Kulturen arteko zubiak Arratian hasten dira

'Benetako izena' proiektua abiatu du euskal alpinisten talde batek; Ibai Etxezarraga bediarrak, besteak beste. Lehen proiektua Nepalen egin dute.

(ID_13479973) (/EZEZAGUNA) (;)
'Benetako izena' proiektuko kideak, iaz, Shree Thame Lower Bigarren Hezkuntzako eskolan, Nepalgo Thame herrian. IBAI ETXEZARRAGA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 15a
05:05
Entzun

Zergatik eta zertarako bidaiatu? Bi «galdera filosofiko» horiek inspiratu dute euskal alpinisten talde bat, eta horiexek dira, era berean, mundu osoan zehar zabaldu nahi duten proiektuaren arrazoia. Lehenengo etapan, Benetako izena proiektua gauzatu dute, Arratiatik Nepalera eraman dituena; Imja Tse gailurrera, hain zuzen. Proiektuaren helburua da euskal kultura hara eramatea eta hango kultura —aurreneko honetan, nepaldarra— Euskal Herrira ekartzea, biak alderatuz.

Ibai Etxezarraga bediarra da taldeko kideetako bat, eta, azaldu duenez, proiektua 2022an sortu zen, Nepalera egin zuten bidaia batean. Etxezarragak dio gustuko duela bidaiatu behar duenean herrialdea testuinguruan jartzea. Nepalen, ordea, Euskal Herritik zeraman irudia «erori» egin zitzaion: «Ez dakigu ezer hango kultura aniztasunaren inguruan, 150 kultura, kasta eta etnia bizi baitira elkarrekin. Alpinismoak ekarritako irudia dugu soilik, eta ez da egokia». «Gainazal hori zulatzea» da proiektuaren helburua.

Baina ezjakintasun hori alde bietatik datorrela gaineratu du Etxezarragak: «Sentsibilitate txikia sumatu genuen nepaldarrengan. Haientzat alpinista denak gara berdinak: gizon zuriak, toki berekoak eta ingelesez hitz egiten dugunak». Errealitate hark «ezinegona» sortu ziela dio. Izan ere, ohartu ziren «euskaldunenganako» eskatzen duten «begirunea» beraiek ere ez diotela nepaldarren kulturari.

«Helduak galdutzat dauzkagu, baina uste dugu haurren artean oraindik alda daitekeela bestelako kulturak nola ulertu»

IBAI ETXEZARRAGA'Benetako izenak'-en sortzailea

«Everest mendia, nepaldar izenarekin izendatu beharrean (Sagarmatha), kolono baten abizenarekin izendatzen dugu», deitoratu du Etxezarragak. Bediarraren ustez, «erridikulua» da Euskal Herrian izen hori erabiltzen jarraitzea: «Guk gure kulturaren eta hizkuntzaren defentsan dihardugu, kanpokoei zein bertakoei euskarazko izenak erabil ditzatela eskatuz; seriotasuna eskatzen dugu gure kulturari dagokionez, baina, gero, horrelakoak egiten ditugu kanpoan». BIde beretik doa Benetako izena proiektuaren lehen lanaren titulua: Nire benetako izena ez da Island Peak. Hain justu, Imja Tse da gailur horrek nepaleraz duen izena. Lanaren izena «asmoen aldarrikapena» dela baieztatu du Etxezarragak.

Hori dela eta, «argi» geratu zitzaien beste espedizio bat egin behar zutela, bigarrena. «Ez naiz karitatearen oso zalea. Ez genuen betiko laguntza mota eraman nahi; bestelako zerbait egin nahi genuen. Hemendik beti sobran duguna eramaten dugu, eta, ondo dagoen arren, laguntzeko beste era batzuk daudela uste dugu». 2023an egin zuten bigarren bidaia Nepalera, kultura bien arteko zubiak ezartzeko helburuarekin.

Liburua da kulturak harremanetan jartzeko erabili duten bitartekoa. Etxezarragak dioenez, marrazki liburu bat egin dute, umeei zuzenduta dagoelako proiektua: «Helduak galdutzat dauzkagu, baina uste dugu haurren artean oraindik alda daitekeela bestelako kulturak nola ulertu». Hala ere, gaineratu du helduak ez daudela «guztiz» galduta: «Espero dugu haurrak beste kulturen inguruan hezteko tresna izateaz gain helduagoei ere zerbait eragin ahal izatea». «Hazi txiki bat» ereitea da haien helburu nagusia.

Homogeneizazioaren aurka

Iaz egindako bidaian, liburuaren 120 ale banatu zituzten Nepalgo eskoletan; denak, 2.700 metrotik gora. Liburua euskaraz eta nepaleraz dago idatzia, hizkuntza «hegemonikoari» aurre egiteko bidea delakoan: «Norberaren kultura mantentzea ezinbestekoa da. Are gehiago, leku bakoitzean benetan bakarra den hori mantentzea ezinbestekoa da». Gaur egungo turismoak «homogeneizazio absurdoa» dakarrela iritzi dio Etxezarragak: «Horrela jarraituz gero, emango du berdin izango dela Bilbora, Salzburgora edo Katmandura joatea; izan ere, dena kultura berera bideratzen gabiltza».

Proiektuen garrantzia azpimarratu du bediarrak. Atzerrira bidaiatzen duten «hamarretik batek» hangoekin haien kultura landu eta berea helaraziko balu munduan «aberastasun kultural itzela» egongo litzatekeela uste du Etxezarragak.

Gaur egun, atzerriko kulturak ulertzeko era kritikatzeaz gain, alpinismo garaikideari ere kritika egin nahiko lioke proiektuak, haren esanetan. «Gailurraren obsesioa dago: bost axola zaigu non eta norekin gauden. Bideak ere garrantzia izan beharko luke». «Erronka soila» alde batera utzi eta mendia berriz ere harremanak sortu eta indartzeko espazio bihurtzea nahiko luke alpinistak.

Nepalen egindakoa lehen urratsa izan da soilik, Etxezarragak dioenez. Orain Euskal Herrian zabaldu nahi dute proiektua, eskoletan. Liburuaren aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian izango da, urtarrilaren 31n. Nepalgo kulturaren lanketa, ordea, ez da Benetako izena egitasmoaren amaiera izango. Etxezarragak aurreratu duenez, liburu bilduma bat egitea gustatuko litzaioke beste zenbait herrialderekin: «Oraindik lana dugu Nepalgo liburuarekin, baina hurrengoak lantzen hasi gara. Pakistanen izango da, ziurrenik, Benetako izena-ren bigarren zenbakia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.