Lasaitasuna. Batez ere bake sentsazio hori izaten du Zierbenako Itxas Dive urpekaritza klubeko lehendakari Itxaso Iradierrek itsasoan murgiltzen denean. «Ez duzu ezer entzuten, burbuilak baino ez». Horrez gain, uretako bizitza bertatik bertara ezagutzeak ere liluratzen du. «Zoragarria da, eta ez da egunerokoan ikus dezakezun zerbait». Gaur egun urpekaritzak zale ugari ditu mundu zabalean, baita Bizkaian ere. Talde batzuk desagertu diren arren, oro har gehientsuenak sasoiko daudela esan du Iradierrek. Batez ere behatzeko jarduera bat da gaur egungo urpekaritza, ezohiko zerbait ikusi eta urpekaria harrituko duen zerbait aurkitzekoa, baina hastapenetan arrantzari lotuago egon zen.
Ez da ezagutzen nor izan zen itsaspera murgildu zen lehen bizkaitarra, ezta noiz izan zen ere. Bilboko Club Deportivoko artxiboen arabera, bazkide bi Izaro irlaren inguruan urpeko arrantzan ibili ziren 1950eko uztailean, eta burbina bat harrapatu zuten. Hala ere, Bizkaian, Giovanni Marra italiarrak eman zion bultzada itsaspeko arrantzari. 1949an, Bilbora etorri zen, sorterriko kontsulatuan behar egitera, eta hemen sortu zuen familia. «Gure aita oso kirolzalea zen; denetarik egiten zuen. Gaztetan Frantzian egon zen aldi batez, eta, besteak beste, Jacques Cousteau ezagutu zuen han. Horrela sortu zitzaion urpekaritzarekiko zaletasuna», gogoratu Anna Marra alabak.
«Gure aita oso kirolzalea zen; denetarik egiten zuen. Gaztetan Frantzian egon zen aldi batez, eta, besteak beste, Jacques Cousteau ezagutu zuen han. Horrela sortu zitzaion urpekaritzarekiko zaletasuna»
ANNA MARRA Gaztelugatxeko omenaldiaren antolatzailea
Bilbon, gazte mendizale batzuek CES Centro Excursionista Vizcaino sortu zuten 1953an. Marra ere batu zitzaien hurrengo urtean, eta itsaspeko arrantzari lotutako atala sortu zuen. Azkenean, CEVAS izena hartu zuen elkarteak, hau da, Centro Excursionista Vizcaino de Actividades Subacuaticas, eta bereziki urpekaritzari lotu zitzaion. Urpeko arrantza lehiaketak antolatzen hasi ziren, salbamendu eta sorospen ikastaroak eskaintzen eta baita urpekaritza eskolak ematen ere. CEVASek egundoko bultzada eman zion urpekaritzari Bizkaian.
Marraren alabak kontatu duenez, gaur egun garai hartako ospea galdua du elkarteak, eta oso apala da haren jarduna. Baina oraindik ere erreferentea da diziplina horretan dabiltzanentzat. Izan ere, Bizkaiko urpekarientzat ikur bihurtu den zerbait egin zuten duela sei hamarkada pasatxo. Marrak Geneva inguruan itsaspean dagoen Jesu Kristoren irudia ezagutzen zuen, eta mundu zabalean dauden beste batzuk ere bai. Antzeko zeozer egin gura izan zuen Bizkaian. Herrialdeko zaindari Begoñako Amaren irudi bat urperatzea otu zitzaion. «Armintzan edo Gaztelugatxen, ez zekiten seguru non ipini. Aita eta Luciano Reguera ziren CEVASeko arduradunak, eta Luciano Aketxe irlaren inguruan hil zen garai hartan; beraz, argi geratu zitzaien Gaztelugatxen ipini behar zutela. Zoritxar hark aukeratu zuen lekua», gogoratu du Anna Marrak.

Joaquin Lucarini eskultore italiarrak egin zuen Ama Birjinaren irudia. Manganeso brontzean landua da, eta berunez betea. 1,3 metro da garai da, eta 1.000 kilo inguru pisatzen du. 1963ko irailaren 15ean, Bermeotik eroan zuten itsasontziz, eta, Pablo Gurpide orduko Bilboko gotzainak bedeinkatu ostean, Gaztelugatxe eta Aketxe arteko badiaren erdi-erdian urperatu zuten, itsas mailatik 8-10 metroko sakoneran. Ordutik urtero egin ohi dute jaia efemeridearen bueltan. Aurtengoa irailaren 13an izango da. Giovanni Marra 2012an hil zen, urperatzetik 49 urtera, eta alabari eman zion 50. urteurreneko ospakizunak antolatzeko ardura. Ordutik horretan ibili da, eta aurtengo ospakizuna ere antolatu du daborduko.
