Joan den astean, ume batek Bizkaiko epaitegi batean deklaratu zuen Pantxita txakurrak lagunduta. «Epaitegia leku gogorra da, eta halako leku batean ezezagunen aurrean deklaratzeak ezinegona eta estresa sortzen du. Txakurrarekin ezinegon hori apur bat baretzea lortzen da, eta, bide batez, umearen deklarazioa ere hobea da», azaldu du Nekane Ibarretxek. EAEko epaitegi batek halakorik onartu duen lehen aldia da, eta lan egingo dute gehiagotan ere onar dezaten. Ibarretxe psikologoa da, txakurrek lagundutako esku hartze terapeutikoan espezializatua dago, eta sexu abusuen biktima diren umeentzako Bizkaiko Foru Aldundiaren programan egiten du lan. Programak 25 urte bete ditu, eta egindako lana aitortzeko Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuaren bisita izan dute gaur.
Diputazioak hasieratik bultzatu du programa Agintzari kooperatibarekin batera. Hamar urte baino gutxiago dira txakurrak terapiarako erabiltzen hasi zirela. Agintzari kooperatibako terapeuta Rosa Lizarragak jo zuen Ibarretxerengana laguntza eske. Ibarretxe Laudioko (Araba) Lokarri enpresakoa da, eta han terapietan laguntzeko txakurrak hezten dituzte. Lizarragak ohiko terapian aurrera egiten ez zuen paziente bat zeukan. Umeak abusuen ondorioz galdu egin zuen pertsonenganako konfiantza. «Adingabe hauei zera gertatu zaie, zaindu eta babestu behar zituztenek berek egin dietela min», adierazi du Lizarragak. Batzuetan, ezin dute hitzez azaldu zer pasatzen zaien eta zelan sentitzen diren. Ez dute hitz egiten.
«Adingabe hauei zera gertatu zaie, zaindu eta babestu behar zituztenek berek egin dietela min»
ROSA LIZARRAGAÂ Agintzari kooperatibako psikoterapeuta
Txakurrak, oro har, animalia atseginak izaten dira, eta segurtasuna eta lasaitasuna transmititzen dute. Haiei esker, konfiantza giroa lortzen dute terapia aretoan. Pantxita eta Koko txakurrak Ibarretxeren lankideak dira. Pantxita txikia da, eta umeei samurtasuna eragiten die. Ibarretxek kontatu duenez, besoetan hartu gura izaten dute, baina Pantxitari ez zaio gustatzen, ez behintzat konfiantza hartzen duen arte. Ibarretxeren lana izaten da umeei mugak ipintzea: «Enpatia lantzen dugu, mugak eta txakurrarenganako errespetua. Hori eginez ikasten dute badaudela haiek bizi izan dutenaz bestelako harremanak, boterean eta abusuan oinarritzen ez direnak, eta, gero, terapiatik kanpo ere, hori baliagarria izango zaie harreman osasuntsuak sortzeko», esan du Ibarretxek. Oraintxe bertan bost ume ari dira txakurrekin terapia egiten Agintzarin.
«Ikasten dute badaudela haiek bizi izan dutenaz bestelako harremanak, boterean eta abusuan oinarritzen ez direnak»
NEKANE IBARRETXE Txakurrak erabiltzen dituen psikologoa
Ohartarazi du edozein txakurrek ez duela balio halako terapietarako, haientzat ere gogorrak direlako saioak. Horregatik beren-beregi halakoetarako hezitako txakurrak erabiltzen dituzte, eta Ibarretxeren lanaren parte da saioetan animaliaren ongizatea ere babestea. Lizarraga edo Agintzari kooperatibako beste psikoterapeutaren bat ere aritzen da saioan, eta batera egiten dute lan abusua sufritu duen umearekin, hari laguntzen. Izan ere, Lizarragaren esanetan, pairatu dutena gainditzen lagunduko dien heldu bat behar dute biktimek, eta askotan horixe falta dute. Hau da, helduen aldetik jaso duten babesaren arabera, gertatu zaiena hobeto edo txarrago gaindituko dute. «Abusua ez da bizi osorako zigor bat, baina ohartu gara babesgabetasun psikologikoak asko eragiten duela», adierazi du Agintzariko terapeutak. Batez beste, bost urte irauten dute terapiek, animaliekin egin zein ez.
Goiz antzematea
Ahaldun nagusiak eman ditu zerbitzuaren datuak. 8-12 kasurekin abiatu zuten programa duela mende laurden. Ordutik, urtez urte, handituz joan da kopurua, eta bereziki azken urteetan igarri dute gorakada: 110 adingabe artatu zituzten 2023an; 135, iaz; eta aurten, daborduko, 166. «Horrek ez du esan gura abusu kasuak ugaritu direnik, baizik eta gehiago detektatu direla goiz antzeman direlako eta gizartean sentsibilizazio lana egin delako», azaldu du Etxanobek. Guztira, ia seiehun adingabe artatu dituzte urteotan. «Hasi ginen halako baliabiderik ez zegoen garaietan, eta zerbitzu hau erreferente bihurtzea lortu dugu», adierazi du diputatu nagusiak. Haien lana ez da bakarrik adingabeak artatzea. Prebentzioan ere egiten dute behar. Urteotan hainbat arlotako bi mila profesional ingururi prestakuntza eman diete abusuak detektatzen jakiteko; besteak beste, hezkuntzako, osasun arloko, gizarte zerbitzuetako eta justiziako beharginek hartu dute parte.
Egoera asko aldatu da urteotan, batez ere gizarteak adingabeen aurkako sexu abusuei erreparatzeko moduan. Batez ere familian gertatzen dira, eta horrek tabu bihurtzen ditu. Baina apurka gaiaren inguruan dagoen isiltasuna apurtzen ari da. Lizarraldek esan du oraindik ere harrigarria egiten zaiela adingabeen aurkako abusuez kontzientzia sortzeko nazioarteko egun bat egotea. Hala ere, mutur batetik bestera joateko arriskuaz ohartarazi du. «Ezinezkoa da arazo honen benetako tamaina ezagutzea, baina badakigu ezagutzen duguna baino handiagoa dela. Hala ere, kontuz: dena ez da abusua. Batzuetan badugu horretan erortzeko arriskua, eta horrek ez die mesederik egiten biktimei».