Absentziak eta hutsuneek hauspotuta jaio da Julen Nafarrate kazetariaren (Berango, 1986) eta Ines Bermejo artistaren (Getxo, 1986) liburu berria: Non daude Getxoko LGTBIQ+ nagusiak? Getxoko LGTBI kolektiboaren memoria historikoaren inguruko daturik ez egoteak bide eman zion 2022an Gu ere bagara erakusketari, eta kale erakusketa hura testigantza liburu ilustratu bilakatu da orain. Ostiralean aurkeztu zuten Algortako Abian kultur elkartean (Getxo).
Nola bihurtu da erakusketa bat liburu ilustratu?
INES BERMEJO: Erakusketa laburra izan zela sentitu genuen. Kalean egon zen, geltokietan, hitzaldiak ere eman genituen... Baina dena azkar pasatu zen. Nahiko efimeroa; zerbait iraunkorragoa nahi genuen.
JULEN NAFARRATE: Istorioak ez galtzeko eta nonbaiten iraunarazteko nahiak bultzatu du liburuaren sorrera. Ez genuen nahi istorio horiek gure ordenagailuan hiltzea. Hasieran, erakusketa egin eta halaxe amaitu nahi genuen; ez genuen espero proiektuak izan duen ibilbide guztia. Beraz, Getxoko sormen beka eskatu genuen berriz ere, eta liburua prestatzeari ekin genion.
Erakusketaren ondoren istorio gehiago iritsi zitzaizkizuen?
NAFARRATE: Bai. Behin erakusketa eginda, testigantza gehiago iritsi zitzaizkigun, hasieran parte hartu ez zuten pertsonenak. Hildako pertsonen senideek ere beren oroitzapenak kontatu zizkiguten.
BERMEJO: Proiektuak herrian zerbait piztu izan balu bezala izan zen. Gaiaz gehiago hitz egiten hasi zen, beste herri batzuetatik deitu ziguten gure esperientzia konta genezan. Baina, noski, erakusketa egina zegoen, eta ez genekien zer egin material berri horrekin.
Nola egokitu zineten oraindik anonimotasunari eutsi nahi zioten LGTBI kolektiboko adinekoen errealitatera?
NAFARRATE: Erakusketa prestatzen hasi ginenean, gure ideia nagusiari uko egin behar izan genion. Pertsonek beren istorioak lehen pertsonan kontatzea nahi genuen, aurpegia eta izena emanda. Baina inork ez zuen identifikagarria izan zitekeen daturik kontatu nahi. Orduan ulertu genuen guk nahi genuena ez zela haiek behar zutena. Beraz, proiektua birformulatu egin genuen. Deialdia berrabiarazi genuen anonimotasuna bermatuz, irudi pertsonalik gabe. Eta, hala ere, kontatu zigutena oso baliotsua izan zen.
«Ulertu genuen guk nahi genuena ez zela haiek behar zutena»
JULEN NAFARRATE
Zer prentsatzen dute haiek gaur egungo egoera ikusten dutenean?
NAFARRATE: Haiek guri ere galderak egin zizkiguten, eta konturatu ginen gauzak ez direla hainbeste aldatu. Gaur egun, LGTBIQ+ komunitatearentzat oso askeak diren espazio asko daude, baina kolektiboarentzat erosoak ez diren esparru batzuk ere badaude, tamalez. Haiek ere sentitzen zuten espazio batzuk ez zirela asko aldatu. Adineko queer-ek gaur egun ez badute konfiantza nahikorik beren historiak plazaratzeko, horrek esan nahi du gizartea ez dagoela prest. Oso esanguratsua da. Batzuek beldurra dute oraindik.
Zein izan da proiektuko gauzarik zailena?
BERMEJO: Guretzat kontatu ezin diren istorioak kontatzea izan da zailena. Istorio asko bildu ditugu, baina ezin dugu detailerik kontatu. Datu pertsonalak, identifikagarriak diren pasarteak eta irudiak utzi behar izan genituen. Erakusketarekin egin genuen bezala, sormen prozesu handi baten bidez kontatu ditugu istorio horiek. Azkenean, artxiboko irudiak hartuta, anonimotasun horrekin jolasten joan gara. Biok egon gara prozesu horretan oso murgilduak.
«Guretzat kontatu ezin diren istorioak kontatzea izan da zailena»
INES BERMEJO
Zer alde dago erakusketaren eta liburuaren artean?
NAFARRATE: Liburuak hainbat gai sakonago lantzeko aukera ematen du. Erakusketan esaldi solteak eta elkarren artean lotura gutxi zuten elementuak zeuden. Hemen haurtzaroaz, nerabezaroaz, zahartzaroaz eta doluaz ari gara, ildo narratibo bati jarraituz. Istorio asko ezin dira osorik eman, baina pasarte indartsuak daude. Adibidez, Getxotik beren sexualitatea libre bizitzeko joan direnenak, sexilio deritzon kasuetakoak. Batzuk itzuli egin ziren, beste batzuk ez, eta istorio batzuk betiko galdu ziren.
BERMEJO: Gainera, liburuko ilustrazio gehienak berriak dira. Oso gutxi errepikatzen dira.
Konta dezakezue liburuan dagoen pasarteren bat?
NAFARRATE: LGTBIQ+ pertsonak oharkabean pasatzen dira, eta istorioak oso ondo islatzen du sentimendu hori. Bazen gizon bat Algortan, Bilbora zihoanean purpurinaz inguratuta bizi zena, erabat aske. Haren hileta egunean, Bilboko farandula osoa agertu zen Algortan, eta momentu horretan jabetu ziren urteetan onartu nahi ez zutenaz: homosexuala zela, alegia. Hori bezala, asko dira bizia diskrezioz bizi behar izan duten pertsonen istorioak.
Nolakoa izan da emaitza?
BERMEJO: Proiektu txikia da, maitasunez eta autoekoizpen gisa egina. Ez du dena kontatzen. Justu kontrakoa da: kontatu gabe kontatzen du, iradoki egiten du erabat erakutsi gabe.
NAFARRATE: Baina uste dugu zerbait garrantzitsua lortu dugula: istorio horiek ez daitezela gal, nonbaiten gera daitezela. Eta amaiera baikorra izatea nahi genuen; horregatik, liburua lore leherketa bat erakutsiz amaitzen da. Heriotzaz hitz egin ondoren, biziaz ere hitz egin beharra zegoen.