Azaroaren 10ean onartu zuen Getxoko Udalbatzak hiri antolamendurako plan orokor berria. Hura ontzeko prozesuan, aurka agertu ziren udalerriko hainbat eragile. Orain plan hori auzitara eroango dutela iragarri dute Getxoko Auzokideok plataformak eta Gobelako Kaltetuen Elkarteak. Uste dute planean jasotako neurrien ondorioz uholde arriskua handitu egingo dela eta ez direla beteko beharrezko segurtasun neurriak.
Elkarteok salatu dutenez, planean aurreikusita dago hirurogei hektarea hormigoiz betetzea Gobela eta Kandelu ibaien arroetan. Ehun futbol zelaik beteko lukeen eremua da. Inguru natural hori urbanizatzen bada, ura xurgatzeko gaitasuna galduko du, elkarteon arabera, eta, ondorioz, uholde arriskua handituko da inguruotan Gobela eta Kandelu ibaiak hazita jaisten direnean. Hori horrela balitz, getxoztarren %12 uholde arrisku handiko eremuetan biziko lirateke. Hau da, 9.000 pertsona baino gehiago. Horietatik mila baino gehiago arrisku handieneko eremuetan bizi dira orain ere. Izan ere, aspaldikoak dira Getxon uriolekin dituzten arazoak.
Auzokideok plataformak eta Gobelako Kaltetuen Plataformak gogoratu dute horrelako jarduketak egiteko legediak azterketa hidraulikoa eskatzen duela. Baina, salatu dutenez, Getxoko Udalak ez du halakorik egin plan berria lantzerakoan. Bereziki larria iruditzen zaie Gobela ibaiaren kasua, haren arroaren %25ean hirigintza lanak egingo direlako.