Gertu erein dute hazia

LGTBI elkarte eta erakundeentzat, premiazkoa da tokian-tokian eragitea: hirietan eta herrietan presente egotea lagungarri zaie arta emateko, sare afektiboak eratzeko eta militantzia politikoa sustatzeko.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko iazko manifestazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko Bilboko iazko manifestazioa, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Neurri orokorrek izaten dute oihartzunik handiena, baina tokian-tokian mamitzen da LGTBI borroka. Hirietan eta herrietan sortzen baitira sareak, sustatzen mobilizazioak, ozentzen protestak eta antolatzen jarduerak. «Tokiko instituzioekin eta elkarteekin harremana izaten dugu, baina ez bakarrik eraso bat gertatzen denean erantzun bat antolatzeko», azaldu du Bea Sever Naizen adingabe transen gurasoen elkarteko familien arreta arduradunak. «Eraikitzea da irizpidea: enpatia, ulermena eta ezagutza giroa sortuz joatea. Laguntza eskaintzen diegu horretarako». Biharko LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, elkarteek manifestazioak antolatu dituzte biharko hainbat hiri eta herritan: Bilbokoa 12:00etan abiatuko da, Casilla plazatik, Transfobiaren aurka, borroka kolektiboa lelopean.

Bi bidetatik jotzen du Naizen elkarteak bere jardunean: batetik, erakundeekin egiten duen lana dago, protokolo eta lege orokorrak garatze aldera; baina, bestetik, ez da ahazten tokikotasunak duen potentzialtasunaz. Elkartearen hasierako urteetan, familia bat batzen zitzaien bakoitzean hitzaldiak antolatzen zituzten haren herrian, bertokoak informatu eta sentsibilizatzeko. 330 familia izanik dagoeneko, herri askotan egina dute jada hasierako esku hartze hori, baina horrek ez ditu aukerak agortu: toki batzuetan «oso jarrera proaktiboa» dute, Severrek nabarmendu duenez, eta urtero antolatzen dute ekintzaren bat.

«Herri txikietan, jendeak ezagutzen zaitu, zure familia ezagutzen du; pertsonei izen-abizenak jartzen dizkiegunean, errazagoa da enpatia eta elkartasuna sortzea»

BEA SEVERNaizen adingabe transen gurasoen elkarteko familien arreta arduraduna

Aukera gehiago ere badaude. Orain dela urte batzuk, Naizenek udalentzako gida bat ondu zuen, eta orduan jasotakoak gogorarazi ditu familien arreta arduradunak. «Errealitatea ikusaraz dezakete banku bat margotuz edo ortzadar bandera jarriz, baina baita herriko liburutegian edo ludotekan materialak izanda ere, edo gaia txertatuz antzezlanetan, diru sailak gordez aldagelak egokitzeko...». Halaber, formazio saioak ere sustatzen dituzte udaleko beharginentzat, kiroldegikoentzat, osasun zentrokoentzat, ikastetxekoentzat eta abarrentzat; eta instituzioei eskatzen diete adi egon daitezela, ez ditzaten leku publikoak laga «gorroto diskurtsoak» helarazten dituzten jarduerak antolatzeko.

Hiriak eta herriak

Bilboko Aldarte zentroarentzat ere «funtsezkoa» da tokikotasuna, Lala Mujika psikologoak azpimarratu duenez. LGTBI pertsonei arreta eskaintzen die Aldartek, eta gertutasuna ezinbestekoa da haiengana heltzeko eta lotura sortzeko, Mujikaren berbetan. Sozializazioan egiten dute behar, eta arreta berezia ipintzen dute zaurgarriagoak izan daitezkeen gizarte taldeetan: adinekoak, migratzaileak, gazteak eta emakumeak, besteak beste. Egunero biltzen dira sozializazio taldeak, eta langile sozialek arta eskaintzen diete aterpe eta janari bila dabiltzanei, kasu baterako. «Maila lokalean ariko ez bagina, hori guztia egitea ezinezkoa litzateke», berretsi du Mujikak.

Eta, hala ere, Bilbo bezalako eremu batek eskaintzen dituen saretzeko aukerak gorabehera, badago oraindik hobetzeko tartea, Aldarteko psikologoaren berbei erreparatuta. Izan ere, uste du arta hankamotz geratzen dela gaur-gaurkoz. «Badaude LGTBI migratzaileekin harremanetan dauden erakundeak —Gurutze Gorria, Zehar...—, asiloarekin eta nazioarteko babesarekin lotutako kontuetarako», baina iruditzen zaio LGTB pertsonek arta espezifikoagoa behar luketela, eta «koordinazio» handiagoa premiazkoa dela hori lortzeko.