Ekitaldi xumea izaten da. 11:30ean Ama Birjinaren irudiari itsasoko omenaldia egingo dioten itsasontzian irtengo dira Bermeoko portutik. 12:00etan elizkizuna izango dute Bakio eta Bermeo arteko errepide zaharreko begiratokian, 1963ko urperatze hura gogoratu eta itsasoan hildako urpekariak omentzeko monolitoaren inguruan. 12:30ean, lore eskaintza egingo dute itsasoan. Ondoren, omenaldia etorriko da. Aurten, urpekari historiko bi eta Itxas Dive kluba omenduko dituzte. Marrak kontatu duenez, Zierbenako urpekari taldekoak ezinbestekoak izan dira ekitaldi honen antolaketan azken urteetan. Besteak beste, haiek arduratzen dira Ama Birjinaren irudia garbitzeaz eta itsasoko lore eskaintza antolatzeaz. «Guretzat ohore bat da aitortza hori jasotzea», esan du Iradierrek. Aita eta biak ibiltzen dira zeregin horretan. Kontatu duenez, familiarentzat ekitaldi berezia izan ohi da, haren aitita Fernando Iradier izan zelako Marrarekin eta beste batzuekin Begoñako Amaren erreplikaren urperatzea sustatu zutenetako bat.
«Mundu zabalean dauden leku batzuk liluragarriak dira, baina gure kostaldeak badu xarma berezi bat itsasoa bare dagoenean»
ITXASO IRADIER Zierbenako Itxas Dive urpekaritza klubeko presidenteordea
Itxas Dive kluba 1998an sortu zuten. Gaur egun 147 kidek osatzen dute. «Sasoirik onenean gaude», nabarmendu du. Castroko Saltacaballo (Kantabria, Espainia) ingurutik Sopelara arteko itsas tartean egiten dituzte murgiltze gehienak Zierbenakoek, itsasontziz doazenean. Ostera, itsasora oinez sartzen direnean, Castron egiten dute, Bizkaiko hondartzetan gaitzagoa delako.
Iradierri hondoratutako itsasontziak ikuskatzea gustatzen zaio gehien, eta Bizkaiko kostaldean badituzte halakoak eskura. Besteak beste, Zierbenako portutik gertu dute bat. Beste leku batzuetan ere ibili da, batez ere Kanaria uharteetan, baina, Itxas Diveko lehendakariordearen esanetan, Bizkaiko golkoak badu beste inon topatu ez duen zerbait. «Mundu zabalean dauden leku batzuk liluragarriak dira, baina gure kostaldeak badu xarma berezi bat itsasoa bare dagoenean».

Urteotan igarri dute ura geroz eta epelago dagoela. Baina, gehienbat, ikusten duten horretan topatu dute aldea: «Bizitza gutxitzen ari da. Egia da leku batzuetan suspertzen ere hasi dela, batez ere arrantza debekatu den lekuetan, baina, oro har, gero eta bizitza gutxiago dago». Esaterako, Gaztelugatxe inguruan, urteroko ekitaldia prestatzera joan izan direnetan, urpekariek nabaritu dute alga basoa ahultzen ari dela. Tenperatura aldaketari egozten diote.
Inguru hartan sarbidea oso mugatuta dago, Marrak azaldu duenez. Uharterakoa ez ezik, badiarakoa ere kontrolatzen du Bizkaiko Foru Aldundiak. «Itsasontziren bat sartzen bada, berehala agintzen diote handik irteteko. Gauzak asko aldatu dira, onerako: nire umeek han ikasi zuten igerian, eta orain pentsaezina da hori egitea». Gaztelugatxeko biotopo babestuko urpea euskal kostaldeko beste edozeinen modukoa da aberastasun aldetik, baina lege babes horrek egiten du ezberdin: gizakiaren eragina ez da handia izan, eta, oro har, inguru landugabea da.
Itsasoa jagotearen garrantziaz ohartarazi du Iradierrek. Klubeko kideek ipintzen dute euren aletxoa. Esaterako, zaborra biltzera joaten dira aldiro-aldiro. Hurrengo zabor bilketa urriaren 3rako ipini dute: Zierbenako portuan ibiliko dira, 11:00etatik aurrera. Esan du «lotsagarria» dela itsasora isurtzen den hondakin kopurua. «Ozeanoak garbi mantentzea denon ardura da».