PROPOSAMENA: 'ITSASOKO EGUNKARIA. BARNEKO KARTOGRAFIA' ERAKUSKETA BILBON

Deserriratze kolektibo baten kronika bisuala

Cecilia Zabaletak erakusketa bat ondu du ‘Winnipeg’ ontzian ihes egin zuten errepublikanoen lekukotzetan oinarrituta. Bilboko Itsasmuseumen ikus daiteke.

'Itsasontziko egunkaria. Barneko kartografia' erakusketako irudi bat, Bilboko Itsasmuseumen, uztailaren 8an. BILBOKO ITSASMUSEUM
'Itsasontziko egunkaria. Barneko kartografia' erakusketako irudi bat, Bilboko Itsasmuseumen, uztailaren 8an. BILBOKO ITSASMUSEUM
amaia igartua aristondo
2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1939ko abuztuaren 4an, 36ko gerran gailendutako faxisten errepresaliak saihesteko, 2.500 errefuxiatu errepublikanok Txilera egin zuten ihes, Frantziatik atera zen Winnipeg ontzian. Hilabete inguru behar izan zuten helmugara heltzeko, eta, bitartean, bidaiaren egunerokoa idatziz jaso zuten, hiruzpalau orrialdeko egunkarietan. Laurogei urte pasatxoko tartean, eskuizkribuak berreskuratu egin dira, testuingurua ipini zaie, eta beste euskarri batez ere jantzi da memoria hura: erbesteratu haien lekukotzetan oinarrituta, teknika mistoko lanak, collageak, olioak, siluetak eta ikus-entzunezko pieza bat ondu ditu Cecilia Zabaleta artista txiletarrak Itsasontziko egunkaria. Barneko kartografia erakusketan. Jatorrizko idatzien faksimileekin ere jantzi du bilduma. Bilboko Itsasmuseumen bisitatu ahalko da, azaroaren 7ra arte.

Memoria pertsonala eta kolektiboa uztartzen ditu erakusketak. Izan ere, ontzi hartan ihes egin zuen errepublikano baten biloba da Zabaleta. Haren irudiko, une horietan kultura «funtsezkoa» izan zen ez etsitzeko, eta, hain justu, berreskuratutako testuek erakusten dute erbesteratuak ahalegintzen zirela aldarte onari eusten, eta batasuna mantendu gura zutela; pasarte batzuetan, lehorrean geratutakoei buruzko kezka agertu zuten, artistak nabarmendu duenez.

Baina dena ez zen izan atsekabea. Egoera politikoa gorabehera, Winnipeg-eko tripulazioak bazituen-eta bestelako interes eta behar batzuk ere. Itsasontziko bizipenez gain, egunkariek hausnarketak ere jasotzen dituzte, umorea eta garai hartako gertakarien inguruko iruzkinak. Eta ageri dira, era berean, deserriratzeak eragindako kezkak eta beldurrak, baina baita helmuga berriaren inguruko itxaropenak ere.

Iragana orain

Winnipeg-eko errefuxiatuak ditu ardatz erakusketak, baina ez da atzera egindako begirada bat. Edo ez hori bakarrik, behintzat. Zabaletaren lan artistikoak memoria historikoa eta erbestea ditu ardatz, oro har, eta aspaldiko dokumentuetan eta artxiboetako edukietan bermatu ohi da, baina haren jardunak gaurkotasunarekin ere badu zerikusia: historiari, bidaiari, identitateari eta bizikidetzari lotutako gaur egungo arazoak ere aztertzen ditu erakusketako piezetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.