale Nagusian perlen inportazio eta banaketa bulego bat ere sortu zuen, eta baita bitxien handizkako denda bat ere. 1980ko hamarkadan, Bartzelonan ezagutu nuen bitxigile batekin, Lazpiur bitxigintza enpresa sortu nuen, eta arrakasta handia izan genuen. Nire bazkidea erretiratu zenean, utzi egin genuen.

Bokazio kontua izan da zurea, edo obligazioz hasi zinen?

Aita hil aurretik hasi nintzen lanean hemen, eta gustuko nuen. Neba-arrebetan jarraitu nahi zuen bakarra nintzen. Ikasle kaskarra nintzen, gainera. Gemologia ikasi nuen Bartzelonan. Enpresaritza ikasketak hasi nituen hemen, baina ez nuen bukatu. Gusturago nenbilen dendan lanean. Ertzillako denda honetan gure izeko Begoña egoten zen. 14 urte nituela, Gabonetan hari laguntzera etortzen nintzen. Orduan lan piloa egoten zen Gabon sasoian.

133 urte ditu zuen negozioak. Luze eutsi diozue, baina azkenaldian bitxi denda asko zarratu dira. Zelan dago sektorea?

Bolada zailean dago. Duela gutxi desagertu zen Bizkaiko Bitxigileen Elkartea. Espainiako garrantzitsuenetakoa izan zen. Gure aita izan zen presidentea hil aurretik, eta, orduan, hirurehun bazkide zituen elkarteak; orain, 80 ere ez ziren. Orain, kale honetan, merkataritza lokal baten alokairuagatik duela zortzi urte ordaintzen zenaren erdia eskatzen dute. Bilbo da Espainiako hiri garrantzitsuen artean lokal huts gehien dutenetako bat. Bada zerbaiten adierazgarri, ezta? Mundua asko aldatzen ari da, eta zailtasunak izaten ari gara egokitzeko.

«Lehen bitxiak oparitzen ziren: bataioan, jaunartzean, ezkontzan... Gaur egun, bidaiak eta esperientziak».

Zuen birraitita zilargin zenetik orain arte, asko aldatu da ofizioa. Zu hasi zinenetik hona ere igarriko duzu aldea, ezta?

Gure birraititaren sasoitik ni hasi nintzenera arte baino askoz gehiago aldatu da azken hogei urteetan. Gizartea bera aldatu da azken hogei urteetan aurreko ehunetan baino gehiago. Lehen bitxiak sarri oparitzen ziren: bataioan, lehen jaunartzean, ezkontzan... Gure amak zazpi seme-alaba izan zituen. Erditzen zen bakoitzean bitxiren bat oparitzen zioten. Gaur egun bidaiak, esperientziak eta holakoak oparitzen dira, batez ere. 30 urte dituzten andreei galdetzen badiezu zer duten gurago, hamar egun Cancunen edo bitxi bat, %80k nahiago izango dute bidaia. Gaur egungo gazteentzat bitxi batek ez du lehen guretzat zuen garrantzia.

Beraz, bitxiek lehen zuen balio sentimentala galdu dute?

Badago amamaren edo amaren bitxia gorde gura duen jendea. Askok eraldatu egiten dute, gaur egungo gustuetara egokitzeko. Baina arazoa ez da bitxien balio sentimentala: kontsumoa aldatu da, eta bitxiak ez dira lehentasuna. Hala ere, ez dut ezkorra izan nahi. Bitxi dendek jarraituko dute, baina gutxiago izango dira. Gainera, gaur egun, erloju bat edonon eros dezakezu honi esker [sakelako telefonoa atera du]. 

Bitxi saltzailea zara, batez ere; sortzailea ere bai?

Gutxi sortu ditut. Gure negozioak 125 urte bete zituenean erloju bat sortu nuen, esaterako: Fernando Monge erlojua. Ez da luxuzkoa; kuartzozkoa da, suitzarra. 125 egin genituen. Munduko orduak markatzen ditu. Gure ordu eremuan erreferentzia Paris izaten da, baina erlojuan Bilbo jartzen du, eta koloreak Athleticenak dira: gorria, zuria eta beltza. 

Duela bi urte sortu zuen Bilboko Udalak Ehun. Betiko dendak betirako ekimena, ehun urte baino gehiago dituzten negozioak babesteko. Besteak beste, omenaldi bat egin zieten. Irudian, Juan Mari Aburto alkatea, Manuel Monge eta Xabier Otxandiano Merkataritza zinegotzia, 2022ko irailean.MANUEL MONGE
Bilboko Udalak duela bi urte sortu zuen 'Ehun. Betiko dendak betirako' ekinaldia, ehun urte baino gehiago dituzten negozioak babesteko. Besteak beste, omenaldi bat egin zieten. Irudian, Juan Mari Aburto alkatea, Manuel Monge eta Xabier Otxandiano Merkataritza zinegotzia, 2022ko irailean. MANUEL MONGE
Zer jakin behar du bitxiekin lan egin nahi duenak?

