Izan daitekeen Urdaibai

Eider Gotxik, Ugaitz Gazteluk eta Jokin Alberdik Busturialdeak dituen premiei erantzuteko proposamenak egin dituzte 'Etorkizun ekosoziala. Aldaketarako estrategiak' jardunaldian.

Urdaibai Biosfera Erreserba, artxiboko irudi batean. BERRIA
Urdaibai Biosfera Erreserba, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko apirilaren 29a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Proposamenak mahai gainean jartzen direnean, ezetz esatea da errazena. Baina zer gura dugu Urdaibain?», egin du galdera Ugaitz Gaztelu arkitekto, EHUko irakasle eta Arkibai taldeko kideak. «Nik uste dut galdera ez dela zer nahi dugun, baizik eta gure lurraldeak zer jasan dezakeen», gehitu du Guggenheim Urdaibai Stop plataformako Eider Gotxik. Gernika Gogoratuz elkarteak antolatutako Etorkizun ekosoziala. Aldaketarako estrategiak jardunaldian hartu dute parte biek, Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura elkarteetako kide eta EHUko Zuzenbide irakasle Jokin Alberdirekin batera. Bilboko Guggenheim museoa eskualdera zabaltzeko proiektua bertan behera geratu berritan, hirurek uste dute zer egin erabakitzeko unea dela.

Gazteluk gogoratu duenez, egin diren diagnostiko guztietan azpimarratu da eskualdeko biztanleek gehienak handik kanpo egiten duela lan. Nekazaritza, arrantza eta idustria sektorea gero eta larriago daude Busturialdean. Beraz, garapen ekonomikoa ezinbestekoa da. «Garapen jasangarria», Gazteluk nabarmendu duenez. Baina ohartarazi du garapen ekonomikoaren eta jasangarritasunaren markoak ez direla berdinak. Horregatik, iraunkortasun indize baten beharra azpimarratu du. «Gaur egun denok dakigu auto batek zenbat kontsumitzen duen. Baina norbaitek badaki bere etxeak zenbat kontsumitzen duen? Norbaitek badaki trenak zenbat CO2 isurtzen duen? Urdaibain proiektuak horren arabera fiskalizatu beharko genituzke: hemen ezin da hainbeste CO2 baino gehiago isurtzen duen proiekturik bultzatu». 

«Urdaibain proiektuak horren arabera fiskalizatu beharko genituzke: hemen ezin da hainbeste CO2 baino gehiago isurtzen duen proiekturik bultzatu»

UGAITZ GAZTELU Arkitektoa eta Arkibai taldeko kidea

«Nik ez dut Boroa bat hemen ikusten», esan du Gazteluk, Zornotzan, eskualderako sarreran dagoen industrialdeari erreferentzia eginez. Ez zaio egokia iruditzen Muxikan 2030ean martxan jartzeko eraikitzen ari diren Miango-Agerre-Untxeka industrialdea ere; Bizkaiko handiena izango da, 120 enpresarentzako lekua izango du eta 1.500 lanpostu sortuko ditu. Arkitektoak uste du Zamudioko parke teknologikoa eraiki zenean aukera bat galdu zuela Busturialdeak, iruditzen zaiolako ikerketari eta ezagutzari lotutako ekonomia bultzatu behar dutela eskualdean. Orain ere hori da bere proposamena, eta egina die erakunde publikoei, unibertsitate publiko eta pribatuei eta ikerketa zentroei. «Zuek zelan ikusten duzue Gernikara, Bermeora, Mundakara, dagoeneko eraikita dauden lekuetara ezagutza guneak ekartzea?», galdetu die solaskideei. 

Ados agertu da Gotxi. «Muga ekologiko batzuk egon behar dira, eta komunitatearen ongizatea izan behar da lehen lerroan egon behar dena. Busturialdeko garapena ezin da garapen ekonomiko huts batean oinarritu», esan du museoaren aurkako plataformako kideak. Horregatik, gaur egun indarrean dagoen eredu ekonomikoa aldatu behar dela iruditzen zaio. «Eskualde honek gaitasuna dauka proiektu txiki eta ertainak sartzeko, eta horrek erresilientzia emango lioke ekonomiari. Turismoaren inguruan ere hausnarketa egin behar da: zelako turismoa onar dezake gure lurraldeak?». Trantsizio hori Busturialdeko herritarren iritzia kontutan hartuta egin beharko litzateke, Gotxiren esanetan. «Loteslea izan beharko litzateke», gaineratu du.

