Hamarretik bat, beti. Eta neskei dagokienez, erdiak baino gehiago bakarrik sentitzen dira batzuetan. Lea-Artibaiko Mankomunitateak eskatuta, Garaia elkarteak inkesta bat egin die eskualdeko 11 eta 18 urteko nerabe batzuei, eta azterketa horren bitartez erakutsi du gura ez den bakardadea ez dela soilik adinekoen kontua. Bakarrik noiz sentitzen diren galdetu dietenean, zera erantzun dute gehienek: «inork entzuten edo ulertzen ez nauela sentitzen dudanean». Baina badira egoera gehiago ere. Izan ere, sentitzen dute ez dutela nori kontatu egunerokoan dituzten arazoak. Mutilak, gainera, logelan edo etxean ezer egin gabe egoten diren orduetan ere sentitzen dira bakarrik, eta neskak, euren burua besteekin alderatzen dutenean. Eskualdeko DBHko eta Batxilergoko 1.215 ikaslek parte hartu dute inkestan, eta gazteen iritziak sakonago ezagutzeko foro bana egin dute Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan.
Sare sozialak erruz erabiltzen dituzte, nahiz eta 2023ko azterlanean baino gutxiago: nesken %86,11k, mutilen %79,39k eta ez-binarioen %68,75ek. Ordu kopuruari erreparatuz, neskek gehiago erabiltzen dituzte. Nesken herenak baino gehiago 2-3 orduz aritzen dira egunero. Bideojokoetan eta pornografiaren kontsumoan joera bestelakoa da: mutilek eta ez-binarioek neskek baino gehiago jotzen dute halakoetara. Esaterako, hamar mutiletik batek eta hamar ez-binariotik bik pornografia kontsumitzen dute astero. Dena den, 2023tik nabarmen jaitsi da; orduan, batez beste, ia hamarretik lauk ikusten zituzten halako edukiak.
Substantzien kontsumoari dagokionez, lehenengo edari energetikoekin hasten dira: batez beste, 11 urte beteta dituztela. Ondoren, alkohola edaten hasten dira, ia 13 urte dituztenean —2023an baino urtebete lehenago—. 13 urterekin hasten dira zigarreta elektronikoak erretzen, eta 14 urterekin probatzen dituzte tabakoa lehengo eta kalamua ondoren. Batez ere, probatzeagatik eta kuriositatea zutelako eman zuten probatzeko pausua. Baita lagunek substantzia horiek kontsumitzen dituztelako edota aspertzen direlako ere. Edari energetikoen kasuan, bigarren arrazoia kirola egitea izan ohi da. Oro har, mutilak dira substantziak probatzen dituzten lehenengoak.
Erdiek baino gehiagok alkohola probatu dute, eta neskek mutilek baino sarriago kontsumitzen dute, baita kopuru handiagoetan ere. Adingabeak diren arren, hamarretik zazpik tabernetan eta txosnetan erosten dute. Hamar nerabetik hiru behin behintzat mozkortu izan da. Mutilen %40,37k eta nesken %13,40k edari energetikoak kontsumitzen ditu. Hamar mutiletik batek, astero; eta %5ek, egunero. Tabakoaren kontsumoan, ostera, joera kontrakoa da: neskek gehiago eta sarriago erretzen dute; 17 urtekoen artean, nesken erdiek baino gehiagok. Nesken %3k egunero erretzen dute.
Presio soziala
Foroetan nerabeen iritzia entzunda, ondorioztatu dute gazteen kontsumo ohiturak faktore psikosozialekin estuki lotuta daudela, hala nola talde onarpenarekin, kuriositatearekin eta jaietan nagusi den kontsumoaren normalizazioarekin. Presio soziala faktore erabakigarria da, batez ere jaietan. Kontsumitzeko beharra sentitzen dute taldearen parte sentitzeko. Gainera, nerabeek uste dute helduengandik jasotako mezuak kontraesankorrak direla: debekuan oinarritzen dira helduak, baia haiek ere normalizatu egin dute halako substantzien kontsumoa.
Pantailen eta kontsumoen hautua alternatiba faltari, halakoetara jotzeko erraztasunari eta arazoetatik deskonektatzeko beharrari egozten diete. Udalen aldetik babes eta laguntza handiagoa eskatzen dute, euren kabuz antolatutako ekinaldiak —lokalak, skate parkeak, gaztetxeak— martxan jarri ahal izateko.
Segurtasunari dagokionez, oro har herri seguruetan bizi direla uste duten arren, gauez bakarrik ibiltzeak edo jaietan «mozkorti» asko dagoen guneetan ibiltzeak beldurra ematen die.
Alderdi emozionalari dagokionez, hauek dira gazteek antzematen dituzten zailtasun handienak: presio akademikoa, zilegitasun falta eta helduekin duten «botere harreman desorekatua». Emozioez, sexualitateaz eta norberaren arazoez hitz egitea kostatzen zaie gehien. Lagunartean edo bikotekidearekin sentitzen dira benetan entzunak, «errealitatea konpartitzen» dutelako. Ongizate emozionala hobetzeko, ezinbestekotzat jotzen dute bizi diren herrian doako psikologia zerbitzuak izatea, helduen aldetik enpatia handiagoa jasotzea eta euren beharrak eta emozioak ez gutxiestea.