Bitxien sektorean hiru alor daude: diseinua, tailerreko lana eta materialak —diamanteak, zafiroak, esmeraldak, errubiak...—. Nik denak ezagutzen ditut; uste dut ezinbestekoa dela. Lehen tailerreko eskuz egiten zen. Hori aldatuz joan zen, eta gaur egun 3D diseinuaren arabera egiten dira. Orain 3D diseinuarekin ez hainbeste, baina lehen tailerreko ofizialari nik esaten nion zelako bitxia egitea gura nuen. Asko ikasi dut tailerretan ibilita. Lazpiurren nire bazkidea zen bitxigilea eta ni merkaturatzeaz arduratzen nintzen. Diseinua ere garrantzitsua da. Bakoitzak bere sormena dauka, baina jakin behar da gero zer salduko den. Nik barre egiten nien Bartzelonan egoten ziren diseinatzaileei, diseinatzen zutena ez zetorrelako bat bezeroen gustuekin. Lehengoan Lituaniako bitxi diseinatzaile bat aurkeztu zidaten. Sasi mordoa jaso ditu. Baina hark egindako bitxiak gure dendan ez lirateke salduko. Nordikoak dira, Europa ekialdekoak ere bai. Gurean Frantziako eta Italiako estiloa gustatzen zaigu gehiago, Mediterraneo aldekoa.

Gaur egun zelako bitxiak nahi dituzte bizkaitarrek?

Orain oso eklektikoak gara. Hala ere, adinaren arabera asko aldatzen dira gustuak. Gure artean  gustu tradizionalak ditugu.

Erlojuak gizonentzat eta gainontzeko bitxiak andreentzat. Horrela da oraindik ere?

Bitxien %90etik gora andreentzat dira; erlojuen %80, gizonentzat. Gizonen bitxia da erlojua. Ez da ohikoa gizonek bitxiak erabiltzea. Egia da guk ere ez diegula askorik eskaintzen. Gizonezkoentzat egiten diren bitxiak altzairuzkoak dira, edo larruzkoak. Nik ere egiten ditut larruzkoak, baina zilarrarekin, eta ez urrearekin.

Gero eta gehiago erabiltzen dira imitaziozko bitxiak.

Azken urteetan kale honetan hainbat bitxi denda ireki dira, baina hamabost euroko lepokoekin. Beste produktu batzuk dira. Hemen ez dute topatuko hamabost euroko lepokorik.

«Bitxien %90etik gora andreentzat dira; erlojuen %80, gizonentzat. Gizonen bitxia da erlojua»

Urrea oso garesti dago. Nabaritzen duzue?

Izugarri. %23 garestitu da, eta bide beretik jarraituko du. Baina zer ez da garestitu azkenaldian? Niri izugarri gustatzen zait txokolatea, eta uste dut kakaoaren prezioa lehen halako bi dela orain. Gu ezin gara ibili gure bitxiak neurri berean garestitzen; ez dakit zelan moldatuko garen.

Zergatik garestitu da hainbeste?

1970eko hamarkadaren bukaerara arte prezio finkoa zuen. Liberalizatu egin zen, eta eskariaren eta eskaintzaren arabera mugitzen da. Aita hil zen urtean, 1978an, urtarrilean 160 dolar ordaintzen zen urre ontza; urte bereko ekainean, 300 dolar; azaroan hil zen aita, eta, hurrengo urtarrilean, 800 dolarrean zegoen. Hamabost urte pasatutakoan, 120 dolarrera jaitsi zen. Azkenekoz begiratu nuenean, duela egun batzuk, 2.300 dolarrean zegoen. Faktore askok eragiten dute horretan. Gaur egun, urrea ateratzea orduan baino garestiagoa da; gero eta garestiagoa izango da ez badira meategi berriak topatzen. Gainera, duela 30 urte urrea erosten duten dendak agertu ziren. Horri esker, Espainia urre esportatzailea da, meategirik izan gabe. Eskaria eta eskaintza kutsatuta daude. Txinak eta beste herrialde batzuek urre asko erosi dute. Dirudienez, munduan dugun egoera herritarrek igartzen dugun baino larriagoa da, eta horregatik ari dira hainbat herrialde urrea erosten. Hala ere, ez dut uste urrea inbertsio bat denik. Bitxien industriak gutxiago kontsumitzen du, bai, baina orain beste gauza batzuetarako ere erabiltzen da. Esaterako, sakelako telefonoak egiteko behar da; gutxi telefono bakoitzean, baina zenbat telefono egiten dira? 

Urrea erosten duten dendak aipatu dituzu. Zer sentitzen duzu jendea halakoetan bitxiak saltzen ikustean? Hemen erositako bat saltzeak min emango lizuke?

Egoki deritzot. Diru hori behar badute, zer egingo dute? Bitxiak saltzeari esker, familia askok aurrera egin ahal izan du. Izango dira etxean enbarazu egiten dietelako saldu dituztenak ere... Agian, kostatu zitzaiena halako hiru ordaindu diete orain.

motzean

Bitxi bat?
Edozein. Maitemintzen zaituen edozein; erabiliko duenari gustatu behar zaio.

Oparitu dizutenen bat?
Normalean, ez dizkidate oparitzen, baina izeko Begoñak oparitutako mahuka biki hauek. Balio sentimental handia dute, hura gogoratzeko balio didatelako.

Zuk oparitutakoa?
Emazteari asko oparitzen dizkiot. Hari baino gehiago niri gustatzen zaizkidanak oparitzen dizkiot, gainera. Azkena eraztun bat izan da, platinozkoa.

Material bat?
Platinoa. Asko gustatzen zait lanerako. Gaur egun, tamalez, gutxi erabiltzen da.

Harribitxi bat?
Denak dira oso ederrak, baina, bat aukeratu beharko banu, diamanteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.