Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoan lan egiten duten 2.000 langiletatik 1.600 azpikontratutakoak dira, Andrea Egozkue LAB sindikatuko kideak jakinarazi duenez. Nahiz eta jarduera bera egin, azpikontratatutako langile bakoitzaren baldintzak guztiz desberdinak dira; zehazki, soldata arrakala %39rainokoa da zenbaitetan. «Desberdina da jaiegunetan lan egiteagatik jasotzen duten estra, eta lan baimenak ere bai», azaldu du Egozkuek. Hain justu, lan baldintzak berdintzeko eta «konponbide kolektibo bat» adosteko asmoz, LABek hainbat bilera eskaera egin dizkio ur partzuergoari, baina ez du erantzunik jaso. «Partzuergoaren jarrera pasiboa da; eroso dago erantzukizunik hartu gabe». Langileek hilaren 13an egin zuten egoera salatzeko lehen mobilizazioa, Bilbon, eta, hobekuntzarik ez badago, protestan jarraituko dute, Egozkuek iragarri duenez.
LABek salatu duenez, ur partzuergoak azpikontratatutako enpresek lau hitzarmen desberdin aplikatzen dizkiete langileei: eraikuntza arloko Bizkaiko hitzarmena, Bizkaiko metalgintzakoa, ur zikloarena eta partzuergoaren beraren langileei aplikatutako enpresa hitzarmena. «Langileen baldintzak banaka zehazten dituzte, eta, hala, haien artean desberdintasunak sortu», azpimarratu du Egozkuek. Langileek salatu dute Acciona, Sacyr, Fcc Aqualia, Gestagua, Inaraqua eta Cadagua enpresek ez dituztela errespetatzen euren eskubideak. «Hilabete amaierara heldu ezinean ibiltzen dira, atseden orduak ez dira errespetatzen, egiturazko lanorduak izan beharko luketenak aparteko ordu moduan hartzen dizkiete, guardia batzuk ez dizkiete ordaintzen... Horri guztiari aurre egin behar diote», zehaztu du LABeko kideak.
Azpikontratatutako enpresek argudiatzen dute ez dutela diru nahikorik partzuergoko langileen baldintzak hobetzeko. LABeko kideak, ordea, uste du aitzakia hori «azpikontraten betiko jokoaren parte» dela. Sindikatuak emandako informazioaren arabera, hain zuzen, ur partzuergoarentzat garestiagoa da zerbitzuak azpikontratatzea, eta horrek mesede egiten die langileen baldintzak zehazten dituzten enpresa pribatuei. «Egia da azpikontratak lanean ari direla euren enpresa akordioak eta hitzarmenak berritzeko, baina oraindik ez dakigu zelakoa izango den emaitza», esan du Egozkuek.
«Azpikontratatutako beste langileekin harremanetan egoteak itxaropen handia sortzen du, baita beste eskualde batean lan egiten duen eta egoera berean dagoen kide bat ezagutzeak ere»ANDREA EGOZKUE
LAB sindikatuko kidea
LABeko kideak uste du zaila izango dela egoera aldatzea. «Azken urteotako utzikeria ezin da egun batetik bestera eraldatu, baina, behintzat, lan baldintzak berdindu nahiko genituzke». Hainbat bide proposatu ditu horretarako. «Alde batera utzitako Bizkaiko hitzarmenak berreskuratu beharko lirateke, ur partzuergoko azpikontratak bateratu edo lan eskaintza publikoa bermatzeko prozesu bat ireki». Haren ustez, garrantzitsuena da planteamendu kolektiboa izatea eta ur partzuergoak jarrera «guztiz» aldatzea. «Gu prest gaude hori guztia abian jartzeko, baina ez dugu inolako erantzunik jasotzen beste aldetik», deitoratu du Egozkuek. «Harremanetan gaude ur partzuergoko langileen ordezkaritzarekin ere, baina partzuergoak ez die informazio askorik ematen. Pareta bat jotzea bezala da».
Elkarrekin borrokan
Azpikontratatutako langileak saretzea ez da erraza izan. Egozkueren arabera, ur partzuergoak ez die bidali nahi izan azpikontraten zerrenda, eta, beraz, ahoz aho hedatu behar izan dituzte gatazkaren nondik norakoak. «Ur partzuergoan hamaika sektore daude: ur sektorean lan egiten dutenak, lorezainak, ikertzaileak, garbitzaileak...». Zehazki, edateko urak tratatzeko estazioetako, hondakin uren araztegietako eta sareetako langileak izan ziren bat egiten lehenak. «Elkarrekin hitz egin, eta konturatu ziren lan baldintza oso ezberdinak zituztela». Beste arlo batzuetako langileak batu zitzaizkien ondoren. «Sare sozialetako gure mezuak ikusi eta antolatutako mobilizazioaren berri izan ostean, beste zenbait langile ere etorri zitzaizkigun protestara».
Alde horretatik, LABen helburua da azpikontratatutako langile guztien baldintzak hobetzea edo azpikontrata guztiak amaiaraztea. «Orain arte ez da izan horrelako proposamenik. Ez zegoen elkarrekin borrokatzeko aukerarik. Guk kolektiboki egin nahi dugu borroka», adierazi du Egozkuek. «Azpikontratatutako beste langileekin harremanetan egoteak itxaropen handia sortzen du, baita beste eskualde batean lan egiten duen eta egoera berean dagoen kide bat ezagutzeak ere. Sentiarazten die ez daudela bakarrik». Egozkuek eskertu egin du orain arte jasotako babes guztia, eta esan du borrokan jarraitzeko gogotsu daudela.