«Itsas estazioa eraistea zera egitea bezalakoa litzateke: behatoki astronomiko bat eraistea kupulek horizontea estaltzen dutela argudiatuta», esan du Aitor Garagarza Plentziako alkateak. Asteon jakin da Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak PIE Plentziako Itsas Estazioaren aurkako txostena idatzi duela eta eraikina eraistearen alde agertu dela, eraikinak hondartzan «inpaktu bisuala» duelakoan.
Garagarzari «zentzugabea» iruditu zaio ministerioaren argudioa: «Behatokia eraitsita, ikuspegi garbia lortuko litzateke, baina etorkizuna ulertu eta arrakastaz nabigatu ahal izateko behar diren lenteak eta ezagutza suntsituko lirateke». Beste horrenbeste gertatuko litzateke itsas estazioa Plentziako hondartzatik kenduz gero: EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ikerketa zentroak ezingo luke bere lana egiten jarraitu, nahiz eta ministerioaren txostenak esan zentroa Plentziako beste lekuren batera mugi daitekeela. Izan ere, itsasoari buruzko goi mailako ikerketa egiteko ez da nahikoa itsasotik gertu egotea; «ezinbestekoa» da itsasertzean egotea, PIEko arduradunek beti esan izan dutenez. Bertarik bertara hartzen dute itsasoko ura, eta ikerketarako aproposak diren azpiegiturak eta baliabideak dituzte han. Europan molde bereko beste zentroak ere hondartzetan daude.
Plentziako Udalaren arabera, PIE «estrategikoa» da. Ez soilik herrirako, baita Euskal Herri osorako ere, alkateak esan duenez. Iritzi berekoak dira EHU eta Eusko Jaurlaritza, unibertsitateak adierazi duenez: «Bat gatoz zentroaren garrantziarekin eta jarraitutasunarekin, bai eta kostaldeko kokapen estrategikoarekin ere». Ministerioak egindako txostena ez da loteslea. Iaz, itsasertzaren eskuduntza Eusko Jaurlaritzak hartu zuen, eta, ondorioz, hari dagokio azken erabakia hartzea. Bai udalak bai unibertsitateak adierazi dute «konfiantza» dutela Jaurlaritzaren irizpidean: «Emakida luzatuko du gaur, ziur», esan du Garagarzak.
Espainiako Gobernuaren baimena
Plentziako Itsas Estazioko eraikinak ehun urte baino gehiago ditu. 1923an sustatu zuen Bilboko Udal Aurrezki Kutxak, errakitismoa zuten gaixoak artatzeko. Luzaroan hutsik egon zen, harik eta 2005ean Plentziako Udalari eman zioten arte, ingurumen ikerketarako zentro bat sortzeko. EHUk hartu zuen bere gain zentroaren kudeaketa.
Plentziako ospitale zaharra izandakoa hondartzan dago, Gorlizko ospitalearen aldean. Hau da, itsas-lehorren mugaldearen jabari publikoko eremuan. Ondorioz, hondartzaren Gorlizko aldean zeuden jatetxeekin egin bezala, hura ere eraitsi egin beharko litzateke, legez. Baina Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzak proiektua aztertu zuen, eta «itsas-lehorren mugaldearen jabari publikoko eremuan dauden ondasun publikoak okupatzeko» baimena eman zion Plentziako Udalari, itsas estazioa sortu ahal izateko. 2007an izan zen hori. Baimena hamabost urterako izan zen, eta beste hamabostera luza zitekeen.
PIE 2012an hasi zen lanean. Ordura arte, ikertzaileak eta ikasleak Leioako campusean aritzen ziren beharrean. Horretarako kamioietan eroaten zieten itsasoko ura. Gainera, hainbat departamentutan sakabanatuta egiten zuten lan. Harrezkero, baina, denak eraikin berean daude. Itsasertzean egoteak modua eman die Itsas Baliabide Biologikoen Europako Zentroko kide izateko. Ikerketa lana egiteaz gain, nazioarteko masterrak eskaintzen dituzte.