Izarak buruan eta azpiko gonak soinean

Mundakarrek ez dakite noiztik eta zergatik ospatzen duten aratustea atorra jantzita, baina badakite XIX. mendearen erdi aldera alkateak jaia «aspaldi-aspaldikoa» zela esan zuela. Historia, elezaharrak eta koplak liburu batean bildu dituzte.

Atorrak, Mundakan, 2023ko aratusteetan. ANE MARURI ARANSOLO / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Atorrak, Mundakan, 2023ko aratusteetan. ANE MARURI ARANSOLO / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 13a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jatorria argitzerik ez dute lortu. Udal agirietan topatu dutenez, 1843an, Mundakako alkateak Bizkaiko gobernadoreari eskatu zion utz ziezaiela «aspaldi-aspaldiko» jai hori ospatzen: aratusteak. Beraz, mende bi baino gehiagoko historia du ospakizun horrek, eta mundakarren nortasunaren ezinbesteko parte da. «Ez dakigu orduan zelan janzten ziren. Ez dakigu atorra jantzita ateratzen ziren», azaldu du Mundakako Atorrak elkarteko presidente Gaizka Lozanok. Dakiten guztia Mundakako atorrak liburuan kontatu dute. Goizean aurkeztu dute, proiektua babestu duten erakundeek lagunduta: Bizkaiko Foru Aldundia eta Mundakako Udala. Arratsaldean herritarrei erakusteko ekitaldia egingo dute kiroldegian.

Garrantzitsua da aratusteetako domeka mundakarrentzat, eta pena ematen die haren historia osoa ez ezagutzeak. Gaur egungo atorrak ere badabiltza historia hori sortzen, eta ez lukete gura etorkizunekoek haren berri ez izatea. Horregatik otu zitzaien liburu bat egitea. Asmo hori burutzeko sortu zuten duela hogei urte Mundakako Atorrak elkartea. Atzeratzen joan da proiektua, baina azkenean eman diote behar izan duen bultzada. Adineko atorrak elkarrizketatu dituzte, agiriak arakatu dituzte eta lortutako informazio guztia testuinguru historikoan kokatuta kontatu dute. 

Ez dakite atorren jantzia nondik datorren. Burkoaren izara ipintzen dute buruan, zapi gorri batekin lotuta, eta azpiko gona bana lepotik eta gerritik behera. «Kondaira baten arabera, Mundakan bizi zen konde bat poz-pozik itzuli zen poteotik etxera. Emaztea haserretu egin zen, eta kalera bota zuen. Eskura topatu zuen lehengo gauza jantzita irten zen: emaztearen azpiko gonak».

Kopla bilduma

«Aratuste zara, aratuste / mundakarrentzat / egun hobarik ez». Berba horiekin argi adierazten du 1960ko hamarkadako Aratuste kantuaren hasierak ospakizun hori zer garrantzitsua den. Jaiaren ereserkia izan daiteke, herritik kanpoko askok ere sarri entzun dutelako. Akordeoiek, gitarrek, mandolinek eta panderetek lagunduta egiten dute kalejira. Musikak berebiziko garrantzia du, beraz. Are, gaur egun Mundakako atorrek aratuste koplak sortzen dituzte urtero, nahiz eta garai batean ez zuten halakorik hain maiz egiten. «Konturatu gara ezen, kopla guztiak jarraian ipinita, Mundakako historia kontatzen dutela, herriak izan dituen aldaketa fisikoak eta gertatu diren gauza bereziak», adierazi du Lozanok. Horregatik, horiek ere gorde gura izan dituzte, hurrengo belaunaldiek haien berri izan ditzaten. 59 kanta bildu dituzte, bai hitzak, bai partiturak. Gehientsuenak 1980ko urteetatik hona sortutakoak dira, zaharretatik asko galdu egin direlako. Hamabi kanta grabatu dituzte, eta liburuarekin batera banatuko dituzte. Aurten, beste hamabi grabatuko dituzte. Ez da disko bat argitaratzen duten lehen aldia: 1991n grabatu zuten beste bat, hamalau kantarekin.

Liburuan kontakizun kronologikoa egiten saiatu dira. Udal artxiboan ikusi dute duela mende eta erdi inguruko agiri batean dagoela kopla horien lehen aipamena, beraz, ez dakite hasietatik kantatzen ote zituzten. Garai hurbilagoetako historia hamarkadaka antolatu dute. Atorretako bat herriko alkate izan da, eta hark egin du arakatze lana. Lozanoren esanetan, karguan egon zenetik ondo baino hobeto ezagutzen du artxiboa, eta, gainera, agiri zaharretan bila ibiltzea gustuko du.

Bizkaiko aratusteen sinboloetako bat dira Mundakako atorrak; seguruenik, sortu zirenetik etenik izan ez duten bakarrenetakoak izango direlako. Francisco Francoren diktadura luzean ere debekutik libratzea lortu zuten. Lozanoren esanetan, horrek asko eragin zuen herriko aratusteetan. Garai hartakoak dira, gainera, gaur egunera ailegatu diren dokumentu gehienak, argazkirik zaharrenak, abestiak eta grabazioak.

LAMIAK
Laminak, Mundakako aratusteetan, artxiboko irudi batean. MARKOS ESTEBANEZ

Hala ere, Mundakako aratusteetako mugarri garrantzitsuenetako bat geroagokoa da. 1970eko urteetara arte gizonezkoen jaia zen oso-osoan, atorra haiek baino ez dutelako janzten. Orduan sortu ziren laminak, aratusteetako andrazko pertsonaiak. Beltzez jantzita joaten dira, eta kolore berekoa izaten dute begien buelta. Ezpainak, ostera, gorri-gorriak, eta aurpegia, zurbil-zurbila. Buruan, artile argiz egindako ileordea eta zapia eroaten dituzte. Oinetan, abarkak. Atorrak goizean nola, hala ibiltzen dira laminak kalejiran arratsaldean. Modu horretan irtengo dira etzi ere: 12:30ean abiatuko dira atorrak, eta 18:00etan laminak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.