Kultura arloko 50 lagunek baino gehiagok Periko Solabarriaren memoriari eusteko eskatu dute Barakaldon

Hil zeneko hamargarren urteurrenean, herriko Zamalanda parkeko pasealekuari haren izena jartzea proposatu dute, haren ondarea omentzeko.

Periko Solabarria elkarteko kideak eta sinatzaileetako batzuk, asteartean, Barakaldon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Periko Solabarria elkarteko kideak eta sinatzaileetako batzuk, asteartean, Barakaldon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Leire Rodero
Barakaldo
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kultura arloko Barakaldoko 55 lagunek eskaera bat egin diote udalari: inauguratu berri den Zamalanda parkeko pasealeku batek Periko Solabarria izena izan dezala. Haren heriotzaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak aurkeztean egin dute proposamena. Solabarria Barakaldoko erreferente soziala izan dela iritzita, haien helburua da haren memoriak hirian luze irautea.

Pedro Maria Solabarria Bilbao Periko Portugaleten jaio zen, 1930eko urtarrilaren 27an. Barakaldoko Lutxana auzoan igaro zuen bere bizitzaren parterik handiena. Eraikuntzako peoia izan zen —zuzenean parte hartu zuen Arrontegi zubiko obretan, eta gaur egun mural bat ikus daiteke haren oroimenean —, bai eta langilea, apaiza, aktibista soziala eta politikaria ere, langile klaseekin konprometitua. Espainiako diktadura frankistaren aurka borrokatu zen. Barakaldoko jaietako pregoilari izan zen 2013an, jai batzorde herrikoiak proposatuta eta udalbatzak berretsita. 2015ean zendu zen, baina haren izenak bizirik dirau auzokide askoren oroimenean.

«Behartsuenekiko elkartasunaren eta konpromisoaren adibide izan zen Periko», adierazi du Txeru Garcia historialari eta Barakaldoko udal aldizkariko kideak. «Entregak, enpatiak eta justizia sozialaren aldeko etengabeko borrokak markatu zuten haren bizitza». Ekimena sinatu duten 55 pertsonetako bat da Garcia.

Proposamena ez du egin erakunde jakin batek, Barakaldoko kulturarekin zerikusia duen talde zabal eta askotariko batek baizik. Izan ere, Periko Solabarria elkarteak berak azpimarratu du protagonismoa sinatzaileena baino ez dela. «Haiek sortu dute mugimendu hau. Guk proposamena bideratzen baino ez dugu lagundu», adierazi du elkarteak.

«Periko Solabarria gauza asko izan zen; batez ere, gizaki guztiz eskuzabala eta errebeldea»

EIDER ZENARRUZABEITIA Musikaria

Ekimena sinatu dutenek ez dute nahi Periko Solabarria Barakaldoko kaleetako memoriatik desagertzerik, eta uste dute hori dela modurik onena herriaren alde egin duen lan guztia aitortzeko. «Hamargarren urteurrenagatik prestatzen ari diren programaziorako amaiera borobila izango litzateke», esan du Eider Zenarruzabeitia musikari eta Hala-Dzipo instrumentu autoktonoen eskolako kideak.

Sinbolismoz beteriko ibilaldia

Zamalanda parkeko pasealeku berriari Periko Solabarria izena jartzea da proposamen zehatza. Ez da ausazko hautua: pasealekua itsasadarraren ondoan dago. «Solabarriaren bizitzaren alegoria gisa interpreta daiteke hori», adierazi du Garciak. Alde batetik, Trianoko meatze eremutik zetozen mineral kargategi zaharretatik gertu dago, eta Solabarria garai batean han bizi zen, eta meatze arroko langile familiekin bizi izan zen. Bestetik, pasealekuak bat egiten du Arrontegiko zubiarekin, eta Lutxana auzoan amaitzen da; hain zuzen, hainbat hamarkadatan Solabarriak lan pastoral, politiko eta humanoa egin zuen auzoan.

Barakaldoko kultura eragileek azpimarratu dutenez, ez dute nahi omenaldia aitorpen huts bat izatea, baizik eta Solabarriaren irudia bizirik mantentzea. «Perikok bizitza osoa eman zuen besteen ongizateaz kezkaturik, bere egoerari arreta handirik jarri gabe», esan du Garciak.

Hartzeko dagoen konpromisoa

Periko Solabarria elkarteak gogorarazi du ez dela Solabarriari espazio publikoan omenaldi bat egitea proposatu den lehen aldia. 2016an egindako hitzaldi publiko batean, Barakaldoko bi eremu Carlos Ibañez Lopez Ile apaintzailea-ren eta Periko Solabarriaren omenez izendatzeko asmoa aipatu zen. Lehenaren kasuan, hala egin zuten, eta haren izena Ttuntun mendiaren azpiko kalean dago. Solabarriaren kasuan, asmoa oraindik ez da gauzatu. 

2016an bertan, Zierbenako Udalak aho batez onartu zuen Triano plaza Periko Solabarria plaza izendatzea, meatzari auzoko bizilagunek bultzatutako ekimenez. Keinu hura erreferente izan da orain, Barakaldon antzeko ekintza bat planteatzeko. «Herritarren mugimendu honek hartzeko dagoen konpromiso hori gogoratu nahi du», azaldu du Garciak.

Ekinaldiaren 55 sinatzaileen artean pertsona ezagunak daude, hala nola Josu Montero kazetaria, Iñaki Bilbao pintore eta Arte Ederretako doktorea, Ander Gurrutxaga Abad soziologo eta EHUko katedraduna, eta David de Haro argazkilari eta Baffesteko zuzendaria. Musikaren, literaturaren, irakaskuntzaren, artearen eta kultur aktibismoaren arloetako izenak ageri dira, besteak beste.

Oroimenezko programazioa

Solabarriaren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta, talde sustatzaileak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Laster xehetasun gehiago emango dituzte, baina jada iragarri dute hiru une nabarmeneko atariko programazioa.

Ekainaren 14an, ostiralez, eguerdiko hamabietan, ekitaldi bat izango da Trianoko Periko Solabarria plazan, omenaldien hasiera sinboliko gisa. Ekainaren 21ean, ostiralez, gaueko hamarretan, beste omenaldi bat egingo diote Lutxanako Orkonera pabiloietan. Azkenik, ekainaren 14tik 21era, Pedro, Don Pedro, Periko izeneko erakusketa ikusi ahal izango da Barakaldoko Bide-Onera plazan; haren bizitza eta konpromisoa ikuspegi askotatik errepasatuko ditu. «Periko gauza asko izan zen —apaiza, langilea, politikaria—, baina, batez ere, gizaki guztiz eskuzabala eta errebeldea izan zen azkeneraino», esan du Zenarruzabeitiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.