Herriaren bilakaeraren lekuko zuzena

Udalerriko lehendabiziko udaletxea izan zen Basauriko Taberna Nagusia. 1777. urtean eraiki zuten; 1859an, baina, erre egin zen, eta berriro eraiki behar izan zuten. 2011tik aurrera, kultur zentro bat da.

MARISOL RAMIREZ / FOKU
Basauriko Taberna Nagusia, asteleheneko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2024ko apirilaren 29a
05:00
Entzun

Arrigorriagako elizatearen menpe egon zen Basauri 1510era arte. Urte horretan, udalerri independente bihurtu zen herria, eta Basauriko San Migel elizate izendatu zuten, auzo hori baitzen orduan herriaren erdigunea. Basauriko Taberna Nagusia eraikina izan zen herriko lehendabiziko udaletxea. 1859an, baina, erre egin zen, eta osorik eraberritu behar izan zuten. 2011. urtetik aurrera, kultur zentro gisa erabiltzen dute.

1777an eraiki zuten eraikina, Hilario Mozo San Migel kultur etxeko arduradunak kontatu duenez: «Basauriko lehendabiziko eraikin publikoa izan zen hauxe. Udaletxea kokatu zuten bertan, baina, udalaz gainera, taberna eta merkatua ere bazeuden, besteak beste». 

«Basauriko lehendabiziko eraikin publikoa izan zen hauxe. Udaletxea kokatu zuten bertan, baina, udalaz gainera, taberna eta merkatua ere bazeuden, besteak beste».

HILARIO MOZOSan Migel kultur etxeko arduraduna

1859an, «oso-osorik» erre zen eraikina, eta, ondorioz, eraberritu egin behar izan zuten. Hala, eraikinak aurreko itxura barrokoa galdu zuen, eta neoklasiko bilakatu, zaharberritze lanen ondorioz.

Herria pixkanaka handituz joan zenez, udalerriaren erdigunea ere lekuz aldatu zen, eta Arizgoiti gunera aldatu zuten udaletxea 1913. urtean. «Industrializazioaren ondorioz, biztanleria asko ugaritu zen denbora laburrean, eta eraikina lekualdatzeko erabakia hartu zuten», esan du Mozok. Udaletxe berria Arizgoitiko Taberna zegoen orubean altxatu zuten. Alabaina, iraganean Basauriko taberna nagusia udal eraikina izan zela oroitzeko, bertan egiten dute iraileko osoko bilkura berezia urtero-urtero.

Diziplinen nahasketa

Egun, San Migel kultur etxearen jabetzakoa da eraikina. 2011n kultur zentro bezala jarri zuten martxan, eta, ordutik, askotariko kultur jarduerak antolatzen dituzte. 

Laukizuzen itxurako eraikinak hiru solairu ditu. Eraikinaren beheko solairuan erakusketa aretoa eta gaztegunea daude. Orain, esaterako, euskal komikigintzaren historiari buruzko erakusketa bat dago ikusgai: Komikia: euskal komikia 1975etik. Maiatzaren 24ra arte bisitatu ahal izango da. Testuz eta irudiz beteriko 30 paneletan, egile, aldizkari eta argitaletxe garrantzitsuenak bildu dituzte. 

Solairu horren gainean, ikasketa gela bat dute, eta azkenengoan, berriz, areto nagusia. Mozok zehaztu duenez, hainbat jarduera eta ekitaldi egiten dituzte areto horretan: kontzertuak, antzerkiak, solasaldiak eta tailerrak, besteak beste.

BASAURIKO TABERNA NAGUSIA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.