Jaia arrakastatik salbatu guran

Lekeitioko, Ondarroako eta Elantxobeko egun handiek fama hartu dute, eta herrian biltzen zaien jendetzak kezka sortu die udalei. Uste dute «kanpokoentzako jai» bihurtu zaizkiela eta masifikazioak segurtasun arazoak sortzen dituela.

Jendetza Lekeitioko portuan, joan den irailaren 5ean, Antzara Egunean. JON URBE / FOKU
Jendetza Lekeitioko portuan, joan den irailaren 5ean, Antzara Egunean. JON URBE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteko egunik handiena da Antzara Eguna lekeitiarrentzat, baina haietako askok ihes egiten dute herritik irailaren 5ean. Jan eta edan askoko eguna izaten da, baina haietako askok gurago izaten dute taberna zarratu, Ander Aldazabal alkateak kontatu duenez. Ekitaldi eta topaketen arrakasta parte hartzaile kopuruaren arabera neurtzen den garaiotan, sanantolinak pasatu berri, kezka agertu du: «Urte batzuetatik hona herri maila gainditu du, eta sekulako masifikazioa jasaten ari gara. Milaka lagun etortzen dira kanpotik, eta horrek sekulako eragina du jaiaren muinean, segurtasunean eta parte hartzean». Horregatik, jaiaren prestaketan parte hartzen duten eragileekin eta, oro har, lekeitiarrekin gogoeta prozesu bat abiatu gura du, «jaia zelan salbatu» adosteko. Eta ez da bakarra: Bizkaiko kostaldeko zenbait herritan jaietako egun handia arrakastak itota hilko zaien beldur dira.

Berbarako, arazo bera dute Ondarroan, Urtza Alkorta alkatearen esanetan: «Zapato Azulean herriak hartu ahal duena baino ez dakit zenbat bider jende gehiago etortzen da. Herritarrentzako baino gehiago kanpotarrentzako jai bihurtu da». Horregatik, eurek ere gogoeta hasteko asmoa dute. Berez, Radixu irratiak bultzatu eta antolatutako jaia da ekaineko azken zapatuan egin ohi duten hori, baina funtsean udala egiten da guztiaren kargu, alkateak nabarmendu duenez. Radixukoekin biltzeko asmoa dute, zer egin daitekeen pentsatzeko, baina ondarroarren iritzia ere ezagutu gura dute, «zer sentitzen duten» jakin. Izan ere, ondarroarrek ere alde egiten dute herritik, batez ere «eguerditik aurrera», arratsaldean alkateak «inbasio» deitu duena gertatu aurretik.

«Milaka lagun etortzen dira kanpotik, eta horrek sekulako eragina du jaiaren muinean, segurtasunean eta parte hartzean»

ANDER ALDAZABAL Lekeitioko alkatea

Ondarroako Udalak larrialdietarako plan berezia antolatzen du Zapato Azulerako, eta, besteak beste, anbulantzia pribatuak kontratatzen dituzte. «Osasun zerbitzu publikoak ez digu bermatzen anbulatorioan medikuak egongo direla». Alkortak kontatu duenez, iaz udalak kontratatutako anbulantziak etxe batean izandako larrialdi kasu bat artatu behar izan zuen. Horregatik, uste du goragoko erakunde publikoen laguntza behar dutela. Esaterako, Ondarroak eta Lekeitiok Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu diote euren jai jendetsuok ekitaldi handi modura har ditzala, eta, ondorioz, halako izendapen bati dagozkion baliabideak eskain diezazkiela.

Ondarroako Zapato Azule, joan den ekainaren 27an. GARAIA PAGOLA URRIZA / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Ondarroako Zapato Azule, joan den ekainaren 27an. GARAIA PAGOLA URRIZA / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA

Garraioa ere kezka iturri da herriotan. Ondarroak eta Lekeitiok eskaera ezberdinak dituzte. Ondarroak garraio publiko gehiago gura du, parrandazaleak eurenera eroateko baizik gauean handik bidaltzeko. Alkortak kontatu duenez, gaueko zerbitzuan maiztasun txikiegia egoten da, eta jendea joan ezinik geratzen zaie. «Behar beste autobus ez egoteak segurtasun arazoak ere sortzen ditu. Askotan ertzainek ere joan behar izaten dute laguntzera. Jendea zapatak-eta galduta agertzen da autobusera. Ikaragarria izaten da». Ostera, Aldazabalek aurten Bizkaibuseko arduradunei eskatu die errefortzurik ez jartzeko, jende gutxiago joan zedin Lekeitiora, baina ez diote kasurik egin, autobus horiek irteten diren lekuetan jende pilaketak sortuko liratekeela argudiatuta, batez ere Bilbon. Errefortzuak ipinita ere, Bizkaiko zenbait lekutan arazoak egoten dira Lekeitioko Antzara Egunerako autobusetara sartu ahal izateko.

Aldazabalek eta Alkortak ez dute neurririk pentsatuta. «Zerbait egiteko erabakirik hartzekotan, herriagaz batera egindako hausnarketa baten ondorio hartu beharko dira. Antzara Eguna herriarena da», azpimarratu du Lekeitioko alkateak. Eredua gertu izan dezakete, eta Ondarroako alkateak aipatutako elkarlanetik sortutakoa da: Elantxobe. Hango alkate Patxi Egurrolaren esanetan, konponbidea ez da urte batetik bestera lor daitekeen zerbait: «Prozesu baten emaitza da: urtero hartu behar dituzu neurriak modu progresibo batean».

