Lehenengoz 10.000 milioi eurotik gora bildu ditu Bizkaiak zergetan

Bizkaiko Foru Ogasunak 2024an baino %11 gehiago bildu zuen iaz. PFEZren bidez bildutakoak %15,6ko hazkundea izan zuen; ostera, sozietate zergaren bidez %25 gutxiago bildu zuen.

Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, iazko apirilean, Bilbon, 2024ko errenta kanpaina aurkezten. BERRIA
Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, iazko apirilean, Bilbon, 2024ko errenta kanpaina aurkezten. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 20a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan hazi eta hazi ari da zerga bilketa Bizkaian, eta iaz, lehenengoz, 10.000 milioi euroren langa gainditu zen. Zehatz esanda, 10.442,0 milioi euro garbi bildu zituzten, 2024an baino %11 gehiago. Foru Ogasunak egindako aurreikuspena baino zertxobait gehiago bildu zuten, gainera: %102,5 bete da 2025erako aurreikusitako aurrekontua. Batez ere, PFEZren eta BEZaren bidez bildutakoak izan duen hazkundeak eragin du goraka.

PFEZ bidez bildutakoa %15,6 hazi zen iaz; batez ere, lanaren eta kapital higiezinaren errenten gaineko atxikipenen igoeraren ondorioz —hurrenez hurren, %6,1 eta %7 hazi ziren—. Zuzeneko zergen bidez bildutako 5.324,6 milioi euroetatik 4.135,8 bildu zituzten PFEZ bidez. Hazkundea egon da, halaber, ondarearen gaineko zergan (%22,4), ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan (%12,5) eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan (%45,4). Ostera, sozietateen gaineko zergaren bidez, 2024an baino %25 gutxiago bildu zuen Foru Ogasunak. Iaz ere behera egin zuen, 2023arekin alderatuta.

Zeharkako zergen bidez, 3.769,2 milioi euro bildu dituzte, 2024an baino % 11,7 gehiago. Horietatik 3.193,9 milioi euro BEZari dagozkio; 2024an baino %16,7 gehiago bildu dute. Diputazioak kudeatzen ez dituen zerga ez-zuzen batzuetan ere izan dira hazkundeak bilketan; esaterako, elektrizitatearen gaineko zergaren bitartez %43,8 gehiago bildu dute. Ostera, alkoholaren, garagardoaren eta garraiobideen gaineko zergen bidez, gutxiago bildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.