Bilboko Aste Nagusia

Onintza Enbeitaren aldarriarekin, hasi da Bilboko Aste Nagusia: «Kopiatu zoriona Marijaiari»

Hasi da Bilboko Aste Nagusia. Suziriarekin batera, Enbeitak irakurritako pregoiak eman die festei hasiera, eta mundu justuago baten aldeko borrokarekin uztartu ditu jaiak pregoilariak.

Marijaia Bilboko Arriaga antzokiko balkoira atera den unea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Marijaia Bilboko Arriaga antzokiko balkoira atera den unea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko abuztuaren 22a
20:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehertu da Ainhoa Urrejola txupinerak piztutako suziria, eta mundu justuago baten aldeko erabateko eraldaketari dei eginez hasi da aurtengo Bilboko Aste Nagusia. Onintza Enbeita bertsolariak irakurri du festen hasierako pregoia, eta, tarteka bertsotan, tarteka hizketan, eta euskara hutsean, «denentzako» lekua izango duten jaiak aldarrikatu ditu. «Munduari sua dario bazter guztietatik, baina ez da egia ez daukala konponbiderik. Desesperantzaren kontra dator Aste Nagusia». Eta, beraz, Bilbotik hasita, alaitasuna eta justizia mundu osora zabaltzeko promes horrekin abiatu dira festak.

«Sasoi argietara ekarri du Bilbok euskara, eta euskaragaz batera bertsoa. Eta hori gaur hemen ez dagoen jende askori esker ere izan da. Guztioi erakutsi diguzue Bilbo euskaraz baino ezin dela izan»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

Balendin Enbeita bertsolaria gogoratuz hasi du hitzaldia. Izan ere, aitona zuen Onintza Enbeitak, eta estatua bat ere badu Bilboko Areatzan. Bizkaiko hiru txapel jantzi zituen, eta bertso eskolen aitzindaritzat ere hartzen dute. Eusko Gudarosteetako kide ere izan zen. Gerran izandako parte hartze horren ondorioz, hainbat urte eman zituen frankismopeko kartzeletan. Eta haren figura gogoratu du horregatik guztiagatik Onintza Enbeitak. «Sasoi ilunetan irabazi zenituen txapelak, hor, Areatzeko kioskoan, baina sasoi argietara ekarri du Bilbok euskara, eta euskaragaz batera bertsoa. Eta hori gaur hemen ez dagoen jende askori esker ere izan da. Eskerrik asko! Guztioi erakutsi diguzue Bilbo euskaraz baino ezin dela izan. Eskerrik asko guztioi, zaudeten lekuan zaudetela; abante goaz».

Zeharo hunkituta hasi du hitzaldia Enbeitak, eta behin baino gehiagotan izan du ahotsa apurtzeko puntuan. Eta halaxe bota du lehen bertsoa ere balkoitik. «Begire nago, begire,/ begire nago, begire,/ balkoi hontatik herrire,/ zenbat jendek egiten dauen/ uriaren alde tire./ Begire nago, begire/ urien alde tire».

Enbeitak Marijaiaren figura ere aldarrikatu du, haren hitzetan askapenerako tresna ere izan daitekeen neurrian. Lehenik bertsotan esan duenez, Aste Nagusian ez dituelako disimulatuko «bere titi ederrak» eta haien bolumena. «Liburuetatik, eskaparateetatik, ia-ia historiatik ezabatu gaituztenok, isilik politagoak ginenok, gure tortolan agintzearren fea eta mal follada deitu gaituztenok, bizirik gaude! Hemen gaude! Eta guk ere badakigu plazera non daukagun. Ez digu inork esplikatu behar zer egin behar dugun hiriburuko jaietan ondo pasatzeko. Inposatutako arauak apurtu, eta kopiatu zoriona Marijaiari!».

«Jaia denona da. Hemen jaio zirenena, Arratiako tranbian etorri zirenena, labe garaietan bizimodu berri bat aurkitu zutenena, Mediterraneoa gurutzatuta etortzen direnena, denona, manteroena bere bai»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

Aste Nagusia denontzako dela gogoratu du pregoilariak. «Gurpildun aulkian mugitzen direnek ez dute zertan egun osoa pasatu barkamena eskatzen. Jaia denona da. Hemen jaio zirenena, Arratiako tranbian etorri zirenena, labe garaietan bizimodu berri bat aurkitu zutenena, Mediterraneoa gurutzatuta etortzen direnena, denona, manteroena bere bai!». Eta eskerrak eman dizkie jaiak posible egiteko lan egiten duten guztiei ere. Txosnetan lan egiten dutenekin hasi, barrakak martxan jartzen dituztenekin jarraitu, eta soinu teknikariak ere aipatu ditu. Sektoreko langileek abuztuaren 26rako deitutako greba eguna ere aipatu du, gainera. «Greba egitea eskubidea da! Guk nahi dugu zuen lan baldintzak hobetzea».

Bilbo transfeminista

«Bilbo ederra, Bilbo geurea». Bere hitzaldian ia lelo modura baliatu ditu hitz horiek, eta hirugarren ezaugarri bat ere gehitu dio Bilbori gero. «Bilbo ederra, Bilbo geurea. Bilbo transfeminista». Eta, gero, bertsotan borobildu du erasorik gabeko jaien aldeko aldarrikapena. «Etxerako bidean/ hanketan dardara,/ nahiz deitu histerika,/ nahiz deitu pesada:/ emakumea, gaya/ zein transa bazara,/ zure beldurra/ beste danon ardura da». Eta hizketan ere errepikatu du ideia bera. «Aste Nagusian denontzat dago lekua, baina ez badakizu egoten, ez etorri. Erasotzaileak jaigunetik eta gure bizitzetatik kanpora! Baita faxismoa ere. Ez dira pasako. Arrazakeria, transmaribollofobia, euskarafobia, lodifobia ez dira ideia errespetagarriak. Askatasunaren kontrako ekintzak dira».

«Erasotzaileak jaigunetik eta gure bizitzetatik kanpora! Baita faxismoa ere. Ez dira pasako. Arrazakeria, transmaribollofobia, euskarafobia, lodifobia ez dira ideia errespetagarriak. Askatasunaren kontrako ekintzak dira»

ONINTZA ENBEITA Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria

Mapa zabalagoari ere erreparatu dio Enbeitak. Gogoan izan ditu Palestina, Kuba eta Mendebaldeko Sahara ere, eta haien alde eragiteko eskaria ere zabaldu du Arriaga antzokiko balkoitik. «Jaien zoramenean, ez ahaztu gerrek hor jarraitzen dutela. Eta horrek egiten gaitu gu pribilegiatu. Erabili gure pribilegioak, gure europartasuna eta zuritasuna mundu justuagoaren alde».

Bilboko Konpartsen Federazioak irudikatzen duen jai herrikoien eredua ere defendatu du. «Bederatzi bider 24 ordu dauzkagu dantzan egiteko. Ez dago gauza alegreagorik dantzan egitea baino». Eta azken bertso batekin eman dio suziria pizteko pasoa Ainhoa Urrejola txupinerari. «Gaurko jarri eben fetxa,/ Ainhoak prest dauka metxa/. Betetzear dago andra/ jaizale biren ametsa/. Gora gure Marijaia,/ gora gure Marijaia,/ jainko pagano alaia/. Gora Bilboko konpartsak/ topera disfrutau jaia./ Gora Bilboko konpartsak/ eta gora Marijaia».

Konpartsen jaitsiera

Urtez urteko errepikapenen poderioz, ongi zehaztutako erritu bat egiten duen kaleidoskopio baten itxura du Bilboko Aste Nagusiak urtero. Arriagako suziri jaurtiketaren aurretik egin ohi den konpartsen jaitsiera da horren frogarik argiena. Baita aurten ere. Konpartsa bakoitzaren kolore leherketa, musika eta festa gogoak kontraste argia egiten baitu, bertan, antolakuntzak ezarritako jaitsiera ordenarekiko errespetuarekin.

«Jaiaz aparte, animalien askapenaren alde egiten dugu guk borroka; oso berezia da lagun eta kideekin bi alderdi horiek batu ahal izatea»

NAIARA GUTIERREZ Piztiak konpartsako kidea

Hirugarren atera dira aurten Piztiak konpartsakoak, esaterako, eta bertan izan da Naiara Gutierrez konpartsakide eta Biriki podcasteko esataria. Eta, Enbeitak bezala, lotuta aipatu ditu berak ere jaia eta mundu justuago baten aldeko borroka. «Jaiaz aparte, animalien askapenaren alde egiten dugu guk borroka; oso berezia da lagun eta kideekin bi alderdi horiek batu ahal izatea».

«Oso festa onak dira, denetarik dago: giroa, musika eta, noski, Marijaia, baina egunek aurrera egin ahala txiza usain handiagoa izaten da»

CLAUDIA CHRISTENSEN GARCIA Bilbon bizi den estatubatuarra

Zeelanda Berrikoa da Gregory Whitburn, baina duela urte batzuk heldu zen Bilbora, eta festaren hasieraren bihotzean izan da bera ere, Arriaga plazan. «Hirugarren Aste Nagusia dut hau». Baina berehala onartu du lagunen zuzenketa. «Ez, ez, ez, laugarrena da!». Claudia Christensen Garcia AEBetakoa da. Ana Terra, Brasilgoa. Elkarrekin joan dira Arriaga antzokira. «Oso festa onak dira», ebatzi du Christesen Garciak: «Denetarik dago: giroa, musika eta, noski, Marijaia». Bereziki gustuko dute festetako lehen eguna. «Egunek aurrera egin ahala txiza usain handiagoa izaten da».

Eta detaile poetiko bat: suziria jaurti baino ordu pare bat lehenago, Santiagoko plazan, musika aukeraketa bitxia egin duen saxofoi jotzailearena, The Beatles taldearen Yesterday melankoniatsua jotzen, erabat etorkizunerantz lerratutako hiriaren bihotzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA