Getxoko Udalak gaurko osoko bilkuran onartuko du behin betiko HAPO hiri antolamenduko plan orokor berria. Joan den astean eman zion azken oniritzia Lurraldeko Informazio Batzordeak, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoak bilduta. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu dute. Udal gobernuaren esanetan, HAPO berria bat dator «gizarte eta lurralde kohesioaren alde» egitearekin: «Gaur egungo beharrei erantzun eta biharkoak aurreratzen ditu planak, demografia, gizarte, ekonomia eta ingurumen erronka handietara egokituta». Getxok 4.790 etxebizitza behar ditu EAEko Lurralde Antolamendurako Gidalerroen arabera. Planari esker, 4.417 eraikiko dira, «gazteen premiei aurre egiteko, eta biztanleria mantentzeko eta berreskuratzeko».
Hain zuzen ere, etxebizitza da planaren lau oinarrietako bat. Eraikiko direnen %68,10 babes ofizialekoak izango dira. Horretarako lursailak gorde dituzte Zubilletan, Santa Marina Haitzean eta Diliz Goikoan. Lotarako hiri izateari ere utzi gura dio Getxok. Horretarako, etxeak eraikitzearekin batera ,«bizitzeko, gozatzeko eta lan egiteko aukerak» sortu beharko ditu. Martiturrin hamalau hektareako esparrua gorde dute hiriko jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Asmoa da inguru hartan negozioak martxan jartzeko lekua izatea. Horrez gainera, lurzoruen erabilera askotarikoa izatea erraztuko dute, hurbileko ehun ekonomikoa bultzatzeko.
Orain arte indarrean egon den planak 25 urte baino gehiago ditu. Amaia Agirre alkatearen esanetan, beharra zegoen garai berrietara, bizimodu berrietara egokitzeko eta herritarren gaurko lehentasunei erantzuteko. «Plan hau ez da dokumentu tekniko bat bakarrik: Bestelako Getxo bat irudikatzeko eta eraikitzeko aukera da, orekatuagoa, jasangarriagoa eta jende guztiarentzat aukera gehiago eskainiko dituena».
Udalaren arabera, Askorri «aktibo natural gisa babesteko apustua» ere egin dute. Planean lurzoruaren %70 eta %80 artean zaintzeko konpromisoa hartu dute. Inguruan parke bat, ekipamenduak eta hurbileko zerbitzuak ezarriko dituzte. Berdegune gehiago izatea ere jaso dute planean. Esaterako, Murun 35.000 metro koadro baino gehiagoko parke bat eraikiko dute.