«Agintariei esan behar diegu: ‘Gurekin edo gu gabe, egingo dituzue proiektuak. Ba, guk horrela egitea nahi dugu’»

EIDER GOTXI Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Busturialdea-Urdaibairako Eskualdeko Plan Estrategikoa ondu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, eskualdeko udalekin elkarlanean. Iaz onartu zuten, eta hamahiru proiektu estrategiko zehatz proposatzen ditu. «Suposatzen da guztion onerako direla, baina, gure ustez, ez da horrela. Zementu asko ikusten dugu eta uste iruditzen zaigu lanpostu gutxi sortuko dituztela. Uste dugu proiektu horiek ekosozializatu behar direla». Hori da orain Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoen asmoa, Gotxiren esanetan. Ohartu dira hamahiru proiektu horiek egin egingo direla, onartuta daudelako, eta egingo badira, zelan egin erabaki nahi dute. «Agintariei esan behar diegu: ‘Gurekin edo gu gabe, egingo dituzue. Ba, guk horrela egitea nahi dugu’». Erakundeak herritarren iritzia entzutera behartzeko aukera dutelakoan daude, gainera, Guggenheim auzia dela eta, oraindik «begi guztiak Urdaibaira begira» daudelako. «Urtebete barru, agian, ja ez».  

Hori litzateke lehen egitekoa. Baina herritarren artetik proiektuak proposatzeari ere ezinbestekoa iritzi diote. Hirurek azpaimarratu dute Busturialderako lehen oinarria Gernika Gogoratuz elkartearen ekinenez iaz argitaratutako Karta Ekologikoa dela. Alberdi eta elkarteko beste hainbat kide ibili dira dokumentua lantzen. Eskualdean egin beharreko hamahiru jarduketa identifikatu zituzten, besteak beste. «Adibidez, nekazaritzaren eta arrantzaren geldialdiaren aurrean, zer planteatuko dugu? Tokiko baliabide gisa babestu eta sustatu behar dira», esan du Alberdik. Elkartean orain ari dira proiektu konkretuak eztabaidatzen. Baina iruditzen zaio eskualdean badaudela ekimen «indartsuak». Jangurie ipini du adibide modura. «Guraso elkarte batzuek euren seme-alaben jangeletako ereduan eupielako iraultza egin dute. Gazteek orain ondo jaten dute eta eskualdeko ekoizleak pozik daude merkatu berri bat dutelako. Ekonomia suspertzeko balio du». 

«Erakundeei esan behar diegu: ‘Zuen planean ez dituzue kontutan hartu hau eta hau. Begira gure eskualdean zer egiten ari garen, eta zuek ez dituzue sustatu ere egiten’»

JOKIN ALBERDI Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundura elkarteetako kidea

Alberdik uste du bakoitzak bere esparrutik proposamenak egin beharko lituzkeela, guraso horiek egin duten moduan, guztiak batu eta proposamena egin. «Erakundeei esan behar diegu: ‘Zzuen planean ez dituzue kontutan hartu hau eta hau. Begira gure eskualdean zer egiten ari garen, eta zuek ez dituzue sustatu ere egiten’». Iruditzen zaio gobernantza eredua aldatzea ezinbestekoa dela horretarako. «[Biosfera erreserbako] Patronatuak ez du horrelako prozesu parte-hartzaileak sustatzeko gaitasunik? Beste espazio berri batzuk sortu beharko dira», esan du Zuzenbide irakasleak. 

Memoriaren eta ondarearen garrantzia ere azpimarratzen ditu Karta Ekologikoa-k. Gazteluk argi du memoria barik Busturialdeak ez duela etorkizunik. Bereziki, Gernika eta 1937ko bonbardaketa kontutan hartuta. «Hiroshiman egon zarete? Han eta hemen bizitzen dituzunak erabat diferenteak dira». Baina memoria 36ko gerra baino gehiago da. «Ezin dugu baserri gehiago jausten utzi. Bestela memoria galduko dugu, eta bihurtuko gara beste edozein lurralde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA