Ia hamarkada bat igaro da dagoeneko. Gogoan dute mugarria: 2018an bihurtu ziren harrera familia Nerea Larrinaga (Bilbo, 1972) eta Iker Alustiza (Legazpi, Gipuzkoa, 1975), eta orain dela bederatzi urte egin zioten abegi aurreneko umeari Pili Urruzunok (Ondarroa, 1966) eta Carlos Frailek (Gasteiz, 1963); harrezkero, beste bosti eskaini diete aterpea. Detaile gutxi batzuekin laburbildu liteke urte horien guztien nolakotasuna: horren berri ematen dute, esaterako, solasaldian hainbatetan errepikatu diren berba jakin batzuek —indartsua, aberasgarria, poza—, edo elkarrizketa osoan desagertu ez diren irribarreek.
Keinu horiei erreparatuta, pentsa daiteke ezjakintasuna dela, beharbada, halako familia gehiago ez egotearen arrazoirik behinena. Izan ere, pandemiaz geroztik harrera familien kopurua apaldu egin dela ohartarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta «egoera larria» dela berretsi du Matxalen Cayero aldundiko Haurren Zerbitzuko psikologoak ere (Mungia, 1978). «Egoitza guztiak umez beteta dauzkagu. Denak ez daude harreran joateko moduan, baina asko bai. Mundu guztiak adopzioa dauka buruan, eta harrera ere babes neurri bat da, baina ez da oso ezaguna». Harreragile izateko interesa dutenak bi bidetatik jar daitezke harremanetan aldundiarekin: [email protected] helbidera idatzita edo 944-470 737 zenbakira deituta.
datuak
533Zenbat adingabe bizi diren aldundiaren tutoretzapeko zentroetan. Babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabe guztiak ez dira harrera familietara joaten: batzuetan, haien egoera ez da egokia horretarako; beste batzuetan, ez dago familia nahikorik. 533 adingabe daude Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzapeko zentroetan.
290Bizkaiko zenbat adingabe bizi diren harrera familietan. Bizkaiko 290 haur eta nerabe bizi dira harrera familietan: horietatik 158, familia zabalean —hau da, aitona-amonekin, osaba-izebekin edo bestelako senideekin—, eta 132, beste familia batekin.
Urruzunok irratiaren bidez izan zuen aukera horren berri. Gipuzkoan harrera familien premia zegoela entzun, eta ondorioztatu zuen Bizkaian ere antzera gertatuko zela. Frailek eta biek ez dute umerik, nahiko berandu ezagutu zuten elkar, baina beti gustatu izan zaizkie haurrak. Larrialdiko harrera familia izango zirela erabaki zuten: hau da, berehalako aterpea behar duten eta 6 urte baino gutxiago duten haurrena. Modalitate horretan, umeak, gehienez, sei hilabete egiten ditu harrera familiarekin, nahiz eta batzuetan tarte hori luzatu egiten den; kasurako, umeetako bi ia pare bat urtez egon ziren Urruzuno eta Frailerenean. Ondoren, ohikoa izaten da txikia harrera familia iraunkor batera eramatea. «Hasieratik argi geneukan zer modalitate nahi genuen», adierazi du Urruzunok. «Gu ja nagusiak gara, eta ez gaude hezteko; bai, ordea, haurrei maitasuna emateko eta haiek zulotik ateratzeko».
«Egoera zailik berriro gerta ez dadin, ziurtatu behar dugu familiek umeen beharrizanak beteko dituztela»
MATXALEN CAYEROBizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko psikologoa
Lau harrera familia mota daude guztira: larrialdikoaz gain, aldi baterakoa, iraunkorra eta espezializatua. Guztiek jasotzen dute formakuntza, aldundiak sakon aztertzen ditu bakoitzaren ezaugarriak —«biluztu egiten zaituzte», esan du Frailek, irribarrez—, eta abagunea ematen die familiei prozesua ondo ezagutzeko, egokien zaien babes mota aukeratze aldera. Izan ere, modalitate bakoitzak berezitasunak ditu. Larrialdiko harrera familia izateak prestasun handia eskatzen du, Urruzunok azpimarratu duenez. «Esaten digute: ‘Bihar edo etzi ume bat aterako dugu familia batetik’». Hori oztopoa izan liteke jendea erakartzeko, haren irudiko: modalitate bereko makina bat familia ezagutzen dute, eta denak dira jubilatuak, edo jubilatzear daude, edo bikoteko kideetako batek beharra utzita dauka.
«Kontraste handiko» prozesua
Larrinagak eta Alustizak modalitate iraunkorra hautatu zuten, biek lan egiten baitute. Alaba bat zuten jada, eta beste batentzako lekua. Haientzat ez zen egun batetik besterakoa izan: zain egon behar izan zuten euren ezaugarriek eta harrera beharrean zegoen haurren batenek bat egin zuten arte; «match» egin arte, Larrinagaren berbetan. Hain justu, Cayero psikologoaren arabera, match hori erdiesteak bermatzen du datozen urteetan haurra eroso egongo dela egokitu zaion inguruarekin. «Kontuan izaten dugu umearen adina, nondik datorren, zelako lotura izan duen bere familia biologikoarekin...».
«Larrialdiko harrera familiei esaten digute: ‘Bihar edo etzi ume bat aterako dugu familia batetik’»
PILI URRUZUNOHarrera familia bateko kidea
Adibidez, baliteke batzuetan harrera familiak denbora guztian haurraren gainean egon behar izatea; edo gerta daiteke haren garapenaren alderen bat atzeratzea, ez desgaitasun baten kausaz, baizik eta bizi izan duen egoera zailak eraginda. «Kontuan hartzen dugu ea familiak gaitasuna duen gauza horiei erantzuteko, eta ea motibazioa daukan. Egoera zailik berriro gerta ez dadin, ziurtatu behar dugu familiek haien beharrizanak beteko dituztela», xehatu du Cayerok.
Behin lotura ezarrita, egokitze prozesu bat izan zuten Larrinagak eta Alustizak. Haurra urgentziazko familia batekin zegoen, «gustura eta ondo zainduta», eta aldaketa «gogorra» izan zela du gogoan Larrinagak. «Baina segituan hasten zara disfrutatzen, umea etxean dagoelako. Kontrastea oso handia da». Aldundiko psikologoek trantsizio horretan ere laguntzen dute, Cayerok esplikatu duenez. «Umea prestatu egin behar dugu, lasai egon dadin; gauzak azaldu behar dizkiogu bere adinera egokituta, uler ditzan». Eta ondoren ere jarraipen bat egiten dute, haurra ondo dagoela ziurtatzeko eta familiei aholkua emateko. Urruzunok eta Frailek hartu-eman handia dute Adopzioa Sustatzeko Bizkaiko programako teknikariekin, eta bi astean behin haiekin elkartzen dira —orain gutxi arte, astean behin—.
«Umea ez da zurea bakarrik: pixka bat aldundiarena da, pixka bat familia biologikoarena eta pixka bat zurea»
NEREA LARRINAGAHarrera familia bateko kidea
Baina esperientziak ematen ditu erantzunetako asko. Urruzunoren eta Fraileren lehen umea aste bakarra zuela heldu zen etxera. Urruzunok Haur Hezkuntza ikasi zuen, eta haurtzaindegi batean praktikak egin zituen, baina, edozelan ere, umeen egoerak eta kasuen aniztasunak gaitz egiten du batzuetan nola jardun jakitea. Moldatu egin dira, ezinbestean. Larrinagari eta Alustizari dagokienez, alaba nagusiago bat izateak lagundu die: batetik, ahizpatasun harremana sortu delako, eta, bestetik, gazteari jazotako gauza batzuk jada zaharrarekin bizi izan dituztelako.
Agur esaten ikasi
Eta, hala ere, ez da erabat gauza bera. «Motxila dakarte», esan du Larrinagak, eta Alustizak xehetasun gehiago eman ditu segidan: «Buruan eskema konplexua dute, eta kezka da ea nola asimilatuko duten: gure figura dauka, harrera familiarena; familia biologikoa ere badu, eta haren bisita periodikoak ditu. Triangelu hori orekatuta egoteak berebiziko garrantzia dauka». Umea «konpartitua» izateak ere ñabardura bat gehitzen dio egoerari, Larrinagak aipatu duenez. «Umea ez da zurea bakarrik: pixka bat aldundiarena da, pixka bat familia biologikoarena, eta pixka bat zurea. Baina uste dut ohitu behar dugula onartzen umeak ez direla geureak bakarrik, ezta geureak direnak ere».