«Erakunde gutxik egiten dute lan LGTBI taldeak antolatzen, nahi gabeko bakardadea hausten. Halako erakunde gehiago behar dira»

LALA MUJIKABilboko Aldarte zentroko psikologoa

Mujika are ezkorragoa da hiriburuko ehun sozialaz mintzatzerakoan. «Nahiko apurtua, bereizia eta desegina dago, zoritxarrez». Aletu duenez, badira ikastetxeetan eta abarretan formakuntzak egiteko taldeak, baita helburu politikoagoa duten elkarteak ere, baina Mujikak gabeziak igartzen ditu arreta zuzenaren arloan. «Erakunde gutxik egiten dute lan taldeak antolatzen, nahi gabeko bakardadea hausten. Halako erakunde gehiago behar dira». Bilbotik kanpo, lehortea handiagoa da. «Inguruko jendea Aldartera etortzen da: Bakiokoak, Durangokoak... Herrietan bakartze handiagoa dago».

Severren arabera, hiriburuan errazagoa da elkarlana, mugimendua antolatuago dagoelako, baina ez zaio iruditzen herrietan gaitzagoa denik LGTBI izatea; ez kasu guztietan, bederen. «Herri txikietan jendeak ezagutzen zaitu, zure familia ezagutzen du, eta batzuetan errazagoa izaten da hiri handi anonimoetan baino; pertsonei izen-abizenak jartzen dizkiegunean, errazagoa da enpatia eta elkartasuna sortzea». Naizen elkarteko kidearen hitzetan, herri txikietan trantsizio oso politak izaten dira gehienetan, arazorik gabeak. Gainera, irudipena du gero eta tokiko elkarte gehiago sortzen ari direla. «Transen tokiko elkarte bat sortzea oso zaila da, oso-oso gutxi dira eta; herri batean bi egon daitezke, agian». Baina «letra guztiak» biltzen dituzten taldeak ugaritzen ari dira; batik bat, eskualde mailakoak. «Esango nuke lotsa eta beldurra galdu dela», onetsi du Severrek.

«Zuriketa arrosaren» aurka

Durangon 2022an sortu zuten Kuir Eztanda taldea. Herriko festetara begira, hasieran, «queer ikuspegitik zerbait antolatzeko, jaietan ere presentzia bat bermatzeko, eta eremu eta jai eredu seguru bat sortzeko», Elena Olabe kideak gogoratu duenez. Gustura geratu ziren egitasmoarekin, eta hortik aurrera talde moduan segitu zuten. Urtez urte gero eta jende gehiago batuz joan da Kuir Eztanda, eta hori bada hutsune bat bete izanaren seinale. «Belaunaldi askotako jendea dago taldean, eta gutako bakoitzak esperientzia ezberdinak eduki ditu», argitu du Olabek, baina askorentzat hiriburua zen erreferentzia taldea sortu aurretik. «Bilbon ibili dira, beste hiri handiago batzuetan ere bai, mugimendu feministan... Baina, oro har, Bilboko LGTB mugimenduari lotuta egon gara gutako asko».

«Herri mugimendua desartikulatzeko eta hari boikot egiteko mekanismo bat da zuriketa arrosa, eta guk ez dugu gura gure borroka merkantiliza eta kapitaliza dezaten»

ELENA OLABEDurangoko Kuir Eztanda taldeko kidea

Zer eman die Kuir Eztandak, orduan? Bi ekarpen nagusi aitatu ditu Olabek: sare afektibo baten taxutzea eta eragin politiko-militantea. «Alde batetik, elkar ezagutzeko modu bat izan da, herrian edo eskualdean LGTB moduan saretzeko leku bat; afektiboki asko lagundu digu, antzeko esperientziez aritzeko, elkar entzuteko eta babesgune bat sortzeko. Eta, beste alde batetik, politikoki antolatzeko eta ikasteko leku bat ere sortu da».

Durangoko taldeak atzo arratsaldean egin zuen ekainaren 28ko manifestazioa, eta «zuriketa arrosa» salatu zuten. «Gero eta normalizatuago dago», esan du Olabek, eta hizpidera ekarri du Bilbao Bizkaia Harrok eta hiriburuko udalak batera ondutako egitarauak eragin duen gaitzespena, hala nola E28 koordinakundearena. «Finean, herri mugimendua desartikulatzeko eta hari boikot egiteko mekanismo bat da zuriketa arrosa, eta guk ez dugu gura gure borroka merkantiliza eta kapitaliza dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.