Uztailaren 22an, Madalen egunean, Bermeoko udalbatza eta bermeotarrak Elantxobera joan ohi dira bazkaltzera, Izaron teila bota ondoren. Horren aitzakian, jendetza batu ohi da Elantxoben, baina, Egurrolak azpimarratu duenez, ez da garai batekoa zen bestekoa. «Urte jendetsuenekin konparatuta, orain lehengoaren herenak etorriko dira». Lehen, portua, goiko aldea eta erdikoa, denak mukuru betetzen ziren. Orain, soilik portua izaten da jaigunea; bete-beteta egoten da, eta alkateak aitortu du oraindik ere «oso arduratuta» egoten direla.

«Zapato Azulean herriak hartu ahal duena baino ez dakit zenbat bider jende gehiago etortzen da. Herritarrentzat baino kanpotarrentzako bihurtu den jaia da»

URTZA ALKORTA Ondarroako alkatea

2000ko urteetan jaiaren kontrola galdu zuen Elantxobek, eta neurri zorrotzak hartzea erabaki zuen udalak. Besteak beste, txosnak ere kendu zituzten, haien inguruan jendea ez pilatzeko. Hasieran ostalariak kexu agertu ziren, ez zirelako gai ikusten ordura arte txosnetan ibili ohi ziren guztiei zerbitzua emateko, baina apurka-apurka orekatu zen egoera, jende gutxiago joaten hasi zelako.

Garraio arloan ere egin zuten lan. Elantxobera ailegatzea, oro har, ez da erraza, eta horrelako egunetan gutxiago. Garai batean, ibilgailu gehiegi joanda blokeatu egiten zen sarbidea. Egurrolaren ustez, neurririk garrantzitsuenak arlo horretan hartu zituzten, Ibarrangeluko Udalarekin, Ertzaintzarekin eta Bizkaibusekin elkarlanean. Hala, garraio publikoa indartu zuten, Elantxobera autoz joatea debekatu, eta itsasontziz sartzea mugatu.

Segurtasun aldetik ere lan egiten dute beste erakunde batzuekin. Berbarako, Portu Zuzendaritzak barandak ipini zituen portuan, jendea eror ez zedin. Izan ere, istripu larriak gertatu izan dira Elantxoben. Udalak urtero aztertzen du jaia zelan joan den, eta leku jakin batzuetan jende berriro ez pilatzeko aldaketak egiten ditu hurrengo urtean. Esaterako, musika tokiz aldatzen du, jendea mugiarazteko. Andreentzat puntu beltzak izan daitezkeenak zarratzen ditu, eta aurreko urtean droga trafikoa egon dela dakiten lekuetara joatea ere debekatzen du.

Jai giroa, iazko Madalen Egunean, Elantxobeko portua. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA
Jai giroa, iazko Madalen Egunean, Elantxobeko portuan. ALEX URIARTE ATXIKALLENDE / LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA

Hala ere, segurtasuna ez da egun horietan herriok sufritzen duten arazo bakarra. Aldazabalen esanetan, «masifikazioaren ondorioz» lekeitiar «askok» ezin izaten dute eurena den jaian parte hartu, eta ospakizun «diskriminatzailea» bihurtzen da Antzara Eguna. Berbarako, adineko jendearentzat, umeentzat, elbarrientzat edo arazoren bat duten pertsonentzat deserosoa izaten da herrian ibiltzea. «Asko ez dira etxetik ateratzen», penatu da alkatea. Jaia irisgarriago bihurtzeko, joan den irailaren 5ean antzara jokoa ikusteko leku bat egokitu zuten herriko nagusientzat lehenengoz.

Biharamuna ere ez da erraza izaten. Alkateak kontatu duenez, Lekeition herritar askok etxe atariak estaltzen dituzte, parrandazaleek ez zikintzeko edo ez apurtzeko. Hondakinak tonaka biltzen dituzte garbiketa zerbitzukoek, eta alkateari «onartezina» iruditzen zaio. Ondarroako alkatearen esanetan, udal brigadakoak «ezinean» ibiltzen dira herria txukundu eta aurretik zegoen moduan uzteko.

«Jendeari ezin diozu etortzea debekatu; jai politak dira, eta normala da etorri gura izatea. Baina neurriak har ditzakezu jaia berriro ere herritarrena izateko»

PATXI EGURROLA Elantxobeko alkatea

Masifikazioak jaia bera ere desitxuratu egiten du, haren muinari eragiten diolako, Aldazabalek ohartarazi duenez: «Gero eta gehiago dira antzara jokoa ikusi edo kaia zapaldu ere egiten ez dutenak; hau da, zer jaitara datozen axola ez zaienak». Kontatu du «oso ohikoa» izaten dela «gazteak» autobusetik jaitsi eta parkera joatea kaleko edana egitera, eguna hantxe pasatzera.

Alkateek badakite konponbidea ez dela erraza, baina ez daude horrela jarraitzeko prest. Pedagogia egiteko beharra ere aipatu du Elantxobeko alkateak: «Jendeari ezin diozu etortzea debekatu; jai politak dira, eta normala da etorri gura izatea. Baina neurriak har ditzakezu jaia berriro ere herritarrena izateko, eta gurera etortzen direnei azaldu zer gertatzen zaigun, kontzientzia har dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA