Jada hirietan bizi dira biztanle gehienak, eta hiritarrak elikatzeko erabiltzen dira baliabide gehienak ere. Paradoxikoki, ordea, ez dute izaten etengabeko hornidura hori bermatzeko behar den prozesuaren berri: hiritarrak ez du zertan jakin eskuan kabitzen den lur zati batean milioika izaki bizidun daudela, edo letxuga bat landatu eta hilabete eta erdira jasoko dela uzta; izan ere, elikagaia supermerkatuko apaletara ailegatuko da berdin-berdin. «Gaur egun, uste dugu zapaltzen dugun zerbait baino ez dela lurra, eta ez gara konturatzen zer-nolako bizitza aberatsa daukan», nabarmendu du Igone Palacios EHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzako Unesco Katedrako kideak. Izan ere, hirien hedapenak ingurutik egotzi ditu nekazaritza eremuak, eta prozesu horrek lurrari buruzko kontzientzia galtzea ere eragin du. Atzera egiteko bulkada badago, dena den: azken urteetan, Bizkaian nabarmen ugaritu dira hiriko ortuak.
Palaciosen arabera, egun oso aldenduta daude nekazaritza esparrua eta hiriak, eta horiek hurbiltzeko modua izan daitezke hiriko ortuak, besteak beste. «Agian, denok ezin gara nekazari izan, edo ez dugu nahi, baina mundu hori ezagutzea beharrezkoa da». Inportantea da, batetik, alde ekologikotik, hormigoiz jositako hiriaren biodibertsitateari ortu batek egin diezaiokeen ekarpenagatik; eta, bestetik, alde sozialari ere erreparatuta, «balio hezitzaile oso garrantzitsua» duen egitasmo bat delako. «Hiriko ortuek hiritarren kontzientzia eraldatzeko ere diseinatuak izan behar dute».
«Gaur egun, uste dugu zapaltzen dugun zerbait baino ez dela lurra, eta ez gara konturatzen zer-nolako bizitza aberatsa daukan»
IGONE PALACIOSEHUko Garapen Iraunkor eta Ingurumen Hezkuntzako Unesco Katedrako kidea
Funtsezkoa da, hortaz, ortua egoki kudeatzea, eta kontzientzia eta filosofia jakin batekin lotzea, Palaciosen ustez. Esaterako, nitratoak eta sulfatoak erabiltzen badira, substantzia horiek uretara joango dira agian azkenean, eta eutrofizazio arazo bat sortu; mesedea baino gehiago, kaltea egingo luke horrek. Eta, orobat, lurraren ustiaketak orekatua izan behar du: beti ezin da hartu, tarteka itzuli beharra ere badago. Hala, formakuntzari oinarrizko deritzo EHUko ikerlariak. Eta helduentzat ere aberasgarria den arren, haurrengan ipini du arreta, bereziki: txikitatik naturarekin lotura edukiz gero, errazagoa baita ulertzea norberaren bizitzarako garrantzitsua dela eta zaindu beharra dagoela, Palaciosen esanetan. Soroetan, gainera, mikroekosistemak sor daitezke, bestelako elementu batzuk txertatuz: intsektuen hotel bat, urmael txiki bat, izpiliku gune bat tximeletak bertaratu daitezen...
Esaterako, ornogabeek duten garrantziaz jabetzeko balio dezake ortu batek. Desagertzen ari dira, eta, askori nazka eragiten dieten arren, ezinbestekoak dira ongizaterako, Palaciosek azpimarratu duenez. «Batzuek polinizazioa egiten dute; beste batzuek, lurraren emankortasuna handitu... Baina ez ditugu ezagutzen, ezagutzen ez duguna ez dugu maitatzen, eta maitatzen ez duguna ez dugu zaintzen». Soka bat da, edozelan ere. «Lurrari balioa ematen badiogu, beste espazio asko zaintzeko ardura ere hartuko dugu».
Lurra, «sobran»
Formakuntza da Ramon Zearreta nekazaritza ingeniari tekniko eta Lur 2000 enpresako gerentearen jardunaren ardatza ere. Makina bat urte darama hiriko ortuak sustatzen eta kudeatzen: Iurretan ipini zuen aurrenekoa, Iturburu ortuak, 2009an; eta herri mordo bat batu da harrezkero, hala nola Berango, Berriz, Lemoa, Derio, Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Getxo. Abadiñok, Zornotzak eta Urdulizek ere beren ortua izango dute datozen hilabeteetan. Dagoeneko martxan dauden soroetan itxaron zerrenda dago, eta horrek jada argi lagatzen du badagoela halako tokien eskaria. Ortu ez-profesionalak dira, ez daude salmentara bideratuta, baina etxeko kontsumorako lain ematen dute. Doakoa da haiek lantzea, udal zerbitzua baita.
«Ortua agrocrossfit-a da: orain boladan dagoen crossfit-a bezalakoa, baina aire zabalean, eta, gainera, etxerako ortuariak lortuta»
RAMON ZEARRETANekazaritza ingeniari teknikoa eta Lur 2000 enpresako gerentea
Plazak lehiaketa bidez esleitzen dira, eta ondoren erabiltzaileei formakuntza bat eskaintzen die Zearretak berak: ortu ekologiko baten nondik norakoak esplikatzen dizkie, baita lurraren ingurukoak ere; landaketei buruzko aholkuak ematen dizkie, sasiak garbitzeko makina erabiltzen irakasten die, eta ahal dela euri ura jaso eta erabil dezatela gomendatzen die. Ekoizleek urtean bitan jasotzen dute formakuntza, eta Zearreta sarri joaten da kudeatzen dituen ortuetara, aholkuak eskaintzeko.
