Atzo izan zen Maiatzaren Lehena. Oso ondo aukeratutako hitzak erabiltzen zituenez, utziko didazue Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren Langile eraildu bati olerkiko zati bat ekartzen: Txapel-okerrak edango yabek ardao onena Gomez-etxian./ Ene Bizkaiko miatze gorri, zauri zarae mendiezian! Urteak pasatuta ere, Lauaxetaren berbak egoki ekarrita daude: meatzean ez bada, fabrikan, eta txapel-okerren ahotan ez bada, enpresa buruenetan.
Elkarrizketarik hutsalenean edo ondo hausnartutako diskurtsoetan aukeratzen ditugun kontzeptuez aritu nahiko nuke, sarritan elkarren sinonimotzat dabilzkigunak oso ezberdin sentitzen direlako entzuten dituenaren belarrietan. Guztiok ez ditugu hitzak poetek besteko ondo menperatzen, baina saia gaitezke eztarria lanean jarri orduko burmuinari behar duen denbora ematen?
Esaterako, ez da gauza bera norbaitek bere lanpostuan bizia galdu duela esatea edo sistemak beste langile bat erail duela aipatzea. Modu berean, ezin dira parean jarri maiatzaren 1a «jai egun bat» dela diotenak edo «Langileen Eguna»-z mintzo direnak. Zure semearen ondoan «berriz» bajan dagoen lagunaren inguruan aritzeko erabilitako intonazioak ere, oso gauza ezberdinak iradokiko dizkio txikiari. Ez dira gauza bera urduritasuna eta antsietatea,eta askotan eta askorentzat berdinak izan daitezke tabernako solasaldian. Baina bere azalean botagura edo lorik hartu ezina bizi dituenarekin egiten baduzu topo, ez dio graziarik egingo aditzeak «uf, hau bai antsietatea!» erdi barrezka esaten duzula. Eta horrela jarrai dezaket luzaroan, baina ulertu dela uste dut.
Kontua da gure zilborretik haratago begiratzea interesgarria dela eta, batzuetan, esatera goazena filtratuz gero, kontzientzietan eragin dezakegula, baita buruhauste bat baino gehiago saihestu ere
Erabiltzen ditugun hitzek, eragin handia izan dezakete ingurukoengan. Horregatik, ikasleei esaten diedan hurrengoa azaldu nahiko nizueke. Pentsaera kritikoak —oso modan dagoen kontzeptua, esan dezadan, bide batez— hiru pauso ditu, eta errazak dira:
1. Ahots gora kontatu nahiko zenukeen zeozer bururatuko zaizu.
2. Kritikoa izango zara, eta esatera zoazen horren formari erreparatuko diozu. Nola esatera zoaz? Zein helbururekin ari zara?
3. Heldua zarenez gero, eragin nahi duzunaren araberako erabakiak hartuko dituzu. Mesedez, formaz egokiena ez dena edo hurbil duzunarentzako mingarria izan daitekeena antzaldaraziko edo iragaziko duzu.
Orain laugarren pauso bat gehitzera ausartuko naiz: ez baduzu esaldi itxurosoa aurkitu, esatera zindoazena irentsiko duzu, eta, bestela, beldur gabe plazaratuko duzu.
Baten batek esajeratzen ari naizela pentsatuko du. Ziur «orain ezin da ezer esan!» ahoratu duenik ere badela letra hauen aurrean. Lasai, ez nuke nik jendartea molde batekin egina izaterik nahi, bakoitzak nahi duena pentsatu eta esateko eskubidea du. Kontua da gure zilborretik haratago begiratzea interesgarria dela eta, batzuetan, esatera goazena filtratuz gero, kontzientzietan eragin dezakegula, baita buruhauste bat baino gehiago saihestu ere. Eta ez, ez naiz umorea egiteaz ari, atzoko egunean entzun nituen horietaz baino, aurrekoak ez zirelako edozein adibide.Ene, Bizkaia, zauri zara honela!