Martxan da Ugaoko kiroldegi berritua

Besteak beste, igerileku bi eraiki dituzte, eta lekua irisgarriagoa egin dute.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Ugaoko Udaleko ordezkariak, kiroldegira egindako bisitan. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundiko eta Ugaoko Udaleko ordezkariak, kiroldegira egindako bisitan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 30a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inauguratu zutenetik ia 30 urtera, orain arteko zaharberritze lanik handienak egin dituzte Ugaoko udal kiroldegian. Zelan geratu den ikustera joan dira Ekaitz Mentxaka alkatea eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatua. Eraldaketaren ardatz nagusietako bat gune akuatikoa handitzea izan da: igerileku berri bi sortu dituzte. Lehenengoa 1,20 metro sakon da, eta jarduera jakin batzuetarako izango da. Besteak beste, han egingo dira ume, heldu eta nagusientzako ikastaroak. Besteak sakonera txikia du, eta aisialdirako erabiliko da, spa eta erlaxazio gune bat ditu eta. Igerileku berriak sortzeko, erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusia dagoen eremuarekin lotu dute. 

Berritutako eremuaren zati handi bat irisgarritasun eta segurtasun irizpideak erabilita diseinatu da, elbarritasunen bat edo mugikortasun murriztua duten pertsonek ere erabili ahal izateko. Modu horretan, kiroldegia hezkuntzarako eta osasuna zaintzeko gune gisa sendotu da, alkatearen esanetan.

Obrek 1,2 milioi euroko kostua izan dute, eta horietatik 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu ditu. Arrizabalagak azpimarratu duenez, erakundeen arteko lankidetzari esker, herritarren bizi kalitaterako funtsezkoak diren instalazioak nabarmen hobetu ahal izan dituzte. «Kiroldegi honek ez du soilik kirol jarduera sustatzen; ongizaterako, osasunerako eta komunitate kohesiorako gune ere bihurtu da», adierazi du. Alkateak azpimarratu du erabiltzaileek adierazitako beharren arabera egin dutela zaharberritzea. «Datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dute herritarrek, ziur gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.