Bilboren 725. urteurrena ospatzeko asmoz, hiriaren historia azaltzen duen erakusketa «berezi» bat antolatu du Itsasmuseumek: Bilbo eta bere portua itsas kartetan. Erdi Arotik XX. mendera arteko dokumentuak daude. «Bilbora iristeko itsas bideak irudikatzen dituzten berrogei dokumentu baino gehiago jaso ditugu horretarako», aurreratu du Ramon Oleaga itsas mapetan aditu eta museoko komisarioak. «Gehienbat, Nerbioi ibaiak eta portuak hiriarekin duten harremana irudikatzen dituzten itsas mapak bildu ditugu, baina bitxikeria batzuk ere jarri ditugu ikusgai, bisitarien arreta pizteko». Esaterako, itsas mapetako ilustrazioak sortzeko erabiltzen ziren lisaburdinetako bat. Erakusketa aste osoan bisita daiteke, 11:00etatik 19:00etara, eta irailera arte egongo da zabalik. Iraun bitartean, hainbat bisita gidatu eskainiko ditu Oleagak.
Ikusi gehiago
Itsas mapak, ordea, ez dira Bilboko orografia islatzen duten mapa hutsak; garai bakoitzeko sinesmenak, mitologia eta arte mugimenduak islatzen dituzten dokumentuak ere badira. Oleagak azaldu duenez, lehenengo itsas mapak egiten hasi zirenean, ez zekiten asko geografiaz, eta, beraz, mapak nolabait betetzeko irtenbideak asmatu behar zituzten. «Itsas mapen ezaugarri horrek zerikusi zuzena du latinez horror vacui deitzen zioten horrekin. Hau da, hutsari izua izatea. Munduko mapa bat sortu behar zutenean, ez zeukaten hori betetzeko informazio nahikorik: Afrikako barnealdea ezezaguna zen, eta Asiaren inguruan ere ezer gutxi zekiten», adierazi du komisarioak. Ikonografia erabili zuten hutsune horiek betetzeko baliabide artistiko nagusi gisa. «Saharako basamortuan, gameluak pintatzen zituzten, eta Asian, berriz, Marco Polo eta bestelako pertsonaia historikoak».
«Espainiako inperioko nabigatzaileek agindua zuten itsas mapak suntsitzeko baldin eta erasotzen bazieten. Bilbon, aldiz, ez zen halakorik gertatu. Bilboko itsas mapek ez zuten konkistatzeko helbururik»
RAMON OLEAGAItsas kartetan aditua eta Itsasmusemeko komisarioa
Geografiaren ezagutza handitu zen heinean, itsas mapen kalitatea eta itxura aldatu egin zen. Horiek sortzeko teknika, ikuspegi zientifiko eta baliabide artistiko «hobeak» garatuz joan ziren pixkanaka, eta, XVI. mendearen amaieran, itsasontziak irudikatzeko erabiltzen dituzten metodoak «oso zehatzak eta boteretsuak» ziren. «Azken finean, garaian garaiko mugimendu artistikoek zehazten zuten itsas mapen estiloa», zehaztu du Oleagak. «Hau da, Errenazimentuko, barrokoko eta XX. mendeko itsas mapak elkarren oso ezberdinak dira». Kristobal Kolonen garaikoak bereziki aipagarriak direla uste du, Habsburgotarren Inperioa kolonialismoaren erreferente nagusia baitzen orduan. «[Ameriketako] Nabigatzaileak Sevillara [Espainia] heltzen zirenean, deskubritutakoa kontatu behar zieten errege-erreginei, itsas mapak osatu ahal izateko. Aurkitutako hori, ordea, sekretupean gorde behar zuten, inperioak boterea ez galtzeko».
Historian, itsas mapak oso erabilgarriak izan dira «etsaiek» ezagutzen ez zituzten bideak erabiltzeko eta, era berean, aurretik ezagutzen ez ziren lurraldeak konkistatzeko. «Espainiako Inperioko nabigatzaileek, zehazki, agindua zuten itsas mapak suntsitzeko baldin eta erasotzen bazieten», azaldu du Oleagak. «Bilbon, aldiz, ez zen halakorik gertatu. Bilboko itsas mapek ez zuten konkistatzeko helbururik». Merkataritzan aritzeko eta arrantzan joateko itsas mapak ziren, gehienbat.
Itsas mapak interpretatzekoak
Itsas mapekin batera, horiek interpretatzeko hainbat dokumentu jarri dituzte ikusgai Itsasmuseumeko erakusketan. «Itsas mapak ulertu ahal izateko, beharrezkoa da nabigazioari buruzko gutxieneko ezagutza izatea. Beraz, horiek ulertzeko hainbat jarraibide jarri ditugu parean». Esaterako, Bilboko portuko maparen parean, Vicente Tofiño marinel eta kosmografoak 1789an sortutako El Atlas Marítimo de España liburua kokatu dute. «Portuko itsas maparen inguruko azalpenak jasotzen ditu; adibidez, Bilbora joateko kontuz ibili behar dutela Portugaleteko barrarekin». Horrez gain, XVIII. eta XIX. mendeetan Erresuma Batuan erabiltzen zituzten blueback chart izeneko dokumentuak ikus ditzakete bisitariek. Itsas mapen antza zuten, baina kapa urdin batek estaltzen zituen, iraunkorragoak izan zitezen. Bilboko itsas mapen antzera, merkataritza helburuak zituzten horiek ere.

Gaur egun, GPSa begiratzea «nahikoa» da nabigatu ahal izateko. Hala ere, oraindik ere itsas mapak egiten direla kontatu du Oleagak. «Antzina bezala, egun sortzen diren itsas mapa gehienak paperean egiten dira. Batez ere, nabigatzeko modu tradizionala gogoko dutenek erabiltzen dituzte; belaontzietan eta eskuz nabigatzen dutenek, bereziki».
Erakusketan duten itsas maparik berriena 1936koa da, eta Bilboko Portuko lehen hastapenak ikus daitezke horretan; hain zuzen, 1877an egin zituzten Bilboko Portua eraikitzeko lehenengo obrak. 1975ean amaitu zuten Kanpoko Abra deritzon zatia, baina 1992an portua handitzeko planari ekin zioten. «Hala, XX. mendearen hasieran portuak zuen itxura egun duenararekin konpara dezake ikusleak», esan du Oleagak. 1936ko mapa horren parean, gainera, ingurune berean XVIII. mendean ateratako argazki bat dago. «Horrek guztiak antzinako eta egungo iruditeriaren arteko dialogo bat sortzeko aukera ematen dio bisitariari».