Bilboko Udalak Sexu eta Genero Aniztasunaren lehen plana onartu du

Udal politikak, sentsibilizazioa eta indarkeriaren prebentzioa dira planaren ardatzetako batzuk. Hainbat eragilerekin ondu dute. 2030era arte aplikatuko da.

Bilboko udaletxea ortzadar banderaren koloreekin argiztatuta, artxiboko irudi batean. BILBOKO UDALA
Bilboko udaletxea ortzadar banderaren koloreekin argiztatuta, artxiboko irudi batean. BILBOKO UDALA
amaia igartua aristondo
2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko Udalak urrats bat egin du hiri bidezkoagoa, pluralagoa eta indarkeriarik gabekoa lortzeko helburuan: Sexu eta Genero Aniztasunaren lehen udal plana onartu du. Prozesu parte-hartzaile baten bidez ondu du, tokiko errealitateari buruzko diagnostikoan oinarrituta: udaleko LGTBIQA+ foroa osatzen duten elkarteak inplikatu dira, baita gizarteko beste eragile batzuk ere, eta Berdintasun Planen Batzorde Politikoak esku hartu du prozesuan —udaleko talde politiko guztiak daude ordezkatuta batzorde horretan—. Plana indarrean da jada, 2030. urtera arte.

Itziar Urtasun Berdintasun eta Jaietako zinegotziaren arabera, aniztasunak «gizartea aberasten du», eta, horrenbestez, uste du aniztasun plana «urrats historiko bat» dela Bilborentzat. «Konpromiso sendoa erakusten du giza eskubideekiko, pertsona guztien duintasunarekiko, eta inklusioan eta justizia sozialean erreferente izan nahi duen hiri honekiko. Ez gara hutsetik abiatuko, baina jauzi kualitatibo bat egin dugu».

Hiru lan ardatz jaso dituzte planean: zeharkakotasuna eta udal politiken koordinazioa; sentsibilizazioa, trebakuntza eta ahalduntzea; eta sexu eta genero orientazioagatiko indarkeriarik gabeko guneen bermea.

Lehen ardatzaren bitartez, sexu eta genero aniztasunaren ikuspegia txertatu eta ikusarazi gura dute Bilboko Udalaren politiketan. Horretarako, barne mailan lan egitera eta beharrezko egiturak eta tresnak eskuratzera konprometitu dira. Besteak beste, udaleko politikarien eta teknikarien prestakuntza eta trebakuntza bultzatuko dituzte, indartu egingo dute erakundeen arteko koordinazioa eta gizarte eragileekin eta hirugarren sektorearekin duten lankidetza, eta diru laguntzetan eta kontratuetan sexu eta genero aniztasunaren inguruko klausulak txertatuko dituzte.

Sentsibilizazioa eta prebentzioa

Bigarren lan ardatzak herritarrekin eta gizarte eragileekin egiten den lana du jopuntu. LGTBI komunitateko pertsonen errealitateaz eta eskubideez kontzientzia hartzea da xedea, kolektibo espezifikoei zuzendutako kanpainak diseinatuta, elkarte sarea babestu eta indartuta, herritarrak eta gizarte eragileak trebatuta —ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta gurasoak, esaterako—, eta LGTBI komunitateko pertsonen errealitatea eta eskubideak aintzat hartzen dituzten arte eta kultur jarduerak sustatuta. LGTBIQA+ foroarekin batera, sexu eta genero aniztasunari buruzko jardunaldiak egingo dituzte urtero.

Eta azkenik, indarkeria desagerrarazteko ekintzak ere zerrendatu dituzte planean. Bi lan ildo zehaztu dituzte: batetik, prebentzioa landuko dute, eta, bestetik, indarkeria jasan dutenei bideratutako neurriak ezarriko dituzte. Lehentasunezko kolektiboetan jarriko dute arreta, bereziki —transak, lesbianak, adinekoak, migratuak, adingabeak eta desgaituak—, eta LGTBI komunitatekoei eskainitako arreta koordinatuko dute. Hauek dira bide horretan garatu nahi duten ekintzetako batzuk: indarkeria prebenitzeko esku hartzeak egingo dituzte gaueko aisialdiko eremuetan; gune seguruak sortu eta indartuko dituzte; erasoen aurkako protokoloa zabalduko dute; eta eragileak trebatuko dituzte, aholkularitza eta arta hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.