Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak ez du animaliarik gura herri kiroletan, eta hori eskatu dio Euskadiko Herri Kirol Federazioari, gutun baten bidez. Nafarroako federazioak hartutako bideari jarraituz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere harriari tiraka lehiatuko diren bakarrak pertsonak izatea nahi dute. Gutunean bilera bat ere eskatu diote federazioari.
«Herri kirolak gure herriaren identitatearen ikurra dira, ondare polit bat, eta, horregatik, animaliekin egiten diren probak desagertu beharko lirateke», adierazi du Ruben Belandia Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformako kideak. Salatu du idiek, astoek eta zaldiek tratu txarra jasotzen dutela probetan.
Federaziotik kanpo ere antolatzen dira probak, baina federazioko epaileek joan behar izaten dute beti. Beraz, federazioak animalien probak kenduko balitu, inork ezingo luke horrelakorik antolatu, Belandiak azaldu duenez. Epaileek egiten duten lana ere zalantzan ipini du, animaliak jotzea eta idiak ziztatzea baimentzen dutelako.
Belandiak adierazi duenez, 2018an Avatma albaitarien elkarteak idi probak aztertu zituen, eta animaliek jasotzen duten tratu txarraz ohartarazi zuten. Orain, Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez plataformak eskatuta, Leioan abuztuan egindako asto probak ikertu ditu Teresa Gamonal albaitari espainiarrak. Plataformakoek 54 bideo bidali zizkioten, eta haiek ikusita Gamonalek ondorioztatu du munduan ez dagoela astoei eta zaldiei hainbesteko esfortzua eta hain denbora luzean eskatzen dien beste probarik. «Normalean esfortzu handia denbora laburrean edo esfortzu txikia luzaroan egin behar izaten dute, baina asto eta zaldi probetakoa muturreko esfortzua da», salatu du Belandiak.
Batez beste, astoek 400 kilo pisatzen dute. Gamonalek txostenean azaldu duenez, 700 kiloko harria eroan behar izaten dute hogei minutuan: hamabost segundoz tiratzen dute, eta sei segundoko atsedena dute. Atseden denbora kenduta, beraz, esfortzua hamalau minutuz luzatzen da. Munduan astoekin eta zaldiekin egiten diren beste proba batzuen iraupena, ostera, hiru eta sei minutu artekoa izaten da. Gamonalen arabera, esfortzuaren luzatze horrek «justifikaziorik gabeko sufrimendua» eragiten die astoei. «Ez da bateragarria animalien eskubideekin», ohartarazi du Belandiak.
Beldurra eta estresa
Astoek estresa sufritzen dutela ere ikusi du Gamonalek bideoetan. «Harriari tira egiten diotenean burua oso altxatuta izaten dute. Hori estresaren, beldurraren eta ihes egiteko gogoaren adierazle da». Makila ikustean burua apartatzen dutela ere ikusi du albaitariak, beldurra sentitzen dutelako. Horrez gain, ondoeza adierazten duten keinuak ere topatu ditu astoen aurpegietan: sudur hobien inguruan tentsioa, ezpainen gaineko zimurrak eta bekainak gorantz jasota.
Astoek jasaten dituzten zigorrez ere ohartarazi du txostenak. Garrasiak entzutean erreakzionatzen dutela dio Gamonalek, entrenamenduetan ikasi dutelako garrasiaren ondoren mina etor daitekeela. Akuiluarekin kolpatzen dituztela ere salatu du. Gamonalek uste du proba hauek «bateraezinak» direla Espainiako Animalien Babeserako legearekin.
Leioan sinadura bilketa abiatu dute, udalak jaietako egitarautik asto probak ken ditzala eskatzeko. Bizkaiko Foru Aldundira ere joko dute. Izan ere, diputazioak baimentzen du astoen parte hartzea. «Arautegi zehatza dauka idi probetarako, baina ez hainbeste asto probetarako. Hala ere, lehen baimena diputazioak ematen du, eta Leioako Udalak aitzakia moduan erabiltzen du asto probak baimentzeko». Ertzainengana joatea ere aztertzen ari dira, animaliekiko tratu txarra ez ezik, ikusleen artean umeak egoten direla eta adingabeek parte hartzen duten apustuak ere egiten direla salatzeko.