Gaurtik domekara bitartean, Bermeoko 31. Arrain Azoka egingo dute. Itsasoari lotutako feria garrantzitsuena da Bizkaian. «Gure produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleihorik onena da. Harro gaude gure kontserbak eta itsas ondarea erakusteaz», esan du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk. Gaur hasiko da, 12:00etan, eta hasiera ekitaldi horretan banatuko dute 28. Hegaluze Saria. Arrain Azoka Elkarteak itsasoari lotutako andreei ematea erabaki du.
Arrantza eta kontserba sektoreko hainbat arlotan emakumeek egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Gainera, domekan Itsas Sektoreko Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da; hala dago izendatuta maiatzaren 18a. «Arrantzarekin lotutako lanbide tradizionalak garatu dituztenetatik hasi eta gaur egun berrikuntza, ikerketa eta kostaldearen kudeaketa gidatzen dituztenetaraino, emakume guztiak dira isilpeko olatu baten parte», nabarmendu du alkateak.
Nemehek saregileak izan ditu gogoan, baina baita ozeanoak ikertzen dituzten zientzialariak ere. Arrantzale, kontserbagile, armadore edo itsas kulturaren jagole, gutxi-asko arlo askotan dihardute, alkateak gogoratu duenez. «Emakume horiek gure komunitatearen eta itsasoaren arteko harremana zaindu eta eraldatu duten kate isil eta beharrezko baten parte dira».
Arrain Azokak atzo abiatutako Euskaraldiarekin ere egin du bat denboran, eta, zeozelan, eragina izango du horrek, Bermeoko alkateak iragarri duenez: «Ahal den neurrian», egitarauko jarduera «gehienak» euskaraz egingo dituzte aurten. LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta hori ere kontuan hartuko dutela adierazi dute.
400 KILO antxoa banatuko diTUZTE bihar ondarroan
24. Antxoa Eguna egingo dute bihar Ondarroan. Udalak eta herriko taldeek egitarau zabala antolatu dute. 11:30ean hasiko da festa, hiru turrun jota, herrian ohitura den moduan. Goiz osoan, euro bakarraren truke antxoa pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Laurehun kilo banatuko dituztela aurreikusi dute. Unanue Udal Musika Eskolako kideak ibiliko dira giroa alaitzen.
14:00etan banatuko dute Zilarrezko antxoa: Arantza Burgoa omenduko dute aurten. 21:30ean amaituko da jaia, erromeria baten bueltan.
Azoka bera hamazortzi erakustokik osatuko dute. Lameran izango dira, eta euren produktuak eskainiko dituzte herriko eta inguruko enpresa eta erakundeek. Gaur eta bihar, 11:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik; domekan, 15:00etan zarratuko dituzte.
Aurtengo azokak berrikuntza interesgarriak izango ditu, Maite Caruezo Garapen Ekonomikoko Bermeoko zinegotziaren arabera. Gaur jokatuko da pintxo txapelketako finala, eta hiru tabernaren artekoa izango da lehia: Bermeoko Kafe Antzokia, Toki Alai eta Beti Ondo. Lagunarteko pintxo lehiaketan, ostera, bi lagun talde ibiliko dira nor baino nor gehiago. Horrez gain, zapatuan egon ohi den habanera kontzertuaren ordez, euskal kanta herrikoien emanaldia prestatu dute biharko. Josepa kale-kale taldekoek gidatuko dute kantaldia, Ross dantza eskolako dantzariek lagunduta.
Askotariko jarduerak
Bermeo Tuna World Capitalek parte hartze zuzena izango du azokan, tailer eta dastatze saio bereziak eskainiko ditu eta. Besteak beste, atun motak ezagutzeko aukera izango dute ume zein helduek. Umeentzako eskaintza berezia egongo da azokan. Berbarako, Galerna belaontzian itsasoratzeko aukera izango dute, eta, Izan arrantzale tailerrari esker, arrantzan ikasiko dute kofradian. Helduek arrainaren enkantea zelan egiten den ezagutu ahal izango dute, eta Hegaluze edo Taho itsasontzietan irteerak egin ahal izango dituzte. Arrantzaleen Museorako sarrera doakoa izango da egunotan.
Azokaren berezko jarduerez gain, Bermeoko kirol eta kultur taldeek ere izango dute lekua egitarauan, herrian jai giroa sortzen laguntzeko. Fanfarrak, dantzariak, trikitilariak, erraldoiak eta abar ibiliko dira kalean. Estropadez, eta pilota eta zesta partiduez gozatzeko aukera ere egongo da.