Agertokia ezaguna da, herriko denda bat, ez oso handia; patata poltsak, olio botilak eta pare bat goxoki pakete ditu atrezzo. Lekua edozein izan zitekeen: Markina-Xemeingo Goiko Portala edo Bilboko Kale Nagusiaren atzeko kalea. Baina gidoia bera da. Dendako atetik sartu orduko harrapatzen zaitu horrelako soinu metalizatu batek, ahots erdi moztu batek, eta haren atzetik entzuten dituzu barre algarak, horiek zuzenean, bertatik bertara. Mostradore parera hurbildu eta begiratu bat botaz gero, hantxe ikusiko dituzu dendariak, telefono pantaila bati begira, aurpegi desenfokatu bat osatzen duten bi pixeli irribarrez. Zu ikustean asaldatuko dira, pantailari begiratzen zion irribarrea zuzenduko dizute, baina zertxobait desilusionatuago. Kobratuko dizute erosketa, eskerrak emango dizkizute, eta buelta hasierako eszenara: ahots moztuak, irribarreak, wifia.
Azkenaldian horrelako eszena asko bizi izan ditut, hainbat herritan. Guztiek dute amankomunean migratzaileen dendak direla. Kuriosoa egin zait eszena, Euskal Herrian zein bertatik kanpo ere errepikatzen delako, eta deserria eta hark eragindako mina beste azalpenik ezin diot aurkitu; atzean utzitakoarekiko lotura bat, ñimiñoa bada ere, mantendu nahia.
Horixe etorri zait burura azken lerroburuak irakurri ditudanean; gobernatzen gaituzten bi alderdi nagusiek katarrotxo bat izan baitute, zergatik eta migratzaileengatik. Ez dakit gure Santurtziko jaun txit lehendakari donostiarrak —ez fidatu inoiz s eta z bereizten jakin ez eta horrelako ahalegin inhumanoa egiten duen inorekin— uste duen saltzaile horiek «behar dugun» migrazioa diren ala ez. Ziurrenik ez, guk behar duguna ingeniariak izango baitira, edo berba batean azaldu ezin den lanbide espezializatu bat dutenak.
Postu espezializatuak beti izango dira onak, hor zalantzarik ez, baina esku beharra egiten dutenak, alegia, espezializatu bakoak, zeren arabera dira 'onak'?
Batzuek momentua aprobetxatu dute, eta jada ikusi ditut lerroburuak eta grafikoak atzerritik etorritakoen kotizazioei buruzkoak; denak tonu abegikorrean, lanera eta kotizatzera datozela azpimarratuz. Momentu ezin hobea da gaiari aristak topatzeko, grisen eskalan nabigatzen hasteko eta migratzaile onaren figurari ñabardurak aurkitzeko.
Agian, eta soilik agian, kontua ez da horrenbeste hemen edo han jaio, zelan eta ze baldintzatan jaio baino. Alegia, arrazistak bagarela, bai, baina ezeren gainetik, akaso, klasistak. Eta horregatik, postu espezializatuetara datozenei bandera berdea jartzen diegula, eta ez datozenei trabak eta bete beharreko misioak: ingeniariak ez badira behintzat, izan daitezela otzanak eta esanekoak, eta esplota ditzagun nahieran. Postu espezializatuak beti izango dira onak, hor zalantzarik ez, baina esku beharra egiten dutenak, alegia, espezializatu bakoak, zeren arabera dira onak?
Hurrengo batean dendara zoazenean, diruaren bueltak ematen dizkizutenean, irribarre batekin bueltatzen badizkizu, eskerrak ematen badizkizu eta atetik kanpora alfonbra gorria jartzen badizu, agian, bai.