«Haurrak gure figura dauka, harrera familiarena; eta familia biologikoa ere badu, eta haren bisita periodikoak ditu. Triangelu hori orekatuta egoteak berebiziko garrantzia dauka»
IKER ALUSTIZAHarrera familia bateko kidea
Hori izaten da, hain justu, familien, haurren eta aldundiko beharginen kezka nagusia, Cayerok zehaztu duenez: familia biologikoa. «Guk hobeto ezagutzen ditugu familia biologikoak, haien egoera; haiekin zerikusia duen guztia gure esku dago, eta umearen eta haren bi munduen arteko erlazioa kudeatu behar izaten dugu. Harrera familiek distantzia bat manten dezatela saiatzen gara». Egoera berezi hori dela eta, nerabezaroa buruhaustea izaten da askorentzat. «Beste nerabeek bezala, identitatea eraiki behar dute, baina harreran dauden umeek galdera gehiago dituzte: ‘Nondik nator? Nire familia biologikoak zergatik ez nau zaindu? Betiko egongo naiz hemen?’».
Urruzunok eta Frailek ez dute fase hori biziko, baina haiek ere badute beren zama. Oraingo umeak urtebete inguru darama haiekin, eta badakite laster beste familia batera alde egingo duela. Hori ere bada kudeatzen ikasi beharreko gai bat. Agur on bat egiten ahalegintzen direla esplikatu du Cayerok. Urgentziazko familiak berak azaltzen dizkio familia berriari haurraren nondik norakoak, zein diren haren beharrizanak, zer duen gustuko, zer ohitura dituen lo egiteko... Ez dute erabateko etenik gura. Urruzunok eta Frailek harremana izaten segitzen dute etxean izan dituzten ume guztiekin, eta aitortu dute horrek agurra arintzen duela. «Oso gogorra da, baina hasieratik badakizu gertatuko dela», hausnartu du Frailek. «Umea zurekin dagoenean, ikusten duzu pozik dagoela, behar guztiak beteta dauzkala; eta, joaten denean, egokia den eta maitatuko duen beste familia batera joaten da». Urruzunoren arabera, hasierako momentuak izaten dira kasik gogorragoak, bukaerakoak baino. «Badakizu zerk ematen didan pena? Deitzen didatenean esateko bihar ume bat kenduko diotela familia bati. Esaten dut: ‘Nola ote dago?’ Egoera oso zailak ikusi ditugu».
«Umea zurekin dagoenean, ikusten duzu pozik dagoela, behar guztiak beteta dauzkala; eta, joaten denean, egokia den eta maitatuko duen beste familia batera joaten da»
CARLOS FRAILEHarrera familia bateko kidea
Irauten duena irauten duela, egindako ekarpena balioetsi behar dela uste du Alustizak. «Funtzio oso garrantzitsu bat egin duzu. Gizartea komunitate bat da; era askotako pertsonak eta familiak daude. Familia batzuk ez dira ondo irteten, arazo ugarirengatik, eta gizarteak bere gain hartu behar ditu haur horiek, arazoak errepika ez daitezen. Guztiek merezi dute-eta baldintza minimo batzuk edukiko dituen haurtzaro bat». Eta edozein familia mota izan daiteke gai hori eskaintzeko, haren aburuz: umeak izan ala ez, bikotea izan edo guraso bakarra, heteroparentalak edo homoparentalak. «Gainera, oso prozesu aberasgarria da», erantsi du Frailek, temati. «Norberak pila bat irabazten du». Haurrek zer irabazten duten jakiteko, aski da Urruzunok eta Frailek hartutako umeari erreparatzea: argazkiek eta elkarrizketak iraun duten ordubete eskasean, ez dio utzi algaraka eta olgetan ibiltzeari, ingurukoei jakin-minez begiratzeari, eta aitaren eta amaren altzoa bilatzeari, amultsu.