Ia bederatzi milioi euro inbertituko dituzte Bilbon eta Urduñan grabazio platoak atontzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Ikus-entzunezkoen Bilbo Bizkaia Huba sortu dute. Bilboko Zorrotzako Muturrean izango du egoitza nagusia, eta Urduñako Mariaren Konpainiaren ikastetxe zaharrean bigarrena.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko eta Urduñako udaletako ordezkariak, ikus-entzunezkoen sektoreko ordezkariekin, gaur, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, eta Bilboko eta Urduñako udaletakoak, ikus-entzunezkoen sektoreko ordezkariekin, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko martxoaren 5a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian «talentua sortu, hazi eta finkatu» dadin, foru aldundiak eta Bilboko Udalak beste pauso bat eman dute ikus-entzunezkoen industria bultzatzeko estrategian: Ikus-entzunezkoen Bilbo Bizkaia Huba sortu dute; hau da, sektoreko enpresen eta profesionalen arteko lankidetza sustatzeko zentroa. Egoitza nagusia Bilboko Zorrotzako Muturreko pabiloietan izango du. Bigarren egoitza Urduñan egongo da, Mariaren Konpainiaren ikastetxe zaharrean. Ia bederatzi milioi euro inbertituko ditu diputazioak: lau Bilbon eta 4,6 Urduñan. Leku biak aurretik ere erabili izan dira filmaketetarako, eta orain plato bihurtuko dituzte. Gaur aurkeztu dute proiektua Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, hiri horretako Zabalguneko eraikinean sektoreko hainbat ordezkarirekin egin duten ekitaldian.

Zorrotzako Muturreko pabiloiak Bilboko Udalarenak dira. 2019an, Galder Gaztelu-Urrutia zinema zuzendari abadiñarrak haietako batean grabatu zuen bere lehen lan luzea: El hoyo. Apurka lekua egokituz joan dira, eta, ordutik, 30 bat pelikula filmatu dituzte han. Orain helburua da leku hori egoki atontzea. Bilboko alkateak azaldu duenez, ingurua hesituko dute, zortzi pabiloietatik lau zaharberritu, eta Portu Agintaritzaren txalet zaharra egokitu. Argindar eta ur hornidurako sareak ere hobetuko dituzte.

Han grabatu izan duten ekoiztetxeek «oso ontzat» jo dute lekua, Aburtoren esanetan. «Indargune nabarmenak ditu: pabiloiak gauza askotarako erabil daitezke, eta kanpoko aldean grabatzeko aukera ere badago; itsasadarretik gertu dago, eta ondo komunikatuta, errepidez eta garraio publikoari esker». Laster lizitatuko dituzte obrak, eta Bilboko Udalaren asmoa da udazkenean hastea lanean.

Urduñan ere hainbat film grabatu dituzte, Iker Santorciles alkateak gogoratu duenez: iaz, esaterako, Asier Altunaren Karmele eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas. Eremu zabala dute ikastetxe zaharrean: eraikinak 18.000 metro koadro ditu,  eta 10.000 inguruko orubeak. Diputazioak egokitu egingo du. Alkatearen esanetan, «inbertsio garrantzitsua» da udalerriarentzat: «Urduña ikus-entzunezkoen arloan erreferente bihurtzen lagunduko duelako, eta udalerriko ekonomiarentzako bultzada handia izango delako. Iaz, hiru hilabeteko ekoizpen batek 300.000 euroko inpaktua izan zuen, batez ere ostalaritzan eta merkataritzan». Aiaraldeko Plan Estrategikoan jasotako proiektuetako bat da. Uste dute lagungarria izango dela eskualdean enplegua sortzeko eta jarduera aukerei bide emateko.

«Egitura sendo bat»

Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza aspaldikoa da arlo honetan, nahiz eta orain Urduña batu zaien. 2015ean sortu zuten Bilbo Bizkaia Film Commision, filmaketak Bizkaian egitea sustatzeko eta filmaketak berak egiten laguntzeko. 2023an urrats garrantzitsua egin zuen diputazioak: zerga pizgarriak onartu zituen. %30 eta %60 arteko kenkariak Bizkaian egindako inbertsioetan, eta euskal ekoizpenen kasuan, %70era artekoak. Filmaketek lurraldeko ekonomian izan duten eraginari esker, bi urtean berreskuratu dute kenkari guztien %87, finantzatutakoaren %91. Ahaldun nagusiaren esanetan, «lehendik zegoen talentua ongarritu» dute: «Talenturik ez balego, hondartzako harea ureztatzen ibiliko ginateke».

Baina hobari fiskalak ez dira betiko izango, eta, hain zuzen, «egitura sendo bat» eduki gura dute halakoak falta direnerako. «Beste lurraldeekin alderatuta, bestela lan egin gura dugu. Erakundeen artean lan egingo dugu, ekosistema oso bat sortzeko. Tokiko talentuaren alde egingo dugu, azpiegitura egokiak eskainiz, zerbitzu profesionalak bermatuz eta kalitatezko formakuntza emanez. Pelikula bat izateko prozesu osoa hartuko dugu kontuan», azaldu du Etxanobek, estrategiaren muina laburbiltzeko asmoz. Funtsean, ikus-entzunezkoak Bizkaiko ekonomiaren oinarrietako bat izatea gura dute.

'Zeru ahoak' telesailaren grabaketa, iaz, Bilbon. TXINTXUA FILMS
'Zeru ahoak' telesailaren grabaketa, iaz, Bilbon. TXINTXUA FILMS

Azken urteetan, ikus-entzunezkoen arloak pisu handia hartu du, eta iazkoa urte «bikaina» izan zen. 138 milioi euroko zuzeneko inpaktua izan zuten esparru horretako lanek Bizkaian; 267,5 milioikoa, zeharkakoa ere kontuan hartuta. Zuzeneko 1.500 lanpostu inguru zeuden sektorean —2024an baino %6,1 gehiago—, 497 enpresak osatutako sare batean —%10,9 gehiago—. 219 filmaketa egin ziren Bizkaian —2015ean 44 izan ziren—: fikziozko 23 film luze, hamazortzi dokumental luze, fikziozko hamahiru telesail, hamar dokusail, 42 film labur, 39 telebista saio, 54 publizitate iragarki, hamabi bideoklip, sei argazki saio eta bideo arteko bi proiektu. 1.298 filmaketa egun behar izan ziren; hau da, bost grabazio baino gehiago egin ziren lanegun bakoitzeko, Bizkaiko 79 udalerritan guztira.

Euskal ekoizpenak ere nabarmendu dituzte agintariek. Iaz hiru film luze grabatu ziren herrialdean, lau dokumental luze, fikziozko bost telesail, bi dokusail eta hamabost film labur. «Euskarak gero eta presentzia handiagoa du aretoetan, gero aintzatespen eta sari gehiago jaialdietan, eta gero eta posizionamendu hobea telebistetan eta plataformetan», nabarmendu du Aburtok. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.