Osasuna da ortuon helburuetako bat. «Ortua agrocrossfit-a da: orain boladan dagoen crossfit-a bezalakoa, baina aire zabalean, eta, gainera, etxerako ortuariak lortuta», bota du ingeniariak, barrez. Hobeto jatea ere bada xedea, eta jendeari jakinaraztea ez dagoela zertan barazkiak apartetik ekarri, bertoko porruak, tomateak eta abar kontsumi daitezkeela. Hiriko ortuak prozedura ekologikoekin lantzen dira, eta alde horri ere balioa eman dio Zearretak. Ugariagoak dira onurak, haren irudiko: terapia psikologikoa da, baita eremu inklusibo bat ere.

Ez da sekulako baliabiderik behar, gainera: ez lurzoru baten jabe izatea —ortu batzuetarako eremuak alokairuan eskuratu dituzte—, ez eraikuntza garestiak taxutzea, ezta lur bereziki aberatsa erdiestea ere. Urdulizen, adibidez, futbol zelai zaharrean kokatuko dute baratzea. «Eremu abandonatuak leheneratzeko ere balio dute. Sasitzetan ere landa daiteke, sasiak kendu ostean». Hala, lurra «sobran» dagoela azpimarratu du Zearretak. «Are, gero eta gehiago dago, leku degradatu asko abandonatzen ari direlako: lehen ortuak edo ganaduen bazkalekuak izandako lekuak dira».
Klima larrialdirako
Lurra oparo dago leku batzuetan, eta eskas beste batzuetan. Barakaldoko Beurko ikastetxeko lehengo ortua desagertu egin zen obra batzuen ondorioz, eta atezainaren etxea zenaren ortua baliatu behar izan dute Baratze Proiekturako. «Ikastetxe guztiek horrelako egitasmoak izan beharko lituzkete», uste du Itxaso Bolado Beurkoko irakasle eta proiektuaren sustatzaileak. «Umeek kontaktua izan behar dute naturarekin, are gehiago Barakaldo bezalako zona industrial batean. Asko ez dira mendira joan, ez dira inoiz baratze batean egon, eta ez daude zikintzera ohituta». Egoera horrek hauspotuta, Bolado eta lankide bat bi orduko ortu tailerrak ematen hasi ziren irailean, astearte arratsaldeetan. Hamar bat ikaslek eman zuten izena: hasi zirenean «gutxi» zekiten, Boladoren arabera, baina gogotsu ibili dira aitzurra hartuta lurrean murgiltzen, hesiak margotzen, edo horiek non jarri erabakitzen.
«Nahiz eta ikasleak lan egitera ez etorri, ortua lasaitzeko gunea izan daiteke, irakurtzeko, bertan egoteko»
ITXASO BOLADOBarakaldoko Beurko ikastetxeko irakaslea eta Baratze Proiektuaren sustatzailea
Lursaila atontzen ibili dira tailerretan, eta soroa prest laga dute landatzen hasteko. Hurrengo ikasturtean helduko diote lan horri. Horrez gain, atseden orduetan ortua zabaltzeko asmoa dute, herriko Trueba institutuak egiten duen bezala, eta arratsaldeetan ikastaroekin segitzekoa: aromatikoak ipini, neguan zer erein esplikatu, elikadura osasuntsuarekin lotu eta sukaldaritza ere landu... «Nahiz eta ikasleak lan egitera ez etorri, ortua lasaitzeko gunea izan daiteke, irakurtzeko, bertan egoteko». Auzoko familiei ere zabalduko diete parte hartzeko aukera. «Azkenean, institutu publikoa gara, eta uste dugu publikoa guztiona dela. Bost familia daude interesatuta. Guztiok batera egoteko gune bat izango litzateke, Barakaldon ez dago-eta ortuetarako gune berderik».
Basaurik ere ortu ludiko bat izango du etorkizunean, udalak sustatua. Biztanleen aspaldiko eskaera da, Irene Garcia Ingurumen zinegotziak aitortu duenez. Iruaretxeta parkean ezarriko dute, gaur egun gutxi erabiltzen den bazter batean: laurogei baratze aurreikusi dituzte, bakoitza 35-40 metro koadrokoa, aldagelak, komunak eta lan tresnak gordetzeko eraikin bat, eta ingurumen gela bat, formakuntzarako. 2026an eraikitzen hasteko asmoa dute, eta urte bukaeran edo 2027ko hasieran esleituko dituzte plazak, seguruenik.
«Basauri askoz kalteberagoa da bero boladei eta ezbehar naturalei dagokienez. Herria bi ibaik zeharkatzen dute; beraz, uholde arriskua ere badaukagu»
IRENE GARCIABasauriko Ingurumen zinegotzia
Garciaren ustez, klima aldaketaren eraginak leuntzeko ere baliagarria izango da ortua. Bestelako natur guneekin batera, baratzeok egokitzeko ahalmen handiagoa emango baitiote herriari, haren aburuz. Izan ere, Basauri herri «txiki» bat da, zazpi kilometro koadroko azalera baino ez du 40.000 biztanlerentzat, eta hormigoiak estaltzen du eremu ia dena. «Askoz kalteberagoak gara bero boladei eta ezbehar naturalei dagokienez. Herria bi ibaik zeharkatzen dute; beraz, uholde arriskua ere badaukagu». Palacios EHUko ikerlariaren esanetan ere, hiriko ortuek nolabaiteko babesa eman dezakete klima larrialdian. «Gero eta lehorte gehiago izango ditugu, eta hirietan gero eta bero gehiago. Zementuak itzelezko beroa hartzen du; eremu berdeetan, berriz, aldea sekulakoa da».