Lea-Artibai eskualdean zientziaren dibulgaziorako ekinaldirik apenas zegoela ohartuta, Ondarroako herritar batzuk elkartu egin ziren, eta Zientziaren Giltzak elkartea sortu zuten 2014an, jakintza zientifikoa zabaltzeko saioak antolatzeko asmoz. Urte hartako abenduaren 29an egin zuten lehenengo hitzaldia Ondarroan, Beikozinin, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen hasieratik. Hala, hutsik egin gabe, hilero antolatzen dute berbaldi bat. COVID-19aren pandemia bete-betean baino ez zuten etena egin. Hamar urte bete ditu elkarteak, eta ehun hitzaldiren langara hil honetan heldu dira.
«Ia konturatu barik, arin joan da denbora», aitortu du Eduardo Zabalak, sorreratik Zientziaren Giltzak taldeko kideak. Hamar urte eta ehun hitzaldi marka polita dela iritzita, zerbait berezia egin behar zutela pentsatzen hasi ziren, eta modu horretara sortu zen Maiatzean Zientzia zikloa. Hil osoan jarduerak egiten ari dira Ondarroako Kofradia Zaharrean.
Zientzia zentzurik zabalenean ulertuta, askotariko gaiak landu izan dituzte hamar urteotan, beti alor bakoitzeko adituek lagunduta. Maiatzeko egitarau berezian ere, aniztasuna da nagusi, Zabalaren esanetan: hilaren 5ean geoparkeez hitz egin zuen Asier Hilariok, eta hilaren 12an euskararen gaur egungo egoeraz aritu zen Itziar Laka. Maiatzaren 19an, 20an eta 21ean, Zientzia+Pintxo egingo dute Lea-Artibaiko hiru herri handienetan: Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen.

«Ingalaterran sortutako Pint of Science nazioarteko ekinaldian oinarrituta dago Zientzia+Pintxo», esan du Zabalak. Tabernako giro informala aprobetxatuta, zientzialariek euren lanaren berri ematen diete herritarrei, «zientzialariak pertsona normalak direla erakusteko asmoz». Zientziaren Giltzak 2016an batu zen Pint of Sciencera, baina, egitura gero eta burokratizatuagoa duenez, aurten euren kabuz dabiltza Ondarroan, garagardoen lekuan pintxoak jarrita. Ondarroako Zamora tabernan izango da asteleheneko Zientzia+Pintxo; asteartean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean, eta, asteazkenean, Lekeitioko Sociedad Recreativan. Bi saio izango dira guztietan, 19:00etan eta 20:00etan.
Maiatzean Zientzia hilaren 22an itzuliko da Kofradia Zaharrera. Esperientziaren boterea. Emakumeak laborategian tailerra gidatuko dute Jakiundeko erakundekoek egun horretan. Hilaren 26an, El secreto de la naturaleza hitzaldia —Naturaren sekretua— emango dute Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Hurrengo hilera ere zabaldu dute egitaraua: ekainaren 2an, Bertsozientzia saioa egongo da, eta ekainaren 7an ibilaldia egingo dute Deba inguruko geoparkera (Gipuzkoa).
«Zientziaren dibulgazioa beharrezkoa da; bestela, iritzi hutsak baino ez dauzkagu, eta ondo dago bakoitzak bere iritzia izatea, baina iritzi oinarriduna izan dadila»
EDUARDO ZABALAOndarroako Zientziaren Giltzak elkarteko kidea
Hamar urtean 6.000 entzule inguru izan direla kalkulatu dute Zientziaren Giltzak taldeko kideek. «Beikozinik utzitako gelatxo batean hasi ginen, baina 50-60 pertsona etortzen hasi ziren hitzaldi bakoitzera, batzuetan 80 ere bai, eta laster aldatu ginen Beikoziniko areto nagusira. Sorpresa ederra izan zen guretzat», gogoratu du Eduardo Zabalak.
Gehienbat, Ondarroakoak izaten dira entzuleak. Lekeitiotik eta Mutrikutik ere joaten zaizkie taldetxo batzuk, baita markinarren bat ere. Zabalak dioenez, edadetuak izaten dira asko, eta emakumeak gehiago gizonak baino. Osasunarekin lotutako gaiek izaten dute arrakastarik handiena.
Gaur-gaurko kezkak
Gaiak aukeratzeko orduan, gaur-gaurko kezkak eta gertakariak kontuan izaten dituzte: «Klima aldaketari begiratzen diogu, baita hirigintzari eta euskarari berari ere; eta Palman [Espainia] sumendia lehertu zenean, adibidez, geologoak ekarri genituen». Gainera, hitzaldiez gain, bestelako jarduerak antolatzen dituzte; esate baterako, txangoak, erakusketak eta tailerrak. Saioen erdiak, gutxienez, euskaraz izatea dute helburutzat, eta hizlarien artean oreka egon dadila emakumeen eta gizonen artean.
Zientziaren Giltzak martxan hasi zenetik gaur arte, jakintza zientifikoaren garrantzia agerikoagoa bihurtu da, sare sozialetan hedatzen diren informazio faltsuak kontuan hartuta. «Oso gizarte teknologizatuan bizi gara, baina jendea edozer sinisteko prest dago», ohartarazi du Zabalak. «Zientziaren dibulgazioa beharrezkoa da; bestela, iritzi hutsak baino ez dauzkagu, eta ondo dago bakoitzak bere iritzia izatea, baina iritzi oinarriduna izan dadila».
Hamar urteko lanaren ostean, Zabalak uste du etorkizun oparoa duela elkarteak. «Hiru-lau lagun hasi ginen honetan, zientziarekin kezkatutako jendea ginen, baina denok nahiko edadetuak. Zorionez, laster hasi zitzaizkigun gazte batzuk ere laguntza eskaintzen». Gaur egun sei-zortzi laguneko taldea da; erdiak inguru, gazteak. «Etorkizunari begira ez daukagu zalantzarik: jarraituko dugu».