Idoibaltzagatik Errigoitira

Zapatuan 650 urte beteko dira Gaztelako Juan I.a Bizkaiko jaunak Errigoitiko hiribildua sortu zuenetik, eta herrian jai «xume» batekin ospatuko dute.

Errigoitiko Uria auzoa, artxiboko irudi batean. ERRIGOITIKO UDALA
Errigoitiko Uria auzoa, artxiboko irudi batean. ERRIGOITIKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko uztailaren 30a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errigoitiko Idoibaltzagako Andra Mari parrokia XVII. mendekoa da, baina, agirien arabera, X. menderako daborduko zutik zegoen beste eliza baten gainean eraikita dago. Haren elizpean biltzen ziren Idoibaltzagako elizateko baserrietakoak. Han elkartu ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak 1452an ere, Bizkaiko Foru Zaharra idazteko, gero Gernika-Lumon onartu aurretik. Baina XIV. mendean, herriaren historia irauli egin zen: Gaztelako Juan I.a Bizkaiko jaunak Errigoitiko hiribildua sortu zuen elizpe hartatik hirurehun bat metrora. 1376ko abuztuaren 1a zen. Zapatuan, beraz, 650 urte beteko dira Errigoiti jaio zeneko egun hartatik. Eta herrian jai egingo dute. «Xumea izango da, etxekoontzat, baina garrantzitsua gure nortasuna aldarrikatu eta historia gogoratzeko», esan du Frank Zubiaga alkateak. 

Idoibaltzagako elizateko bilkura haiek legez, meza batekin hasiko dute etziko eguna ere. 11:00etan izango da. Bukaeran, trikitilariekin kalejiran egingo dituzte Elizalde auzotik Uria auzora arteko hirurehun metroak, galtzada zaharretik. Han egon zen jaunak sortutako Errigoitiko hiribildu hura, harresi barruan. Gaur egun ez da haren aztarnarik geratzen. Laster auzo horretako etxe bat konpontzen hasiko dira jabeak; dorretxe moduko bat da. Alkateak iragarri du indusketak egiteko aprobetxatuko dutela, ea harresiaren arrastorik topatzen duten. 

Urira heltzerakoan, hiribilduaren sorrera gogoratzeko ekitaldia egingo dute. Herriko bertsolari bi kantuan arituko dira: Xabier Arriaga Txiplas eta Julen Ibarguengoitia. Bizkaia Irratiko Javi Gartzia gonbidatu dute, agiria irakurri dezan. Egun hura oroituko duen plaka ere inauguratuko dute, eta jan-edanarekin bukatuko dute. «Herriko jendeak egindako jaia, herriko jendeak ospatzeko», alkatearen arabera. Aitortu du errigoitiar askok ez dutela ezagutzen herriaren historia, eta aurreko egunetan ibili dira dibulgazio lana egiten. 

Errigotiko Idoibaltzagako Andra Mari eliza eta inguruak, XX. mende hasieran. BERRIA
Errigoitiko Idoibaltzagako Andra Mari eliza eta haren ingurua, XX. mendearen hasieran. BERRIA

Bizkaiko jaurerrian zeuden hamalau hiribilduetako bat izan zen Errigoitikoa, sortu ziren azkenetakoa. Izan ere, egun berean sortu zituen Bizkaiko jaunak Mungiako eta Larrabetzuko hiribilduak. Errigoitikoa txikia izan zen, kokalekuak ez baitzuen asko garatzeko aukerarik ematen. Izenak iradokitzen duen moduan, goian dagoen herria da. Burgoa, Sollube, Bizkargi eta Arburu mendien magalean dago, berrehun eta laurehun metro arteko garaieran. Premia estrategiko batengatik sortu zuten, alkateak azaldu duenez: «Mungiatik Gernikarako bide nagusian zegoen Errigoiti, eta hiribildu izateak handik pasatzen ziren merkatariei bidesaria kobratzeko aukera ematen zuen. Baita azoka egitekoa ere». Logroñoko foruak arautzen zuen hango bizimodua, eta ez Bizkaikoak.

Tamainaz hiribildu txikia zen. Berbarako, XVIII. mendean, daborduko harresia eraitsita zegoela, 22 etxek osatzen zuten. Gaur egun ere apala da: 508 lagun daude erroldan; berrehun baino gutxiago Uria delako auzoan. Jende gutxi denez, zerbitzuak ere urri dituzte. «Ia edozertara Gernikara joan behar dugu: erosketak egitera, kiroldegira…», kontatu du Zubiagak. Beraz, udalaren asmoa da ahalik eta behar gehien herrian bertan asetzeko aukera ematea. Laster, kutxa automatiko bat ipiniko dute udaletxepean, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek egindako akordioari esker. Gimnasio txiki publiko bat ere eraiki gura dute. «Orain arte, diruz laguntzen genuen Gernikako kiroldegira joatea, baina joan-etorrian denbora galtzen da». Alkatearen esanetan, iragana ahaztu barik etorkizuna bermatzea da erronka. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA