Klima aldaketaren arazoak aspalditik kezkatzen du mundua. Bilbon, esaterako, iaz bost bero bolada izan ziren. Aurten ere tenperatura oso beroak espero dira Bilbon, 43,6 gradu ingurukoak. Axa fundazioak klimaren etorkizunari buruzko ikerketa bat egin du, Bizkaiko patronalarekin batera, eta ondorioztatu du 25 urteren buruan 50 graduko tenperaturak izango direla Bizkaiko hiriburuan. Gainera, ikerketak agerian utzi du klima aldaketa benetako arazoa dela, eta kostu sozial, ekonomiko eta ekologikoak ekarriko dituela.
Axa fundazioak klima egokitzapenerako sentsibilizazio jardunaldi batzuetan aukeratu du ikerketa, ekainaren 5ean. Axak adierazi du 2050. urterako ohikoa izango dela astebetez 38 gradutik gorako bero boladak izatea, baita 50 gradura iristea ere. «Kalkulatzen da langile bakoitzak zazpi egunez zortzi orduko lanaldia galdu ohi duela 38 graduko tenperaturak badaude», esan du Alvaro Prida Axa Climateko uholdeen arriskuen kudeaketan adituak. 2100. urterako BPGaren %9,5 galduko dela aurreikusi dute.

Guillermo Buces Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidenteak azpimarratu du arriskuei aurrea hartzea funtsezkoa izango dela enpresen lehiakortasuna eta erresilientzia bermatzeko. Josep Alfonso Caro Axa fundazioko zuzendari nagusiak esan du funtsezkoa dela prebentzioaren arloan lan egitea, hartara arrisku klimatikoak eta eragin sozial eta ekonomiko negatiboak saihesteko aukera izago delako, baita ingurumenarekin lotutako kalteak murriztekoa ere.
Muturreko prezipitazioak
Ikerketaren arabera, euriteak ere arazo izango dira etorkizunean. Datozen 25 urteetan %21 handituko dira agian prezipitazioak, eta, hortaz, uholdeak izateko arriskua areagotu egingo litzateke. «Kalkuluen arabera, Bilbon 30 zentimetrorainoko ur goraldiek kalte egingo liekete eraikinen %10-20ri. Industria instalazioen %15 eta %25 ere kaltetuko lirateke, eta merkataritza lokalen artean, %20-%35», adierazi du Pridak.
«Kalkulatzen da langile bakoitzak zazpi egunez zortzi orduko lanaldia galdu ohi duela 38 graduko tenperaturak badaude»
ALVARO PRIDAAxa Climateko uholdeen arriskuen kudeaketan aditua
«Uholdeei aurre egiten lagunduko duten sistemak sortzea oinarrizkoa da», adierazi du Rita Etxeberria Axa Climateko iraunkortasunari buruzko prestakuntzan adituak. «Fluxuen ikuspegi sistemiko bat egitea funtsezkoa izango litzateke jarduera ekonomiko guztien jarraitutasuna lortzeko». Mercedes Martin ozeanografo eta meteorologoaren ustez, berriz, Bilbo «argi eta garbi» dago klima aldaketaren eraginpean, eta egokitzapena premiazkoa da. Lan hori, haren arabera, administrazioen, enpresen eta gizarte zibilaren artean egin behar da. Meteorologoak garrantzi handia eman dio iragarpenari, egokitzeko lehen tresna delako, baina gogoratu du ezin dela mugatu soilik arlo teknikora. «Erantzun protokoloetan ondo txertatutako alerta goiztiarrak behar ditugu».
«Erantzun protokoloetan ondo txertatutako alerta goiztiarrak behar ditugu»
MERCEDES MARTINOzeanografoa eta meteorologoa
Efren Feliu Tecnaliako klima aldaketara egokitzeko arduradunak azaldu du enpresek klima aldaketara egokitzeaz hitz egiten dutenean negozioak jarraitzeaz ari direla. Haren ustez, Bizkaian klimari buruzko informazio handia eta egokitzapen plan onak daude, baina oraindik ibilbide luzea dago egiteko lankidetza publiko pribatuaren eta asoziazionismoaren arloan. «Eragile guztien arteko lankidetza aktibatu eta bultzatu behar da».
Estres hidrikoa
Axak ikerlanean adierazi du estres hidrikoa ere arazo bat izango dela biharko egunean. Azterlanaren arabera, bost aldiz handituko da estres klimatiko deritzona. 2022a izan zen urterik lehorrena Bilbon. Urteak pasatu ahala, euriteak gutxitu egin dira, eta ur kontsumoa handitu egingo da. Estres hidrikoak eragingo dituen ondorio negatiboak arintzeko hainbat irtenbide daudela dakartza ikerketak, hala nola basoberritze proiektuak eta teknologia eraginkorrak baliatzea.