Gorbeiatik Ganekogortara, adar hotsaren atzetik

Bizkaiko Mendi Federazioak eta foru aldundiak antolatuta, deiadar mendien erronka egiten ari dira asteon: zazpi egunean bost menditatik igaroko dira.

Deiadar Mendien erronkan parte hartu duten mendizaleak, astelehenean, Gorbeian. PEDRO MARI AIZARNA
Deiadar Mendien erronkan parte hartu duten mendizaleak, astelehenean, Gorbeian. PEDRO MARI AIZARNA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 3a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarrizketa bitxia izan da eguerdian Sollube inguruan. Deiadarra jo dute tontorrean, eta magalean Arrietako elizako hamabietako kanpaiek zain dituztela erantzun diete. 14:00ak pasata ailegatu da Libaoko plazara 25 bat laguneko taldea, Victor Luis de Pedro eta Begoña Arandia mendizaleek gidatuta. Astelehenean abiatu ziren Pagomakurretik (Zeanuri), eta domekan bukatuko dute ibilbidea, Ganekogortan (Alonsotegi). Deiadar mendien erronka osatzen ari dira: zazpi egunotan elezaharraren arabera Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia egiteko igotzeko ziren bost mendiotatik pasatuko dira, haietako bakoitzean adarra jotzeko. Bizkaiko Mendi Federazioak eta foru aldundiak antolatu dute, aurten Kirolur izenpean Bizkaia Europako kirol herrialdea den aitzakian.

Bizkaiko Mendi Federazioko presidente eta Arandiaren senar Pedro Mari Aizarnari otu zitzaion ideia. «Diputaziokoek galdetu zidaten ea federaziotik zer egin genezakeen urte berezi honetan. Lehenengoa egin genuen, Emakumeak Gailurretan izeneko erronka: maiatzaren 16an emakumez bete genituen Bizkaiko mendiak. Eta orain honekin gabiltza. Astebetean 181 kilometro egingo ditugu». Astelehenean Gorbeiara igo ziren; atzo, Oizera, eta gaur, Sollubera. Biharko eta etziko etapetan ez dute deiadar mendirik igoko. Zapatuan Kolitzara igoko dira, eta domekan, Ganekogortara, han egingo baitute Bizkaiko Batzar Nagusiek urtero antolatzen duten Deiadar Mendien Eguna.

Deiadar Mendien erronkan dabiltzan mendizaleak, gaur, Errigoitin, Bizkaiganeko Santa Krutz ermitan. PEDRO MARI AIZARNA
Deiadar mendien erronkan dabiltzan mendizaleak, gaur, Errigoitin, Bizkaiganeko Santakrutz ermitan. PEDRO MARI AIZARNA

Egunero-egunero dabiltzanak lau dira: federazioko presidentea, erronka prestatzearen arduradun Aitor Intxaurraga, eta lidergoa hartu duten biak, De Pedro eta Arandia. Hala ere, Arandiak gaur bukatu du erronka, eta domekara arte beste andre batek hartuko dio lekukoa: Maria Jesus Martinek. Gura duen edonor batu daiteke taldera, eta hala gertatu da egunotan. Etapa igaroko den eskualdeko mendizaleak eta mendi taldeetako kideak elkartu zaizkie, batez ere; baina baita beste leku batzuetakoak ere. Berbarako, gaur Lemoako, Galdakaoko, Igorreko eta Bilboko mendizaleak ere ibili dira haiekin, eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua ere bidelagun izan dute.

Baldintza bakarra dago: guztiek De Pedroren eta Arandiaren atzetik egin behar dute bide osoa. De Pedro da abiadura kontrolatzen duena; Arandia haren atzetik doa. «Victor Luis mendizale itzela da, eta oso ondo markatzen digu erritmoa», esan du Arandiak. Aizarnak egindako kalkuluen arabera, batez beste, orduko 3,8 kilometroko abiaduran dabiltza. «Edonork egiteko modukoa da. Ez dugu presarik: Bizkaiaz gozatzea da helburua», nabarmendu du De Pedrok.

deiadar mendien eguna, domekan

Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta, Deiadar Mendien Eguna egingo dute domekan. Oraingoan Ganekogortara igoko dira. Bilboko Gailurra mendi taldea antolatu da prestaketaz; izan ere, hiriburutik abiatuko dira mendizaleak. 08:00etan dute hitzordua, Kobetamendiko aparkalekuan. 12:00etan helduko dira tontorrera. Adarrak jo ondoren, jaia izango dute Pagasarriko zelaietan. Musika, dantza, bilbainadak, jan-edana eta opariak izango dituzte. Gailurra mendi taldeak Lemoako Ganzabal klubeko ordezkariei emango die lekukoa, datorren urtean Gorbeian egingo den Deiadar Mendien Eguna prestatu dezaten.

Lehen etapa izan zen gogorrena, Gorbeiara joan zirenekoa. 37 kilometro egin zituzten, Abadiñoko Matiena auzoraino. Atseden eta guzti, 11 ordu behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. «Mendian ibiltzeko aro itzela izan genuen: eguzkitsu baina haize freskoarekin», gogoratu du Aizarnak. Bigarrena Matienatik Gernika-Lumorakoa izan zen. Egun euritsua eta hotza atzokoa. Oizen haize gogorra izan zutela gogoratu du. «Pentsatu genuen 15:00etarako ailegatuko ginela Gernikara, baina azkenean 17:00etan heldu ginen». Gernika-Lumotik abiatu dira gaur, Arrietan bukatzeko. Etaparik jendetsuena izan da orain arte. «Paseo eder bat», De Pedroren esanetan. Mungiako Tallu mendi taldekoak ere batu zaizkie Solluben, eta guztiek elkarrekin bazkaldu dute Arrietako tabernan.

Arandiaren esanetan, orain arte ezezagunak zituen Bizkaiko parajeak ezagutzen ari da egunotan. «Ni Arratiakoa naiz, eta Gorbeia ingurua oso ondo ezagutzen dut, baina parte honetan oso gutxitan egon naiz, eta ikusgarria iruditu zait. Harritu nau». Sollube «ez da mendi ederra», Aizarnaren esanetan: «Autoz igo daiteke hara». Baina ikusmira itzela du: Urdaibai, Uribe Kosta, Mungialdea, Bizkaiko golkoa... Egun argietan Bizkai osoa ikus daiteke kostaldeko talaia paregabe hartatik. «Normalean lurrera begira joaten naiz mendian, non zapaltzen dudan ere. Baina Bizkaiganen ogitartekoa jateko geratu garenean, itzela izan da handik ikusten genuena», kontatu du Arandiak. Mungialdea parez pare, Uribe Kosta atzean eta Kantabria aldea urrunago. Arrieta ere «eder-ederra» iruditu zaio: «Herri txikia da. Plaza oso polita dauka; gozo-gozoa».

Erronka osoa betetzen dabiltzan mendizaleak, Carlos Sergio Bizkaiko Kirol zuzendariarekin, atzo, Gernika-Lumoko batzar etxean. PEDRO MARI AIZARNA
Erronka osoa betetzen dabiltzan mendizaleak, Carlos Sergio Bizkaiko Kirol zuzendariarekin, atzo, Gernika-Lumoko batzar etxean. PEDRO MARI AIZARNA

Ibilbidea prestatzeko, 2018an federazioak berak antolatutako Deiadar Xtreme mendi lasterketakoa aprobetxatu dute. De Pedro arduratu da baliagarri izaten jarraitzen duela egiaztatzeaz. «Maiatzaren 1ean hasi nintzen, eta apurka-apurka ibilbide osoa osatu dut. Baso batzuk bota dituzte, bideak kendu, berriak egin. Pista batzuk sasiek zarratuta ere topatu ditut». Beraz, egokitzapen batzuk egin behar izan dituzte. Esaterako, Gernikan mendi martxa bat izan zuten domekan, eta ordurako garbitutako bidea aprobetxatu dute gaur Solluberantz abiatzeko. Donejakue bidearen zati batzuk ere aprobetxatu dituzte. «Oso ondo aztertu behar izan dut, orain dena lasai eta artez egin ahal izateko». Egunero bezala, 08:00etan abiatuko dira bihar ere: Arrietako plazatik Bilbora joango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA